Baskoniak ACB ligako finala jokatuko du etzi. Bartzelona izango du aurkari Valentzian (20:00). Ligako bigarren finala izango du etzikoa Baskoniak hiru denboralditan. Duela bi urte, Real Madrilen aurka galdu zuen (3-1). Etxeko taldea menderatu behar izan du finalera heltzeko: 73-75. Bigarren zatian eman dio buelta emaitzari, bederatzi puntu atzetik joan delako atsedenaldira (42-33). Defentsako lana estutzearekin batera eta aurkariaren uztaipean errebote gehiago hartzearekin bat lortu du etxekoen lehen zatiko jardun ona iraultzea. 31 puntu baino ez ditu sartu Valentziak bigarren zatian.
Hirukoen bitartez irabazi nahi izan du partida Valentziak (41 aldiz jaurti du), eta lehen zatian ia hautsi du aurkaria, ikaragarri pila asmatu duelako. Nahiko egin du Dusko Ivanovicen taldeak etxekoen jaurtiketa jarioari eusten, eta horretan funtsezkoa izan da Zoran Dragicen lana. Hark eutsi dio taldeari erasoan. Taldeko onena izan da puntuak sartzen, 21 egin baititu partida osoan.
Bigarrenean, erasoan, Shavon Shieldsen ekarpena ona izan da, eta oro har, talde guztiak jokatu du lehen zatian izan ez duten grinarekin, erasoan eta defentsan. Ondo asko azaldu du hori dena eta jokalarien lana Ivanovicek partida ondoren: "Gozatzen ari naiz jokalari hauekin. Lan handia ari dira egiten". Finalera begira, erantzun laburra eman du: "Behin irabazi digu Bartzelonak fase honetan. Ikusiko dugu bigarrenean...".