ATHLETIC-REALA DERBIA. Adriana Nanclares. Athleticeko jokalaria

«Baloirik gabe, ezeroso aritzen da Reala, eta hala aritzea lortu behar dugu»

Realetik Athleticera joan zen udan Nanclares, eta gustura dago talde zuri-gorrian. Partida «berezia» izango da harentzat.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Lehen bi partidetan aulkian geratu arren, Adriana Nanclares Athleticeko atezainak (Miranda Ebro, Espainia, 2002) osorik jokatuko ditu hurrengo hirurak. «Hobetzen» jarraitu nahi du zuri-gorriz.

Derbia duzue igandean, Realaren aurka. Partida berezia zuretzat eta taldearentzat, ezta?

Euskal Herria Kopako finalean jokatu genuen jada haien aurka, eta arreta osoa prestakuntzan jarria dugu. Baina derbiak eta aurreko egunak beti izaten dira bereziak, eta gogotsu gaude igandea iritsi, partida jokatu, eta batez ere puntuak hirunaka batzeko. Etxean jokatuko dugu. Orain arte etxean jokatu ditugun bi partidak irabazi egin ditugu, eta bertan talde sendoa garela berretsi nahi dugu. Gainera, irabazita, oro har etxeko lanak ondo eginda utziko ditugu etenaren aurretik.

Zer hoberik aurreko larunbatean Vila-realen aurka galdu zenutela ahazteko, ezta?

Porrot mingarria izan zen, batez ere ez genuelako ondo jokatu. Ez ginen ondo sartu neurketan, eta hirugarren minuturako gola sartu ziguten. Hori garesti ordaintzen da. Baloia alde batetik bestera mugitzea asko kostatu zitzaigun, eta izan genituen aukerak ez genituen baliatu. Hurrengo bi egunak ez ziren errazak izan. Baina ahaztu dugu jada.Talde gaztea gara, eta agian, batzuetan, eskarmentu falta ordaindu dugu. Baina Lehen Mailan esperientzia dugun zenbait jokalari sartu gara taldean, eta, sasoiak aurrera egin ahala, hori ere antzemango da.Oro har ondo lehiatzen ari gara, eta horixe eskatzen digu entrenatzaileak. Atzean apur bat oldarkorrago izatea falta zaigu, eta aurrean eraginkorragoak izatea. Baina uste dut multzo polita dugula.

Nola ikusten duzu Reala?

Denboraldi amaieran jokalari batzuen taldea utzi genuen arren, Realak oso multzo sendoa eta egonkortua dauka. Urte batzuk daramatza entrenatzaile berarekin, eta oso argi du zer-nola jokatzen duen.

Euskal Herria Kopan 4-1 irabazi zenioten. Haiek sufritu egin zuten baloirik gabe. Hori izan daiteke partida irabazteko gakoetako bat?

Hala da. Realari baloia izatea gustatzen zaio, bestela ezeroso aritzen da. Goian presioa egin behar diogu, eta horretan asmatu. Ahalik eta goien lapurtu behar dugu baloia, eta bizkarrean min egin. Gainera, alboetatik egindako erdiraketetan asmatu behar dugu. Atzean, noski, sendo egon behar dugu. Uste dut oraingoan ere irabazteko gai garela, Euskal Herria Kopan egin genuen bezala.

Udan iritsi zineten jokalarien artean, Nahikari Garcia izan da ikusminik handiena sortu duena. Zer moduz ikusten duzu?

Nahikarik asko emango digu, ez bakarrik jokatzeko orduan duen izaeragatik eta zelaian erakusten duen kalitategatik: oso jokalari eta pertsona heldua izateagatik ere bai. Gauza asko bizi izan ditu futbolean. Multzoarentzat garrantzitsua da halako jokalari bat izatea bai zelaian baita zelaitik kanpo ere.

Eta zuk zer diozu Athleticen daramatzazun lehen hilabeteez?

Egia esan, oso gustura eta pozik nago, asteburuero jokatzeko lanean. Oso erraz egokitu naiz. Ederra da aldagela partekatzea.

Aldaketa handia antzeman duzu Realetik Athleticera?

Aldaketa antzeman dut, Athleticek bestelako azpiegiturak eta baliabideak eskaintzen dizkigulako. Oso ondo zaintzen gaituzte. Ezin dugu askoz gehiago eskatu. Dena daukagu. Hemen gosaltzen dugu, egoitzan logelak ditugu atseden hartzeko sasoi bikoitza dugunean... Asko dut eskertzeko, eta hori aprobetxatu nahi dut hobetzen jarraitzeko.

Lehen bi partidetan aulkian geratu zinen, eta Mariasun Quiñonesek jokatu zuen. Nola bizi izan zenuen hori?

Lasai. Bai Mariasun bai ni oso ondo ari gara entrenatzen. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta horrek asko laguntzen du. Jokatzen duenak jokatzen duela, ondo merezita izango da. Sentipen onak nituen, eta argi nuen bide horretatik lanean jarraituz gero iritsiko zitzaidala aukera. Bion arteko lehia horrek mesede egingo dio taldeari.

Eta zelaian zer moduz? Izan ere, atezainek gero eta garrantzi handiagoa duzue taldeen jokoan, batez ere baloi irteeran, eta Athleticek eta Realak desberdin jokatzen dute.

Athleticek zuzenago jokatzen du, baina ni eroso eta gustura aritu naiz. Uste dut partidak onak izan direla, eta pozik nago.

Atezainekin lan egiteko modua desberdina da?

Entrenatzaile multzo bakoitzak bere modua du lan egiteko eta entrenatzeko. Realean, adibidez, modu teknikoagoan lan egiten genuen. Hemen ere hala egiten dugu, baina arlo fisikoa lantzeko ariketa asko egiten ditugu. Lan horri esker fisikoki aurrerapauso bat emango dudala uste dut. Lehen asteetan arraroa egin zitzaidan, baina uste dut atezain hobea izaten lagunduko didala.

Zer helburu bete nahi zenuen Athleticera joanda?

Edozein jokalarik taldez aldatzen duenean, hobetzen jarraitzea du buruan. Aldaketa hori behar nuen, eta uste dut leku aproposa eta ona dela horretarako.

Zaila izan zen erabakia hartzea?

Bai, beti esaten dut arratsalde batean baino gehiagotan negar egin nuela erabakia hartu aurretik. Reala nire etxea zen, eta Donostia nire hiria. Zaila izan zen, Realean oso gustura bainengoen, eta pena handia eman zidan. Baina pentsatu nuen etorkizunari begira aldatzea zela egokiena niretzat. Halako erabaki bat onerako izango delakoan hartzen duzu.

Gehiago jokatu nahi zenuen? Izan ere, aurreko sasoian askotan txandaka aritu zineten Elene Lete eta zu Realaren atea zaintzen.

Jokatzeko aukera irabazi egin behar da. Talde berri batera joate hutsagatik ez duzu gehiago jokatuko. Beste gauza batzuk ere nahi nituen: metodologia aldatu, beste taldekide batzuekin lan egin...

Taldekide ohiekin trukatu duzu mezurik aste honetan?

Aste honetan zehazki ez. Baina asko lagunak ditut, eta maiz hitz egiten dugu. Tarteka geratu ere egiten gara bazkaltzeko. Izarnerekin [Sarasola], Andreiarekin [Jacinto], Olatzekin [Santana], Amaiurrekin [Sarriegi] eta [Alejandra] Bernaberekin harreman handia dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.