Liga gaizki hasi bazuen ere, puntuak banan-banan biltzen ari da Athletic azken jardunaldietan, eta sailkapenean gora egiten ari da, zuloa gutxinaka atzean utziz. Atletico Madrilen zelaira egin du bidaia gaur, ligako bigarrenaren etxera, eta puntu bat eraman du Lezamara, partida 88. minutuan berdinduta. Etxeko taldea gailendu da ia partida guztian, baina 86. minutura arte ez du aurreratzea lortu. Garaipenaren gola zirudien arren, handik bi minutura Jone Amezagak markagailua berdindu du, eta denboraldiko laugarren puntua eman dio taldeari.
Realari, berriz, bolada ona zapuztu diote etxean, Tenerifek 1-2 irabazi baitio. Donostiarrak ligan partidarik galdu gabe ziren oraindik gaur arte, baina gaurko partidarekin amaitu egin da joera hori. Hala ere, talde txuri-urdinak hirugarren jarraitzen du sailkapenean. Lehen ordu erdian sartu dituzte gol guztiak: kanariarrak aurreratu dira, 12. minutuan, Sakina Ouzraouiren gol bati esker, eta handik hamar minutura 0-2koa egin du Natalia Ramosek, penaltiz. 35. minutuan egin du Edna Imadek Realaren gola, baina hurrengo 60 minutuetan ez du lortu markagailua berdintzea.
Eibarrek Bartzelona hartu du etxean, munduko talderik onena, eta galdu egin dute armaginek, 0-4. Athleticek bezala, lau puntu ditu Eibarrek sailkapenean, eta jaitsiera postuetatik gertu dago.