Pamir mendien gainetik zihoazela izan zuen MI-8 helikopteroak istripua, atzo eguerdian. Orotara, hemezortzi pertsona zihoazen airekoan, eta, lehen datuen arabera, bost lagun hil dira: Errusiako bi mendizale eta eskifaiako hiru kide, hirurak Tajikistangoak.
Ordea, taldean bazen euskal herritar bat ere, Barakaldokoa. Familiaren arabera, erietxe militar batera eraman dutela jakinarazi diete, baina informazio gehiagorik eman gabe.
Ismail Samani mendira igotzea zen taldearen asmoa. Baina, eguraldi txarraren ondorioz, erori egin zen airekoa. Erreskate taldeek ere 24 ordu baino gehiago behar izan dituzte istripua izan den tokira heltzeko.