Zeresan handia eman zuen atzo Abel Barriolaren eta Julen Retegiren arteko partidako pilota aukeraketak. Barriola ez zen batere gustura pilotekin, eta adierazpen gogorrak egin zituen, aukeraketa amaitu zen bezain laster. Retegi Bik hautatu dituen pilotak apalegiak direla uste du, eta bereak ez dira nahi bezain biziak.
Hala ere, leitzarraren haserrea piloten materialak eta hautatzaileen iritzi aldaketak piztu zuen. «Ezin da hala nola iritziz aldatu. Material mota bat ez dela erabiliko erabakitzen bada, ez da inoiz erabili behar; edo, gutxienez, pilotariei aldez aurretik azaldu behar zaie zein materialekin jokatuko duten». Bero zegoen Barriola.
Retegi Bik, berriz, ez zuen arazorik izan piloten hautaketarekin. Bote erdiko bi pilota hartu zituen, eta Barriolarenak egokiak iruditu zitzaizkion. «Pilotak ez dira Labriten erabili genituenak bezain biziak, baina politak dira».
Ez zetozen bat bi pilotarien adierazpenak, eta, denak gustura gelditu ez ziren arren, etzirako pilotak aukeratu dituzte jada. Orain arteko protagonistak pilotak izan dira, baina etzi pilotariek egin behar dute hitz. Behin partida hastean pilotek ezin dute izan aitzakia. Finalerdietako ligaxkara iristen ez denak badaki bere hutsa dela, ez hautatzaileena.
Gaur, bi partida
Barriolak eta Retegi Bik etzi jokatuko dute. Partida horren aurretik, baina, hiru kanporaketa jokatuko dituzte: gaur bi, eta bihar bat. Gaur, txapeldunak egingo du debuta; Sebastian Gonzalezek, hain zuzen ere. Azkaineko aurrelariak Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatuko du Larraintzarren (Nafarroa). Gonzalezek uda txarra egin zuen, baina ordutik, gora egin du. Hala ere, tentuz ibili beharko du, Urrutikoetxea ederki moldatzen baita kaiolan. Datu bat: Bigarren Mailako lau t'erdiko txapelduna izan zen iaz. Aitor Zubieta (22-12) eta Iñigo Diaz (22-21) kanporatu ditu, eta orain gauza bera egin nahi du Gonzalezekin.
Partida horrek baino pronostiko argiagoa du gaur Lizarran (Nafarroa) jokatuko denak. Juan Martinez de Irujo eta Patxi Ruiz izango dira aurrez aurre. Ruiz txukun aritu da orain arte -Mikel Olaetxea (22-20) eta Aritz Lasa (22-18) kanporatu ditu-, baina Irujo koska bat gorago dago, eta ustekabeko galanta litzateke Iberoko aurrelaria finalerdietako ligaxkarako ez sailkatzea. Iaz finalean ezustean Gonzalezen aurka galdu ondoren, Irujok begiz jota du Lau t'erdikoa.
Barriola, haserre materialarekin
Hautatzaileek piloten materialarekin dituzten «irizpide aldaketez» kexatu da Leitzako atzelaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu