Baloia, itsulapiko bihurtua

Bihar goizaldean hasi, eta hilabetez jokatuko da Kluben Arteko Munduko Kopa berria, AEBetan. Saudi Arabiak lagunduta antolatu du FIFAk, eta jokalarien protestei entzungor eginez. Diru sariak garaikurra baino pizgarri handiagoa izango dira klubentzat.

Gianni Infantino FIFAko presidentea, Kluben Arteko Munduko Kopako garaikurrarekin, AEBetan egindako ekitaldi batean. GIORGIO VIERA / EFE
Gianni Infantino FIFAko presidentea, Kluben Arteko Munduko Kopako garaikurrarekin, AEBetan egindako ekitaldi batean. GIORGIO VIERA / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Futbolariek ez zuten nahi, eta zaleek ez zuten behar. Baina azkenean, berea egin du FIFAk, eta egutegian indarka sartu du Kluben Arteko Munduko Kopa berria. Hilabetez jokatuko da, uztailaren 13ra bitarte. 32 parte hartzaile izango ditu, Munduko Kopa tradizionala balitz bezala, baina selekzioen ordez klubak lehiatuko dira —azken lau denboraldietako txapeldun kontinentalak eta konfederazio bakoitzeko sailkapenean postu onena dutenak—. Txapelketa ez da hutsetik sortu, orain arte urtero antolatu baita, baina askoz ere formatu xumeago batekin: zazpi taldek jokatzen zuten, neguan. Alabaina, hori ez zen aski FIFAren presidente Gianni Infantinorentzat. Aspalditik antolatu nahi zuen UEFAren Txapeldunen Ligari begietara begiratu diezaiokeen txapelketa bat. Baloia itsulapiko gisa darabil futboleko agintari nagusiak; ordea, ikusteko dago zenbateraino betetzen duen hilabete honetan. Oraingoz, sarrerak saldu ezinik dabil. 

Tokirik ez egutegian

Sindikatuen salaketa

Eliteko futbolak geroz eta egutegi trinkoagoa du. UEFAk iaz Txapeldunen Liga birmoldatu zuen, partida gehiago joka daitezen. Datorren urteko Munduko Kopan, berriz, 48 selekziok hartuko dute parte; beste hamasei selekzio gehituta, neurketen kopurua 64tik 104ra handituko da. Bilakaera espantsionista horrek, ordea, arriskuan jarri du jokalarien osasuna. Asko dira ahotsa goratu duten futbolari eta entrenatzaileak. FIFAk, halere, entzungor egin die. Txapeldunen Liga amaitu eta bi aste eskasera hasiko da Kluben arteko Munduko Kopa. Tartean, jokalari askok selekzioen partidak jokatu dituzte. Eta txapelketaren ondoren, urrun iristen diren taldeek apenas izango duten denborarik sasoi berria prestatzeko.

Orain arte, udako txapelketak bi urtean behin jokatzen ziren bakarrik. Hemendik aurrera, ordea, soilik lau urtean behin geldituko da futbola opor garaian. Edalontziak gainezka egin du Kluben Arteko Munduko Koparen eraginez, eta Europako futbolari sindikatuek FIFAren aurkako salaketa jarri zuten iaz Europako Batzordean, FIFPro erakundearen eskutik. Baloiak, hala ere, bira egingo du.

Saudi Arabiaren babesa

Telebisten interes falta

Giza eskubideek ez dute Infantino askorik kezkatzen. Sutsuki defendatu zuen Qatarreko Munduko Kopa, estadioak eraikitzean milaka langile hil ziren arren. Qatarren bezala, biztanleen oinarrizko eskubideak urratzen dira Saudi Arabian, baina bertako erregimenarekin harreman estua izanik, Infantinok 2034ko Munduko Kopa eskura eman die saudiarabiarrei. Trukean, FIFAko presidenteak bere apeta ase ahalko du, Kluben Arteko Munduko Kopa berria antolatuta. Ideia aspalditik zerabilen buruan, eta 2021ean egin zuen txapelketa martxan jartzeko lehen saiakera. 24 taldek jokatu behar zuten, eta Saudi Arabiak 25.000 milioi libra —ia 30.000 milioi euro inguru— ordaindu behar zituen lehen lau aldien truke, Sofbank bankuaren bitartez. Koronabirus pandemiaren karietara, bertan behera gelditu zen egitasmo hura.

Gaur egun, FIFAren babesle nagusia Aramco da, Saudi Arabiako petrolio enpresa, eta, berriki jakin denez, PIF Saudi Arabiako funtsak diruz lagunduko du txapelketa berria. Beste lotura bat ere bada, telebista eskubideen salmentarekin zerikusia duena. Infantino ate joka ibili da, baina txapelketa berriak ez du interesik piztu telebista enpresa handien artean. Harik eta DAZN plataforma agertu den arte: 1.000 milioi dolar —870 milioi euro inguru— ordaindu dizkio FIFAri partida guztiak eskaintzeko eskubidearen truke. Joan zen abenduan sinatu zuten akordioa. Ordurako, zurrumurruek zioten Saudi Arabiak kopuru bereko inbertsioa egin zezakeela DAZNen. Ingalaterrako hainbat hedabideren arabera, lotura zuzena egon liteke bi inbertsioen artean.

Diru banaketa elitista

Liga nazionalen kezka

Hasieran zabaldu zenez, parte hartzaile bakoitzak, txapelketa jokatze hutsagatik, 50 milioi euro patrikaratu behar zituen. Ez da hala izango. FIFAk martxoan argitu zuen zenbat diru banatuko duen 32 taldeen artean: 1.000 milioi dolar —870 milioi euro inguru—. Berriz ere kopuru bera. Ordea, banaketa ez da ekitatiboa izango, diru gehien Europako klubek poltsikoratuko baitute. Emaitzak edozein izanik ere, 13 eta 38 milioi dolar —11,3 eta 33,3 milioi euro inguru— artean emango zaizkie; gehien, ahaltsuenei. Beste konfederazioetako taldeek, berriz, kopuru finkoa jasoko dute: 15 milioi dolar —13 miloi euro inguru— Hego Amerikakoek; 9,5 milioi dolar —8,3 milioi euro inguru— Ipar Amerika, Erdialdeko Amerika, Asia eta Afrikakoek; eta 3,5 milioi dolar —3 milioi euro inguru— Ozeaniakoek.

Kopuru horri, talde bakoitzak txapelketako jardunaren truke jasoko duena gehituko zaio. Partidak irabazteak eta kanporaketak gainditzeak sari bera ekarriko die talde guztiei. Orotara 475 milioi dolar —416 milioi euro inguru— banatuko ditu FIFAk emaitzak saritzeko; horietatik 112 milioi dolar —98 milioi euro inguru—, final-aurrekoetan eta finalean. Hala, Europako taldeek txapelketa serio hartzea nahi du FIFAk. Pagotxa izango da klubetako agintarientzat, dirutza jasoko baitute asko jota zazpi lehia jokatzearen truke. Jokalariak, ordea, kezkatuta daude, baita txapelketa nazionalak ere, bertan are desoreka handiagoa sor daitekeelako.

Fitxaketa goiztiarrak

Europarrak faborito

Jokalariak fitxatzeko udako garaia, normalean, uztailaren lehenean hasten da. Haatik, FIFAk ezohiko aukera eman die Munduko Kopako parte hartzaileei: ekainaren 1etik 10era bitartean taldeak indartzeko baimena izan dute. Horrez gain, ekainaren 27tik uztailaren 3ra bitarte ere aldaketak egon daitezke jokalarien zerrendan. Kontratuak ekainaren 30ean bukatzen direnez, hutsuneak betetzeko aukera izango dute taldeek. Era berean, kontratuak txapelketa bukatu arte luzatzeko aukera eman zaie.

Manchester Cityk egin du inbertsiorik handiena —146 milioi euro—, eta Real Madril Xabi Alonsoren agindupean ariko da. Faboritoetako nagusietako bi dira. PSGk eta Interrek ere urrun iritsi beharko lukete, oso nekatuta ez badaude —Txapeldunen Ligako finala jokatu zuten duela bi aste—. Ezuste handia litzateke garaikurra Europakoa ez den klub batek altxatzea. Mirariaren bila ariko dira, besteak beste, Argentinako eta Brasilgo taldeak. Anfitrioien ohorea defendatzeko ardura, batez ere, Leo Messiren Inter Miamik izango du. Bihar goizaldean irekiera partida jokatuko du Egiptoko Al-Ahlyren aurka. Sarreren eskaria hain izan da apala, ezen prezioa ia %90 jaitsi behar izan duen FIFAk. Donald Trumpekin oso harreman ona du Infantinok, baina AEBetako presidentearen migrazio politikak ez dio batere mesederik egingo.

parte hartzaileen zerrenda

  • UEFA (hamabi talde). Chelsea, Real Madril, Manchester City, Bayern Munich, PSG, Inter, Borussia Dortmund, Porto, Atletico Madril, Benfica, Juventus eta Salzburg.
  • CONMEBOL (sei talde). Palmeiras, Flamengo, Fluminense, Botafogo, River Plate eta Boca Juniors.
  • CONCACAF (lau talde). Monterrey, Seattle Sounders, Pachuca eta Los Angeles.
  • AFC (lau talde). Al-Hilal, Urawa Red Diamonds, Al-Ain eta Ulsan Hyundai.
  • CAF (lau talde). Al-Ahly, Wydad Casablanca, Esperance Tunis eta Mamelodi Sundowns.
  • OFC (talde bat). 

    Auckland City.

  • Anfitrioia (talde bat, gonbidatua). Inter Miami.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.