Futbola

Baloia are gehiago puztuko da

Gaur hasiko da aurtengo Munduko Kopa, eta inoiz baino selekzio gehiago ariko dira: 48 guztira. Baliteke horrek bide ematea ezustekoei, baina hautagai nagusiak ohikoak izango dira. Lau selekziok debuta egingo dute, eta hainbat izarrek, berriz, agur esan.

Munduko Kopako baloia. SARAH YENESEL / EFE
Munduko Kopako baloia, eta haren atzean, New Yorkeko ikusmira. SARAH YENESEL / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko ekainaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduko Kopak beti pizten du ikusmin handia. Mistika handiko txapelketa da, eta liluratu egiten ditu mundu zabaleko futbolzaleak; baita horren zale ez direnak ere, herrialde arteko lehiak erakarrita. Bada, aurtengo Munduko Kopa are bereziagoa izango da, aurrenekoz 48 selekzio lehiatuko baitira. Baloia are gehiago puztuko da, alegia. Behar baino gehiago? Askok susmo hori dute.

Txapelketaren formatuan ez ezik, araudian ere berritasunak izango dira, jokalariek ez dezaten nahita denbora galdu. Hainbat izarrek ez dute segundo bakar bat ere galdu nahiko, ziurrenik azken aldiz jokatuko baitute Munduko Kopa. Tartean da Leo Messi. Haren lemapean, Argentina txapeldun bilakatu zen 2022an. Argentinarrek zail izango dute lorpena berritzea, goi mailako aurkari asko izango baitute aurrean. Ezusteko agerraldiak ere izan litezke uztailaren 19an jokatuko den finalerako bidean.

Handiagoa bai, baina hobeagoa?

Txapelketaren testuinguru politiko eta sozialak ez ezik, zelaian ikus daitekeenak ere zalantzak piztu ditu. Atea selekzio gehiagori zabaltzeak aberastu egingo du Munduko Kopa, baina baita debaluatu ere, neurri batean. Selekzioak hamabi multzotan banatuta egongo dira, hau da, orain arte baino lau multzo gehiago izango dira. Adierazle gisa selekzioek FIFAren sailkapenean duten postua erabiliz, agerikoa da jaitsi egin dela multzoen maila. Azken Munduko Kopan, multzorik apaleneko selekzioen batez besteko postua 30.a zen. Bada, aurtengo txapelketan, multzoen erdiek batezbesteko okerragoa izango dute. B multzoa da ahulena: Kanadak, Bosniak, Katarrek eta Suitzak osatuko dute. 42. postua da lauren arteko batezbestekoa. Indartsuena, aldiz, I multzoa izango da; hartan, Frantziak, Senegalek, Norvegiak eta Irakek neurtuko dituzte indarrak, hots, munduko lehenak, hamalaugarrenak, 31.ak eta 57.ak.

Kanporaketetan sartzeko tokiak oso merke egongo dira, hirugarren izatea ere baleko suerta baitaiteke. Hori da aurtengo formatuaren berritasun nagusietako beste bat. Hirugarrenen artean, soilik lau geratuko dira kanpoan. Hartara, txapelketa hasiko duten 48 selekzioetatik 32k gaindituko dute lehen galbahea. Multzoen faseak balioa galduko du, baita, beharbada, zirrara ere. Final-hamaseirenetako kanporaketa erantsiko da, eta hala, txapeldunak zortzi partida jokatuko ditu, zazpi jokatu beharrean.  

Betikoak altxorraren bila

Azken finala Argentinak eta Frantziak jokatu zuten, eta biak urrun iristeko esperantzan dira berriro. Argentinak sekulako erronka du esku artean, orain arte soilik bi selekziok berritu baitute lorpena: Italiak 1938an, eta Brasilek 1962an. Historia bera izango du aurkari. Lionel Scaloniren esanetara, ordea, irabazteko makina bilakatu da Argentina; Munduko Kopa irabazteaz gain, bi titulu kateatu ditu Amerikako Kopan. Frantziak, berriz, finala jokatu du Munduko Koparen azken bi aldietan –txapeldun izan zen 2018an–, eta taldeak bolada horri jarraipena eman nahiko dio Didier Deschampsek zuzenduko duen azken aldian.

Espainia ere oso aintzat hartu beharreko hautagaia izango da: talde orekatu bezain distiratsua dauka, eta 2024ko Eurokopa irabazita helduko dio aurtengo lehiari. Ingalaterra menderatu zuen finalean, eta hain justu, hiru lehoien selekzioa ere faboritoen zerrendan dago. Hautsak harrotu ditu Thomas Tuchel hautatzailearen zerrendak: kanpoan geratu dira, besteak beste, Cole Palmer, Phil Foden eta Trent Alexander-Arnold. Portugalek, bestalde, talde ikusgarria eraman du ozeanoaren beste aldera. Munduko zelai erdirik onena du gaur egun. Brasilen indargunea, berriz, erdiko atzelarien sendotasuna eta aurreko jokalarien talentua da. 24 urte igaro dira azkenekoz garaikurra altxatu zuenetik; bada, hainbeste itxaron zuen azken aldian, AEBetan eten zuen idortea —1994an, hain zuzen—. Alemaniak, berriz, 2022ko arantza atera nahiko du; ez zen kanporaketetara iritsi. Italiak ez du parte hartuko, azken bi aldietan gertatu bezala.

Ameslari ugari eta lau hasiberri

Formatu berriaren eraginez, oso zaila izango da selekziorik indartsuenek multzoen fasean estropezu egitea. Haatik, beste kanporaketa bat jokatzeak beste oztopo bat gainditu behar izatea dakar, eta hortaz, handiagoa da kale egiteko arriskua hautagai nagusientzat. Modu berean, ezustekoa eman nahian ariko dira selekzio asko. Europarren artean, litekeena da Suitzak, Turkiak eta Norvegiak zeresana ematea. Kroazia urrun iristea, agian, ezin daiteke ustekabetzat jo, bigarren izan baitzen 2018an, eta hirugarren 2022an. Gauza bera esan daiteke Marokoren inguruan. Urrutien iritsi den Afrikako selekzioa da: Qatarren, final-aurrekoak jokatu zituen. Aurten bulegoetan irabazi du Afrikako Kopa, zelaian Senegalen aurka galdu ondoren. Bada, Senegal bera ere aurkari deserosoa izango da faborito nagusientzat. Afrikako hamar talde ariko dira guztira, 2022an baino bi bider gehiago. Asiako Konfederazioa, berriz, bederatzi selekziok ordezkatuko dute, eta Japonia eta Hego Korea dira denetan indartsuenak.

Funtsezkoa izango da zelai amerikarrei eta beroari neurria hartzea, eta alde horretatik, abantaila dute Hego Amerikako taldeek: azken Amerika Kopa AEBetan jokatu zuten. Uruguai gorabeheratsu dabil Marcelo Bielsarekin, baina aintzat hartu beharreko selekzioa da, Ekuador eta Kolonbia bezalaxe. Bestalde, lau selekziok jokatuko dute aurrenekoz Munduko Kopa: Jordaniak, Cabo Verdek, Curaçaok eta Uzbekistanek. Lauren ametsa kanporaketetara iristea izango da. Curaçaok du zailen, multzo gogorra egokitu baitzaio.   

Batzuk badoaz, eta beste batzuk badatoz

Izar askok azkenekoz egingo dute dir-dir Munduko Kopa honetan. Oroz gain, bi izen aipatu behar dira: Leo Messi (Argentina) eta Cristiano Ronaldo (Portugal). Bazitekeen azken dantza 2022an izatea, baina beste lau urtez jardun dute ekinean. Haatik, ezinezkoa dirudi 2030eko aldira iristea; Messik 42 urte izango ditu ordurako, eta Ronaldok 44. Aurtengoa seigarren Munduko Kopa izango da bientzat, eta modu horretan, beste marka bat apurtuko dute. Haiekin batera, bada Urrezko Baloia irabazi duen eta Munduko Kopari agur esango dion beste jokalari bat: Luka Modric (Kroazia). Baliteke beste hainbat ikurrek ere azken txapelketa izatea: Neymarrek (Brasil), Kevin De Bruynek (Belgika), Manuel Neuerrek (Alemania), Virgil van Dijkek (Herbehereak), James Rodriguezek (Kolonbia), Son Heung-minek (Hego Korea)…

Txanponaren beste aldean, Munduko Kopan debuta egiteko prest dira Lamine Yamal (Espainia), Erling Haaland (Norvegia), Michael Olise (Frantzia), Florian Wirtz (Alemania) eta Joao Neves (Portugal). Bestalde, Euskal Herriko sei jokalarik parte hartuko dute. Bost Espainiako selekzioarekin ariko dira: Unai Simon, Martin Zubimendi, Mikel Merino, Mikel Oiartzabal eta Nico Williams. Iñaki Williamsek, berriz, Ghanarekin jokatuko du. Aulkietan, Deschamps lapurtarrak eta Julen Lopetegi gipuzkoarrak jardungo dute, lehenak Frantziarekin eta bigarrenak Qatarrekin.

Arau berriak

Jokalariek amarrurik ez erabiltzeko eta denborarik ez galtzeko, zorroztu egingo da araudia. Adibidez, aldaketa bat dagoenean, partida utziko duen jokalariak 10 segundo izango ditu zelaitik ateratzeko. Bestela, ordezko gisa sartzen denak minutu bat itxaron beharko du. Horrez gain, bost segundo izango dira ateko eta alboko sakeak ateratzeko. Berandu ateratzen diren ateko sakeak korner batekin zigortuko dira, eta alboko sakeetan, baloia aurkariari emango zaio. Bestalde, epaileek txartel gorria erakutsi ahalko dute liskar baten erdian jokalari batek ahoa estaltzen badu. VAR-aren erabileran ere bada berritasunik: haren bidez esku hartu ahal izango da jokalari bati bigarren txartel horia erakusten zaionean. Gaizki adierazitako kornerrak ere zuzendu ahalko dira sistema horrekin; baliteke jokoaren erritmoa moteltzea horren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA