Futbola. Europako Ligako finala: Atletico Madril-Athletic

Baikor izateko arrazoiak daude

Athletic barrutik ezagutu duten bost entrenatzailek gaurko finalari buruzko iritzia eman dute. Itxaropentsu daudela aitortu dute bostek, Bilboko taldeak Europako Ligan eman duelako irudirik onena.

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Gehienak etxetik, eta bakarra Bukarestetik, baina gaur adi-adi egongo dira finala ikusten. Ilusioz daude, baikorrak izateko arrazoiak ikusten dituztelako. Nagusia: Athleticek Europako Ligan eman du mailarik onena; eta sentimentala: Europak titulu bat zor dio Bilbori.

GALDERAK

1. Nolakoa iruditu zaizu Athleticek Europako Ligan eginiko ibilbidea? Ezustekoa izan al da finalera iristea?

2. Zer egin beharko luke Athleticek finala irabazteko? Non egon daiteke gakoa?

3. Non ikusiko duzu finala? Zale ala teknikari moduan?

4. Finalerako emaitza bat?

JAVIER CLEMENTE

1981-86, 1990-91 eta 2005-06ko sasoiak

«Finalera iristea ez da ustekabekoa izan niretzat»

1. Lan bikaina egin du, bereziki Manchesterren aurka. Jokoa goratu behar da, are gehiago Europako Ligan, Espainiako Ligan baino distira gehiago izan duelako. Finalera iritsi izana ez da ustekabekoa niretzat, Athleticek euren selekzioekin aritzeko moduko bederatzi jokalari dituelako. Talde bikaina du, eta, halakoetan, anbizioa beharrezkoa da; horregatik diot finalera iristea ez dela ustekabekoa izan.

2. Europako Ligako finala Espainiako Kopakoa baino eskurago du, Atletico talde zaila den arren. Ikusi behar da Athleticek Ligako edo Europako Ligako jokoa egiten duen. Athleticek abantaila du, Atletico Madrilek erregulartasun gutxi duelako eta gabezia nagusia atzeko lerroan. Dena den, gola erraz egiten duten jokalariak ere baditu, Falcao esaterako.

3. Etxean ikusiko dut; ez noa Bukarestera, lanean ari naizelako, Gijonen. Finala zale moduan ikusiko dut, teknikari moduan bainoago; zale lasai baten moduan. Dena den, beti izaten dut jokoa aztertzeko joera.

4. Pronostikorik ezin dut eman, buruarekin bainoago bihotzarekin emango dudalako. Nik Athleticek irabaztea nahi dut, baina ez da erraza izango.

JOSE LUIS MENDILIBAR

2005-06ko denboraldia

«Epailea garrantzitsua izango da, Atletico Madril trebea baita falta gogorrak ondo egiten»

1. Meritu handia dauka lortu duenak. Europako Ligan talde handiak egon dira, eta merezita iritsi da finalera. Partidarik gaitzena Manchesterren aurkakoa izango zela zirudien, eta hura atera zuen errazen Athleticek. Gero, Sporting Lisboak izen apalagoa zuela zirudien, eta oso estu hartu zuen.

2. Ez da erraza Atletico Madrili irabaztea, guri [egun Osasunako entrenatzaile da] duela gutxi 0-1 irabazi ziguten. Talde oso bizia da, eta defentsan beti daude gainean. Gainera, faltak egiten ere trebeak dira; gogorrak ondo egiten dituzte. Garrantzitsua izango da epailearen irizpidea eta joko hori eragozten duen ala ez.

3. Iruñean, etxean. Nik zale moduan ikusiko dut partida; futbolzalea naiz, eta gozatuz. Ez naiz egongo boligrafo eta papertxoarekin.

4. Ez naiz ausartzen. Final bat zaila da aurreikusten, eta galtzea, gogorra. Txapeldunorde izatea da gogorrena, azken partida galtzen duzulako. Gogorra da txapelketa osoan lan ona egin ondoren jokalariak burumakur ikustea.

JAVIER IRURETA

1994-95eko denboraldia

«Erabakigarria izango da Athletic ate aurrean eraginkorra den ala ez»

1. Ibilbide oso positiboa izan da, kanporaketak pasatu ahala taldea hazten joan delako. Konfiantza hartzen joan da. Lehen multzoan lehen postua lortu bazuen ere, kanporaketetan ikusi da taldea zer egiteko gai den, Manchester eta Schalkeren aurka bereziki. Ezusteko erlatiboa izan da, agian hasieran ez zelako espero finalera iristerik, baina apurka hautagai sendo bilakatu da.

2. Gol bat gehiago sartu. Athleticek bere estiloari eutsi behar dio, eta erabakigarria izango da ate aurrean eraginkorra den ala ez. Atletico Madrilek, berriz, jende eskarmentuduna du, talentu asko erasoan eta aurrelari arriskutsuak: Falcao, Adrian, Turan… Atzean agian ez da hain sendoa, baina ondo ixten ditu espazioak, eta min handia egiten du kontraerasoan. Haren zaleek kontraerasoa maite dute, eta Simeonek oso ondo gidatzen du.

3. Hainbat irratitatik jaso ditut eskaintzak, eta ez dakit non ikusiko dudan. Bukarestera joateko eskaintza ere jaso dut, baina askotan egondakoa naiz han, eta ez dut uste joango naizenik. Nik halako partidak modu objektiboan ikusten ditut; halakoak gara entrenatzaileak, ea zeinek hobeto jokatzen duen. Bi taldeei diet estimu handia.

4. Partida parekatua izango da, hori da pronostikoa. Eta golak egongo direla. Athleticek ez du atzera egiten, eta Atletico Madrilek lehen gola sartuta ere kontraerasoa bilatzen jarraituko du.

IÑAKI SAEZ

1991-92ko denboraldia

«Manchester kanporatutakoan jokalariak hazi egin ziren»

1. Bikaina, Athleticek Europako Ligan egin duelako bere jokorik onena. Europan talde indartsu baten irudia eman du, eta estatistika eta bozketek irudi hori berretsi dute. Egun munduko taldeen zerrendan zortzigarren badago, zerbaitegatik dago. Manchester kanporatu zutenean jokalariak hazi egin zirela iruditzen zait; teorian zu baino indartsuagoa den talde bat kanporatutakoan puztu egiten zara, eta hark konfiantza ikaragarria eman zien.

2.Athleticek edozein talderen aurka bezala jokatuko du, erasoan, eta erabaki zuzena da. Bere jokoa du, eta horri fidel izan behar zaio, aurkariarengan pentsatu gabe. Urte osoan jarraitu dugunok zalantza izan dugu partida bukaeretara nola iritsiko zen, ahalegin fisikoaren ondorioz, baina ondo eutsi izan dio. Eta, Atletico Madrili dagokionez, erasoan dituen jokalariek arduratzen naute, eta Europan maila ona eman duela.

3. Etxean ikusiko dut; kanpoan nago, justu 9an itzuliko naiz Bilbora. Hori bai, Espainiako Kopako finala zuzenean ikusiko dut; bi finalak pasioz biziko ditut, Athleticeko kide ohi naizen aldetik.

4. Nik uste dut Athleticek ez duela kale egingo eta poza emango digula. Beti suerta daiteke egun txarra izatea, baina %80 edo %90ean uste dut irabaziko duela.

ANDONI GOIKOETXEA

Hamabi sasoitan jokatu zuen Athleticen

«Atletico Madrileko erdiko atzelariek asko sufritzen dute geldikako jokaldietan»

1. Manchester United kanporatu zuenean utzi zion finalera iristea ustekabekoa izateari. Txapelketa bikaina egin du, eta, horretarako, ez dago aurkarien mailari erreparatzea baino. Orain, lana borobiltzea falta da, zaleen babesean titulua lortzea, eta nik uste dut hala izango dela.

2. Athleticek ez du aurkariarengan pentsatu behar, bere jokoa egin behar du. Jokoak erritmoa izatea behar du, ez dadila gelditu eta erasoak defentsari irabaz diezaiola. Partida bizia bada, aurkaria ito egingo du. Geldikako jokaldiak garrantzitsuak izango dira, eta horiek baliatzen jakin behar du Athleticek, Atletico Madrileko zentralek asko sufritzen dutelako halakoetan. Hori bai, atzean ere erne egon behar dute; Atletico Madril ez da hankamotza, eta oso gutxi behar du gol aukera sortzeko.

3. Bukaresten ikusiko dut, SER irrati kateak gonbidatuta esatari lanetan. Partidak bizi egiten ditut, eta sufrimendua gozamen bilaka dadila espero dut.

4. Emaitzarik ez, baina Athleticek irabazi egingo duela uste dut. Zalekeriarik gabe, eta, besteak beste, Europako titulu bat irabazteko garaia delako. 1977ko UEFAko finalean ni zelaian nintzen, eta galtzea gogorra izan zen. Aurten, irabaztea merezi dute denek: zaleek, jokalariek, taldeak berak…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.