Igandean Sporting Huelvaren aurka lortutako 4-0eko garaipenak hauspotuta jokatuko du Realak gaur Real Madrilen zelaian (21:00, Dazn). Espainiako taldeak Txapeldunen Ligako partida zuela-eta atzeratutako lehen itzuliko neurketa da. Esanahi handiko hiru puntu dira Natalia Arroyoren taldeak gaur jokoan dituenak.
Batetik, igandeko garaipenari segida emango lioketelako, eta Valentziaren eta Granadillaren ostean taldeak behar zuen halako bultzada bat; eta, bestetik, irabazita aldea murriztuko duelako Txapeldunen Ligako postuetara heltzeko. Txuri-urdinak seigarren postuan daude sailkapenean, 25 punturekin. Real Madril hirugarren dago, 40 punturekin. Hain zuzen ere, hirugarren postu hori da Txapeldunen Liga jokatzeko modua ematen duen azken postua.
Gaurko neurketari begira jarri aurretik, igandekoari egin zion errepasoa Arroyok atzo: «Garrantzitsua zen irabaztea; batetik, helburua beti delako batzea, eta, bestetik, balio izan digulako berresteko eta ikusteko, nekea izanda ere, gai garela hazten segitzeko, eta partidak ondo bukatzeko». Izan ere, urtarrilean oso egutegi betea izan dute txuri-urdinek. «Oso aberasgarria izan da, eta uste dut asmatu dugula minutuen kudeaketan».
Gaurkoari begira, baikor da. «Valdebebasen irabaz dezakegula sinetsita gaude. Horretarako ahalmena dugu: aurreko denboraldian erakutsi genuen. Zenbait partida nagusitasunez irabazi ditu Real Madrilek, kalitate eta ahalmen fisiko handia duelako. Baina beste batzuetan ez da eroso egon».
Uste du espainiarrek presio handiagoa dutela. «Azken batean, haiek dira Txapeldunen Ligako postuetan daudenak. Guk pausoz pauso joan behar dugu». Beste interpretazio bat ere egin zuen: «Txapeldunen Liga ezin da betebehar bat izan. Aurreko sasoikoa ezohikoa eta historikoa izan zen. Baina, hala ere, denboraldi honetan ere ondo ari gara lehiatzen». Arroyo ziur da bigarren itzuli on bat egin dezaketela. Bestalde, Alavesek hiru jokalari fitxatu ditu: Julia Moreira, Esther Laborde eta Ornella Vignola.
Balio handiko partida
Realak atzeratutako liga partida jokatu du gaur Real Madrilen zelaian. Txuri-urdinek segida eman nahi diote igandean lortutako garaipenari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak