Baionan on egin du asteazkenean Toulonen aurkako garaipenak (20-9). Sasoi honetan etxean hiru aldiz galduta, Jean Daugerren hasi da berriz ere maisu izatenBaiona, Arroxelari eta Touloni jarraian irabazita. Europako Challengean Pratori irabazitako bi lehiak erantsita, bost partida daramatza porrotik gabe.
Lapurdikoak Agen Pro D2 mailatik igo berria den eta mailari eusteko borrokan sartua den taldeari irabazteko asmoz joan ziren atzo Lot et Garonne eskualdera. Toulonen kontra ikusitakoarekin konforme dago Christian Gajan baionarren kirol zuzendaria: «Garaipenak balio handia du. Jokalarien inplikazioaren erakusle da. Gauzak eraikitzen ari gara, eta aitzina goaz».
Zortzi aldaketa
Toulonen aurkako partidarekin gustura egoteko arrazoiak izan arren, asteazkenean izandako borroka latzak kaltea ere ekarri du: «Jokalari batzuk xehatuta daude, hautsita», onartu du Gajanek. Ondorioz, aldaketak egin beste erremediorik ez du izan baionarren kirol zuzendariak. Orotara, zortzi aldaketa izanen dira hasierako hamabostekoan, baina horietarik sei aitzineko lerroan. Asteazkeneko borroka ez da txantxetakoa izan. Hala ere, itxaropentsu dago Gajan: «Zelairatuko ditudan jokalariak balio dutena erakusteko irrikaz daude. Aukera asko ditut hainbat postutan, eta hori luxua da», onartu du Okzitaniako entrenatzaileak.
Ikusi egin beharko da Baionak gaur bolada onari eusten asmatzen duen edo ez. Agen, bere aurkariak, anitz izanen du jokoan. Briverekin eta Arroxelarekin batera jaitsiera postuak saihesteko lehian da. Joan den astean, Tolosa errezibitu zuen etxean, eta galdu ere bai (8-25). Baina Agengoen lehentasuna Baionaren aurkako gaurko partida da. Dudarik gabe, gaur borroka latza izanen du Baionak berriz ere. Borroka horretatik garaile ateraz gero, etorkizunerako gauza handietan pentsatzen hasten ahalko da Lapurdiko taldea.
Baionak bolada onari eutsi nahi dio Agenen
Azken bost partidak jarraian irabazi eta gero, baionarrek etxetik kanpo beste garaipen bat pilatzea dute xede
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu