Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Astillero

Banderak begiz jota

Oso talde indartsua dauka Astillerok, eta San Miguel ligako goiko muturrean ibiltzeko hautagai sendoa daOhorezko txandan egonkortu nahi du, irabazteko aukerak ugariagoak direlako

Astilleroko trainerua, iaz, Kontxako Banderako lehen jardunaldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela sei urte urrundu zen Astillero elitetik, eta iaz itzuli. 2005 hartan eta aurreko urteetan, makina bat estropada irabazi zuen. Gero, zuloan sartuta egon behar izan zuen. Aurreko denboraldian, apal antzean itzuli zen, baina bandera bat irabazteko gai izan zen San Miguel ligan. Aurten, gehiago nahi dute. Trapuz bete nahi dute kluba, eta ez dira ezkutatu. Talde indartsuenetako bat direla uste dute.

Hori esateko oinarriak sendoak dira. Batetik, iazko taldeari ia osorik eustea. Hutsune batzuk kenduta, aurreko denboraldiko arraunlari berak joango dira San Jose XII.aren tostetan. Eta hori lan asko aurreratuta edukitzea da. Jon Salsamendi entrenatzaileak ez dauka taldea osatzen ibili beharrik, egina duelako zeregin hori iaztik. Bigarrenik, talde horren beraren esperientzia dago. Iazko jarduna gehitu behar zaio, eta horrek balio handia dauka. Hirugarrenik, kanpotik ekarri dituzten arraunlarien maila dago. Lehen ere indartsua bazen, gehiago sendotu dute taldea. Osagai horiek denak tostetan sartu, eta ez da harritzekoa banderak irabazteko lehian ikustea beren burua.

Kanpotik begiratzen dietenek ere lehia horretan ikusten dituzte Astillerokoak. Zerbaitegatik izango da. Iaz ez zen halakorik aipatzen Salsamendiren kuadrillaz, igo berria zelako eta inork ez zekielako nola ibiliko ziren. Baina aurten aldatu egin da kontua. Denek ikusi dute ontzia ibili egiten dela, denek izan dute ontzi txikietan erakutsi duen nagusitasunaren berri. Eta argi ikusten dute ligako oilarretako bat dela Astillero.

Iazkoa hobetzeko gai direla erakutsi dute, eta iazkoa hobetzea goian maiztasunez kokatzea da. Izan ere, aurreko urteko ligan, zazpi bider sailkatu ziren aurreneko bosten artean, eta zortzigarren postutik atzera lau bider geratu ziren. Lehen bosten artean sartu ziren estropada horietan, hirutan hiru aurrenen artean izan ziren, eta bandera bat ere lortu zuten. Denboraldia biribiltzeko, Kontxako banderan sartu ziren, eta ondo aritu ziren.

Zenbakiak hor daude, eta, beraiek dioten bezala, zenbaki horiek maizago erdietsi nahi dituzte. Ohorezko txandan egonkortzeko irrikaz daude; ez dute txanda batetik bestera ibili nahi. Badakite hor goian sartuz gero banderak irabazteko aukerak ugaritu egiten direla. Aurtengo oilarretako bat da Astillero, eta, irabazten baldin badu, egun horretan inork ez du esango ezusteko garaipena izan denik. Begiz jota dauzka banderak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.