Bizia eta ausarta. Halakoxea da zelaian Daniela Agote (Barakaldo, Bizkaia, 2006). Hala erantzun die elkarrizketako galderei baita ere. Lezamako harrobiko harribitxietako bat da, eta dagoeneko lehen taldean egonkortu da. Talde zuri-gorriak, bihar, Bartzelona mendean hartzeko nola jokatu behar duen azaldu du: «Halako taldeen aurka ezinbestekoa da lerroak oso batuta egotea eta defentsan sendo jardutea, baita erasoan dituzun aukera apurrak aprobetxatzea ere».
Urritik zeneramaten galdu gabe, baina igandean 5-0 gailendu zitzaizuen Tenerife. Nola zaudete?
Porrot gogorra eta mingarria izan zen, uste baitut ez genuela hainbeste golen aldeaz galtzea merezi. Onena zera da: asteazkenean [bihar] beste partida bat dugula, eta arreta horretan jarri behar dugula. Gainera, beste txapelketa bat da: Superkopa. Teneriferen aurka galdu arren, uste dut denboraldiko garairik onenean gaudela. Bartzelonaren aurka jokatuko dugu, munduko talde onenetako baten kontra, eta badakigu zaila izango dela haiek mendean hartzea. Baina gogotsu eta ilusioz gaude.
Zer egin behar duzue halako talde bati irabazteko?
Halako taldeen aurka ezinbestekoa da lerroak oso batuta egotea eta defentsan sendo jardutea, baita erasoan dituzun aukera apurrak aprobetxatzea ere. Fisikoki ahalegin handia egin beharko dugu, haiek erritmo bizian jokatzen baitute. Baina taldea prest eta ondo dago halako ahalegin bat egiteko. Aulkiko jokalarien ekarpena funtsezkoa izango da horretarako. Baina horren guztiaren gainetik Bartzelona kanporatzeko gai garela sinetsi behar dugu.
Duela astebete Real Madrili irabazi zenioten bere zelaian. Hori da bidea?
Bai. Garaipen handia lortu genuen. Ondo eutsi genion atzean, eta gure aukera baliatu genuen. Gainera, Olatzek [Santana] gelditu bikainak egin zituen. Halako talde bati irabazteko gai garela erakutsi genuen, eta horrek konfiantza eta indarra eman behar digu Bartzelonaren aurkako finalerdiari heltzeko.
Bartzelonan Aitana Bonmati faltako da, eta Patri Guijarro ere berriki itzuli da lesio larri bat izan eta gero. Zertan eragin diezaieke horrek?
Ezertan ez. Izan ere, erakutsi dute zertarako gai diren. Harrobiko jokalariak aritu dira haien tokian, eta sekulako jokalariak direla erakutsi dute. Niretzat munduko talderik onena da.
Denboraldiari erreparatuta, urrira bitarte ez zenuten partidarik galdu. Baina ondoren gora egin duzue nabarmen. Zer aldatu da?
Egia da denboraldi hasiera ez zela ona izan, batez ere emaitzei erreparatuz gero. Gainontzean gu ondo ari ginen lanean, eta alde horretatik lasai geunden. Javik ere [Lerga, entrenatzailea] lasai egoteko esan zigun. Azken batean bolada kontua izan zen, eta futbolean gertatzen dira halakoak. Bolada txarra denean, zortea ere ez duzu alde izaten: gola sartzeko aukera argia izanda ere huts egiten dituzu, VAR-ean hartzen diren erabakiak ez dira zure aldekoak izaten... Bestalde, entrenatzaile berriaren ideiak barneratu behar genituen.
«Egia da denboraldi hasiera ez zela ona izan, batez ere emaitzei erreparatuz gero. Gainontzean gu ondo ari ginen lanean, eta alde horretatik lasai geunden»
Jokalari oso gaztea zara. Zer ikasi duzu egoera zail horretaz?
Batuta egon behar dugula, eta gazteok ere aurrerapausoa eman behar dugula, egoera horietan ere ardurak hartu behar ditugula.
Hain zuzen ere, hasiera txar horretan zu izan zinen taldeko jokalari onenetakoa.
Nik uste dut jokalari guztiek hartu genuela ardura, eta hori ere funtsezkoa izan zela. Babes handia eman diogu elkarri. Jokalari helduenek esperientziarekin lagundu ziguten gazteei. Nire kasuan, Lezamatik ateratzean egoeraz ahazten saiatzen nintzen. Horren inguruan pentsatzen nuenean, berriz, baikorra izaten nintzen. Izan ere, ziur nengoen egoera irauli egingo genuela, esan bezala ondo ari ginelako lanean.
David Aznarrekin zenuten jokatzeko moduarekin alderatuz, aldaketaren bat ikusi da Lergarekin. Marrazkia, adibidez, ez da berdina. Horrek zertan eragin dizue?
Uste dut oraindik ere bagarela talde ausarta, baloia izan nahi duena eta jokaldiak landu nahi dituena. Egia da Davidekin zelai erdian erronboarekin jokatzen genuela. Javik, berriz, hegalak baliatu nahi ditu min egiteko; hori dela eta, bertan aritzen garen jokalariok alboko marratik gertuago jokatzen dugu.
Zu buruz buruko jokaldietan zara trebea, beraz, hala jokatzeak mesede egiten dizu, ezta?
Bai, uste dut aukera gehiago ditudala nire indarguneak erakusteko.
Askotan esaten da zailagoa dela lehen taldean mantentzea bertara iristea baino. Zuk bigarren sasoia duzu lehen taldean. Zein iritzi duzu horretaz?
Egia esan, nik lasai hartu ditut gauzak. Egunerokoan konfiantza handia eman didate bai entrenatzaileek bai taldekideek, eta horrek hazten lagundu dit, eta ausartagoa izaten. Hobetzen jarraitzea da nire helburua. Batetik, erabaki hobeak hartzen ikasi nahi dut, batez ere jokaldiak amaitzeko eta paseak emateko garaian. Horrekin batera, bizkarrez baloia dudanean ere trebeagoa izan nahi dut. Oso kontuan hartzen dut entrenatzaile multzoak esaten didana, eta futbola ikustea ere oso gustuko dut. Asko ikasten da horrela ere.
Zeintzuk dira zure erreferenteak futbolean?
Athleticen, txikia nintzenetik, asko erreparatu diot Lucia Garcia jokalariaren jardunari. Betidanik asko gustatu izan zait haren jokatzeko modua. Zelai erdiko hegalean jokatuta, Messi ere izan dut erreferente. Gaur egun ditudan taldekide guztiei ere asko erreparatzen diet.
«Futbolarekin eta ikasketekin ez dut denbora libre askorik. Erizaintza ikasten ari naiz. Oso gustura nago, nahiz eta lan asko egin behar dudan»
Orain zu zara haur askoren erreferente. Nola bizi duzu hori?
Oso polita da. Oraindik ere harritu egiten naiz sinadura eskatzen didatenean. Baina gustura sinatzen diet, eta eskatzen didatenean ilusio handia egiten dit.
Zer duzu gustuko egitea astialdian?
Lagunekin egotea. Gainontzean, futbolarekin eta ikasketekin ez dut denbora libre askorik. Erizaintza ikasten ari naiz. Oso gustura nago, nahiz eta lan asko egin behar dudan.