Saskibaloia

Baskoniak Koparako itzulera gozoa izatea nahi du

Paolo Galbiatiren taldeak final-laurdenetako partida jokatuko du bihar Valentzian, Teneriferen aurka. ACB ligan bolada onean dela helduko dio txapelketari. Jokatu dituen azken hamar partidetatik bederatzi irabazi ditu.

Trent Forrest joan den astean Bilbo Basketen aurka jokatutako derbiko jokaldi batean. ARITZ LOIOLA/FOKU
Trent Forrest joan den astean, Bilbo Basketen aurka jokatutako derbiko jokaldi batean. ARITZ LOIOLA/FOKU
2026ko otsailaren 19a
05:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi denboraldi sailkatu gabe egon ostean, Baskonia Espainiako Kopan lehiatuko da berriz ere. Gaur hasiko da txapelketa Valentzian (Herrialde Katalanak), eta igandera arte luzatuko da. Baina Baskoniak bihar jokatuko du final-laurdenetako neurketa, Teneriferen aurka (18:00, DAZN). Iñaki Jimenez (Donostia, 1984) saskibaloi entrenatzailea da, eta Iraurgi zuzendu zuen 2019tik 2022ra arte. Besteak beste, taldea Espainiako Bigarren Mailara igotzea lortu zuen. Partida zaila espero du, eta ez du faborito argirik ikusten. Baskoniak denboraldi hasieratik izan duen bilakaera ere nabarmendu du. Gasteizko taldea bolada onean iritsiko da Kopara, ACB ligan jokatutako azken hamar partidetatik bederatzi irabazi baititu. 

Gaur egun saskibaloi mundutik «urrun» dabil Jimenez, baina partidak ikusten «gozatu» egiten du, eta Espainiako Kopako neurketez ere gozatuko du. Hona hemen Baskoniaren biharko partidaz egin duen analisia: «Teneriferentzat Marcelinho Huertas ez egotea hutsune handia izango da. Gainera, Baskoniak buelta eman dio denboraldi hasiera kaskarrari, eta talde arriskutsua da gaur egun». Txus Bidorreta Tenerifeko entrenatzaileak herenegun esan zuen Huertasek «miraria» beharko duela Kopan jokatzeko, espero baino mantsoago ari baita osatzen. Dena den, Tenerifek eskarmentu handiko beste hainbat jokalari ditu: Jaime Fernandez, Bruno Fitipaldo, Giorgi Shermmadin eta Rokas Giedraitis, adibidez. Azken horrek Baskonian eta Bilbo Basketen jokatu zuen.

Arabako taldeak oso gaizki hasi zuen denboraldia; izan ere, Euroligan berehala geratu zen atzean, eta ligan ere kostatu egin zitzaion garaipenak pilatzen hastea. Uda mugitua izan zen Baskoniarentzat, Pablo Lasok taldea utzi, eta Paolo Galbiatiren aldeko apustua egin baitzuen zuzendaritzak. Jimenezek honela aztertu du egoera: «Galbiatiren postua kolokan ikusi nuen. Aurkariek ehun puntutik gora egiten zizkieten partidako. Baskoniak pazientzia eduki du harekin, eta egoerari buelta eman diola dirudi». 

Diop gabe

Biharko partidari begira, Baskoniak ere jokalari garrantzitsu bat faltako du, behintzat: Khalifa Diop pibota. Izan ere, min hartu zuen igandean, Bilbo Basketen aurkako derbian. Kantxan, behintzat, ezingo dio taldeari lagundu. Kurucsek eta Howardek ere lesionatuta bukatu zuten neurketa. Baina taldeak argitaratutako mediku txostenak dioenez, haien bilakaeraren arabera erabakiko dute jokatuko duten edo ez. «Baliteke Baskoniak Diopen eta Kurucsen falta nabaritzea uztaipean, ez baititu jokalari sobera postu horietan. Bidorretak, Tenerifeko entrenatzaileak, aprobetxatu egin dezake hori, eta hala egiten badu baliteke Baskoniak sufritzea». Diop eta Kurucs jokalari indartsuak dira errebotean. Kurucs da taldean batez beste errebote gehien jasotzen dituen jokalaria: 4,5 partidako. Ondoren dago Diop, 4,3 erreboterekin. Batez ere haren ekarpenari erreparatu dio Jimenezek: «Gora egin du azken bi denboraldietatik hona, eta taldekideek gehiago bilatzen dute».

Ligan orain dela gutxi jokatu zuten bi taldeek elkarren aurka: otsailaren 1en, hain zuzen, Kanaria uharteetan, eta Galbiatiren taldeak 89-85 galdu zuen. Partida hartan Huertasek 23 puntu lortu zituen. Lehen itzulian, Buesa Arenan, Baskonia gailendu zen: 89-79. Biharkoa, baina, oso bestelakoa izango da norgehiagoka. Batetik, pabiloi neutro batean jokatuko dute; bestetik, zirt edo zart egiteko partida izango da. Izan ere, galtzen duen taldea kanpoan geratuko da. Irabazleak, berriz, Bartzelonaren edo Murtziaren aurka jokatuko du finalerdietan. 

«Galbiatiren postua kolokan ikusi nuen. Denboraldi hasiera kaskarra izan zen, aurkariek ehun puntutik gora egin zizkietelako. Baskoniak pazientzia eduki du harekin, eta egoerari buelta eman diola dirudi»

Iñaki Jimenez Saskibaloi entrenatzailea

Jimenezek baikor hitz egin du, eta Baskoniak denboraldian zehar izandako bilakaera ahalbidetu duten gauzei erreparatu die: «Norgehiagoketan fase onak izaten dituzte, barrutik jokatu dute eta kanpotik jaurtiketak egiten saiatu dira». ACB ligan batez beste puntu gehien sartzen dituen bigarren taldea da: 92,5 partidako. Gainera, batez beste hiruko gehien sartzen dituen hirugarren taldea da: 10,63 partidako. Hori bai, alor horretan bigarren tokian dago Tenerife: 10,70ekin. Beraz, partidako gakoetako bat hori izan daiteke, hiruko marra.

Ahulguneei dagokienez, bi aipatu ditu: «Jokatzean segida izatea falta izan zaio, eta atzean ez da sendo egon». 19 partidatan 1.653 puntu sartu dizkiote: 87 partidako. Gutxiago sartu dizkiote Teneriferi: 82,65. Baskoniari korrika egitea gustatzen zaio, joan-etorriko partidak izatea. Erritmo geldoagoan jokatzen du Bidorretaren taldeak. Beraz, baliteke partidaren abiadurak ere baldintzatzea emaitza.

Baskoniak Kanaria Handiaren aurkako partida irabazi ostean lortu zuen Kopan multzoko buru izatea. «Egia da horrek zortzigarrenaren aurka jokatzeko aukera eman diola. Gainera, final-laurdenetan Valentziaren, Bartzelonaren eta Real Madrilen aurka jokatzea saihestu du. Dena den, guztiek gogotsu hartuko dute txapelketa». Baskoniak aintzat hartu du hor egotea: «Meritua du taldeak; izan ere, hainbat gorabehera eduki ostean berriro hor egotea lortu du. Euroliga berriaren formatuak egutegia gogortu du, eta horrek eragina izan du». Gasteiztarrek sei aldiz irabazi dute Kopa. Azkena duela hamazazpi urte irabazi zuten, 2009an.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.