Javier Urrizak eta Endika Barrenetxeak buruz buruko Kutxabank erremonte txapelketako finala jokatuko dute larunbatean. Urriza da faborito garbia. Zortzigarren finala du iruindarrak, eta zazpigarren txapela irabazten saiatuko da. Barrenetxeak, berriz, bigarren finala du, eta inoiz ez da txapeldun izan. Aurrekoa duela hiru arte galdu zuen, Urrizaren aurka (30-21). Aurtengo txapelketari erreparatuz gero, Urrizaren hautagaitza indartzen du. Jokaturiko hiru partidak irabazi ditu, tartean Barrenetxearen aurkako finalerdietakoa (30-20).
Aurrekari horiekin? Posible al da Urrizari irabaztea? Barrenetxeak badaki lan zaila dela, baina ez ezinezkoa; hala azaldu du, behintzat, finalerako pilota aukeraketan. “Finalerdietako partidan ere iritziak aurka neuzkan, eta ezustekoa eman nuen; zergatik ez du berriz ere emango?”. Atzelari hernaniarra erremontista “metodikoa” da; partidak ondo prestatzea gustatzen zaio, eta asko penstatu du finalean: “Bere aurka jokatu dudanean, antzeman diot, joko tradizionala eginez gero, gero eta gehiago jokatu ahala, bera gero eta gehiago sartzen dela jokoan. Lau edo bost jokatu bezain laster, bera hobeto aritzen da. Horregatik ez diot eroso jokatzen utzi behar”. Bai, baina nola? “Jokoa nahastu behar dut, gauzak etengabe aldatu. Finalerdietako partidan ez zidan eman espero nuen jokorik, baina erakutsi nion, esaterako, lau motako sakeak egin ditzakedala. Zalantza hori sortu behar diot buruan, ez dezala jakin nondik aterako natzaion”.
Barrenetxearen asmoa hori da, baina ez du Urriza ezustean harrapatuko. “Haren aurka jokatzea deserosoa da. Sakea aldatzen du, asko arriskatzen du... Boladaka jokatzen du. Nire helburua da nire bolada onak bereak baino luzeagoak izan daitezela”. Urrizak zortzigarren finala du, baina, dioenez, tentsioa nabaritzen du oraindik. “ezinezkoa da finaletara ohitzea”, esan du Galarretan. Beteranoa izan arren, 38 urte ditu, bere burua ondo ikusi du txapelketa osoan, eta pozik dago lehiakorra izan delako. Finaleko gakoa zein izan daitekeen aztertzen hasita, “sakea” nabarmendu du. “Batez ere, Endikarena. Nire sakearekin berak berearekin adinako mina egiten saiatu behar dut”.
Pilota aukeraketan ez da arazorik egon, eta, pilota ezberdinak aukeratu arren, ez dute inolako kexarik izan. Giroari dagokionez, sarrera ona espero da Galarretan. Urteko egunik garrantzitsuena da erremontearentzat.