Bartzelona 4-0 Athletic

Athleticek aurkariari erraztasunak emanda galdu du Bartzelonan

Talde zuri-gorria oso bigun aritu da atzean, eta etxekoak ederki baliatu dira horretaz. Tarte batzuetan nortasuna eta jarrera falta izan zaizkie zuri-gorriei. Oihan Sanceti txartel gorria atera dio epaileak, Fermini ostiko gogor bat emateagatik.

Epailea Oihan Sanceti txartel gorria ateratzen. SIU WU / EFE
Epailea Oihan Sanceti txartel gorria ateratzen. SIU WU / EFE
jon eskudero
2025eko azaroaren 22a
18:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da gauza bera galtzea, eta kontrarioari erraztasunak emanda galtzea. Hala egin du gaur Athleticek Camp Noun: 4-0. Bartzelonari erraztasunak emanez gero, akabo. Estadio berreraikiaren inaugurazio ekitaldian etxeko taldeari festa zapuzteko asmotan zelairatu dira zuri-gorriak, baina ezta gutxiago ere. Besteak beste, Ernesto Valverderen taldeak gutxi jokatu baitu, eta nortasunik eta beharrezko jarrerarik erakutsi ez. Planteamenduan huts egin du Valverdek, eta jokalariek ere ez diote batere lagundu entrenatzaileari. Antzu aritu dira bi areetan, batez ere atzean. Oso bigun ibili da defentsako lerroa, eta Unai Simon atezainaren jarduna kezkagarria da jada. Hala, Athletic burua guztiaz altxatu gabe dabil oraindik ere.

Valverdek osatu duen hasierako hamaikakoak Athleticen zale bat baino gehiago harritu du. Taldeko izarren alde egin du entrenatzaileak, baina Unai Gomez jarri du aurrelari gisa. Beste behin, erabaki hori hartu du, nahiz eta bizpahiru aurrelari eduki deialdian. Apustu hori kontuan hartuta, pentsa zitekeen presioan zorrotz jokatuko zutela zuri-gorriek, baina lo hasi dute partida. Biziago jokatu du Bartzelonak, eta ohartzerako egin du 1-0ekoa. Toki txarrean galdu du baloia Berenguerrek 4. minutuan, eta Lewandowskik ez du barkatu, ongi gainditu baitu Unai Simon. Atezainak askoz gehiago egin zezakeen, baina ez da soilik haren errua izan, jokalari guztiena baizik.

Golari nahiko duin erantzun dio Valverderen taldeak, ez baita atzean sartu. Gutxienez aurkariaren pare jarri da erritmoari dagokionez, eta zelai erdian lehia handia eduki dute bi taldeek. Hori bai, halakoetan gertatu ohi den moduan, kalitatea duen taldeak irabazten du, eta etxekoek aukera eder askoak izan dituzte 2-0ekoa egiteko. Dani Olmok eta Fermin Lopezek huts egin dute behin baino gehiagotan. Lehen ordu erdia igarota, Athleticek behetik gora egin du, eta 36. minutuan egin du lehen jaurtiketa aurkariaren atera. Unai Gomezek ez du asmatu Joan Garcia atezainaren aurrean. Jarraian Unaik berak eta Nico Williamsek izan dituzte aukera gehiago, baina alferrik.

Golak sartzeari dagokionez, gurutze bidea du Athleticek denboraldi honetan. Soilik hamabi gol sartuak ditu ligan. Horregatik, harritzekoa da Valverdek oraindik ere aurrelari petoak aulkian uztea. Zuri-gorriek kosk egitea falta izan dute, ia mehatxurik ez baitute egin aurrean. Dena den, bazirudien soilik gol baten aldearekin joango zirela jokalariak atsedenaldira, baina Bartzelona zorrotz aritu da erasoan. Lehen zatiko azken jokaldian, Ferran Torresek 2-0ekoa egin du, Lamine Yamalen pase dotore bat hartu ondoren.

Sancet, burua galduta

Bigarren gola sekulako kolpea izan da, baina bigarren zatiaren atarian zera aitortu du Jauregizarrek: bazutela itxaropena gutxienez berdinketa lortzeko. Hitzak haizeak eraman ditu, baina. Berriro ere, bizitasuna falta izan dute bilbotarrek. Toki arriskutsuan galdu dute baloia, eta Ferminek ez du huts egin: maisuki sartu du 3-0ekoa. Hori gutxi ez, eta, jarraian, Sancetek burua galdu du jokaldi batean, sekulako ostikoa eman baitio Fermini berari. Nonbait, egoerak gaina hartu dio nafarrari, eta epaileak merezita atera dio txartel gorria. Sanceten jarrerak ez du izan ez hanka eta ez buru, ikusi beharko baita zenbat partidako zigorra bete beharko duen.

Egoeraren jakitun, Valverdek zelaitik kendu ditu jokalari garrantzitsuenak, eta Bartzelonak laugarren gola egin du lehia amaieran. Orain, zuri-gorriek datorren astearteari begira jarri beharko dute, final baten modukoa jokatuko baitute Slavia Pragaren zelaian. Txapeldunen Ligako etorkizuna izango dute jokoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.