Familia ondareak kudeatzeko bulego bat izango da Realaren babesle nagusia hurrengo hiru urteetan

Babesle berriaren ikurra elastikoen aurrealdean eta Anoetako eta Zubietako zenbait gunetan egongo da ikusgai. Jokin Aperribai Realeko presidenteak esan du akordioaz «pozik» daudela.

Realeko jokalariak, Jokin Aperribai presidentea eta Baghdadi Capitaleko zuzendari Baihas Baghdadi, elastikoarekin, gaur Anoetako aurkezpenean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Realeko jokalariak, Jokin Aperribai presidentea eta Baghdadi Capitaleko zuzendari Baihas Baghdadi, elastikoarekin, gaur Anoetako aurkezpenean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2025eko abuztuaren 14a
18:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Familia ondareak kudeatzeko bulego batek babestuko du Reala hurrengo hiru urteetan: Baghdadi Capital. Espainiako enpresa bat da, 2023. urtean sortua, eta enpresaren sortzaile eta zuzendari Baihas Baghdadik 30 urtetik gorako esperientzia du finantzak nazioartekotzeko sektorean. Talde horrek enpresen finantzaketan eta sektore estrategikoetan espezializatutako konpainiak biltzen ditu, «higiezinetan edo inbertsio estrategiko selektiboetan, errentagarritasunean eta gizarte konpromisoan oinarrituta».

Realak aipatu du pauso bat eman nahi izan dutela «nazioarteratzeko estrategian», eta, horrekin batera, enpresa eta finantza munduko aktore garrantzitsuenekin «bateratze sarea» zabaltzea dela helburua. Jokin Aperribai Realeko presidenteak akordioaren garrantziaz hitz egin du: «Oso pozik gaude akordio berri honetaz, eta eskerrak eman nahi dizkiogu Baghdadi Capitali. Ikuspegi berri honek aukera emango digu lehiakorragoak izateko arlo guztietan eta batez ere nazioartean». Baihas Baghdadi enpresako presidente exekutiboa, berriz, Realarekin eduki nahi duen harremanaz mintzatu da: «Enpresarentzat, kirola konpainia gisa definitzen gaituzten balioen isla da: etengabeko lana, diziplina, erresilientzia eta epe luzerako ikuspegia. Reala babestea ohorea da, baina baita erantzukizuna ere: erakunde eredugarri bati laguntzea etorkizunerako bidean, elkarrenganako errespetuan eta bikaintasunarekiko konpromiso partekatuan oinarritutako harremanetik abiatuta».

Eragiketa finkatuak zenbait herrialdetan

Espainian, AEBetan, Erresuma Batuan eta Irlandan eragiketa finkatuak ditu enpresak, eta 2000 milioi euroren aktiboak kudeatzen ditu. Realaren arabera, «enpresak finantzaketa irtenbide malguak eskaintzen ditu, enpresa bakoitzaren beharretara egokituak, eragiketak estaltzeko, inbertsioak bultzatzeko eta hazkunde iraunkorra indartzeko berehalako likidezia emanez».

Akordioaren aurkezpenean, taldearen nondik norakoaz ere mintzatu da Aperribai. Hilabete amaieran itxiko da merkatua, eta ikusmina dago klubak fitxaketaren bat egingo duen. Argitzeko dago, era berean, zer jokalarik utziko duten taldea. «Aukera baldin badago fitxaketaren bat egiteko, egingo dugu. Baina litekeena da ez egitea». Oraingoz, Duje Caleta Car eta Gonçalo Guedes fitxatu ditu talde txuri-urdinak. Carlos Fernandezen, Umar Sadiqen, Alvaro Odriozolaren, Hamari Traoreren eta Javi Lopez etorkizuna, berriz, airean dago: «Ez naiz izenak aipatzen hasiko. Esan dezakedana zera da: jokalari batzuk beste klub batzuekin hitz egiten ari direla». Momentuz, zera aurreratu du: «Bihar zehaztuko dugu, baina, ziurrenik, libre utziko ditugu dortsal batzuk abuztu amaiera arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.