Gola: 0-1: Oiartzabalek (21. min.).
Realak gol bakarra sartu izana sinestezina da. Kostako zaie txuri-urdinei Las Palmasen aurkako partidan adina aukera izatea berriz. Realak hogei aldiz jaurti du atera, horietatik hamar hiru zutoinen artean, eta hala ere gol bakarra sartu du, Oiartzabalek, lehen zatian. Imanol Alguacil entrenatzaile postuan jasi zenetik ez du golik jaso eta zazpi puntu lortu ditu.
Sei jardunaldi falta dira liga bukatzeko eta Realak zazpi puntura du zazpigarren postua, Europarako txartela ematen duen azkena. Oso zaila da lortzea, baina azken hiru jardunaldietan emaniko maila ikusita, pentsatzekoa da txuri-urdinek azken txanpa ona egingo dutela. Iritzi subjektiboa baino gehiago da, Las Palmasen zelaian oso nagusi izan delako.
Oso nagusi bai, baina eraginkor ez, hor izan zuelako hutsunea. Realak gol aukera pila izan ditu, bi zatietan, oso erraz iritsi da areara: erditik, hegaletatik... Baina hor ez du asmatu. Askotan Chichizola geldiketa onak egin dituelako. Atezaina izan zen etxekoen onena. Denak gelditu zituen, bat izan ezik (22. min). Oiartzabalek Illarramendiren pase neurtua baliatu du, hura buruz kontrolatu, arean sartu, eta baloia sareetara bidaltzeko. Topikoak dio barkatzen duenak galdu egiten duela, ez da hala izan, baina txuri-urdinek behar baino gehiago sufritu dute Las Palmasek azken minutuetan izandako aukerekin.