Barrenetxea, doinu librean

«Joko tradizionala» saihesten saiatuko da larunbateko finalean, Urrizari ezustekoa emateko

Endika Barrenetxea pilotak aukeratzen, Javier Urrizaren begiradapean, atzo, Galarretan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Hernani
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Javier Urriza (Iruñea, 1981) ia garaiezina da buruz buru, eta Endika Barrenetxeak badaki (Hernani, Gipuzkoa, 1990). Larunbatean elkarren aurka jokatuko dute, buruz buruko Kutxabank erremonte txapelketako finalean, eta iruindarra da faborito garbi urteko partida garrantzitsuenean. Urrizak bere ibilbideko zortzigarren finala du, eta zazpigarren txapelaren bila ariko da. Barrenetxeak, berriz, bigarren finala du, eta ez du txapelik. 2016an jokatu zuen aurrekoa, eta 30-21 galdu zuen Urrizaren aurka.

Txapel bilduma, baina, ez da Urrizaren faborito izaeraren argudio bakarra. Aurtengo txapelketan hiru partida jokatu ditu, eta hirurak alde handiz irabazi ditu: 30-18 Ansa II.ari; 30-22 Endikari; eta 30-20 Barrenetxeari. Azken partida horrek, baina, asko irakatsi zion Barrenetxeari. Hala onartu zuen berak atzo, finalerako pilota aukeraketan —ez zen arazorik egon eta biek aurkitu zituzten gustuko pilotak— «Konturatu naiz joko tradizionala eginez gero bera gehiago sartzen dela jokoan. Zabaletik sakatu, aurrean itxaron... Lau edo bost tanto jokatu bezain laster, bera eroso hasten da. Hori eragotzi behar dut nik».

Eta hori nola lortzen da? Barrenetxea pilotari «metodikoa» da, eta ondo pentsatua du Urrizari ezustekoa emateko estrategia: «Bere aurka jokatzeko gauzak aldatu behar ditut. Finalerdietan ez zidan nahi beste fruitu eman, baina bere buruan hazi bat sartzen saiatu nintzen, eta finalean loratzea nahiko nuke. Zalantza sortu nahi diot: finaleko egunean edozein tokitatik ager naitekeela. Lau sake ezberdin egiteko kapaza naizela erakutsi nion, errekurtso berriak ditudala... beldur hori sartzen saiatu nintzen».

Urrizak, baina, badaki aurkaria hori egiteko kapaza dela. «Endikak asko arriskatzen du. Sakea aldatzen eta berehala ausartzen da dejada edo horma-bikoekin. Joko deserosoa da berea; boladakako partidak izaten dira. Beraz, nire boladak bereak baino luzeagoak izan daitezen saiatu behar dut». Hori lortzeko gakoa zein den ere argi du: «Sakea. Nire sakearekin berak berearekin adina min egitea da nire helburua».

Urrizak 38 urte ditu, eta txapelketako parte hartzailerik zaharrena da. Binakako jokoan gazteak iritsi dira haren mailara, baina buruz buru oraindik antzematen da aldea. «Onena emateak itsutzen nau. Hori eman eta gero aurkariak irabazten badu, zoriondu baino ez dut izango». Buruz buruko txapel gehien irabazi duen bigarren pilotaria da, eta, larunbatean berriz janzten badu, lau faltako zaizkio Koteto Ezkurra harrapatzeko.

Urrizak eskarmentua du alde, baina, dioenez, ezinezkoa da finalak jokatzera ohitzea. «Hobeto kudeatzen ikasten duzu, baina hasieran beti zaude lotuta. Hasieran aurretik jartzen denak asko izango du irabazita larunbatean». Barrenetxeak ibilbide motzagoa du, baina, aukeraketan onartu zuenez, duela hiru urte finala jokatu zuenean baino prestatuago ikusten du bere burua: «Orduan, neure burua handien aurka ikusi eta txiki sentitzen nintzen. 'Zer egiten du nik hemen?', 'Hau nire tokia al da?', eta halakoak pentsatzen nituen. Orain ezberdina da, orain 'ni ez naiz hemendik kanpo egon behar' pentsatzen dut».

Hiru urte hauek, izan ere, asko zaildu dute Barrenetxea. Zintzo mintzatu zen bere bilakaera pertsonalaz. «Asko aldatu naiz, bai kantxan, eta baita kantxatik kanpo ere. Gaixotasun baten erruz [Crohn hesteetako gaitza izan zuen] hamalau kilo galdu nituen, eta lan handia egin behar izan dut berriz ere hemen egoteko. Arazo handiak izan ditut bidean, eta prozesu horretan neure burua landu dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.