Saskibaloia

Baskoniak Rokas Giedraitis fitxatu du, eta Bilbo Basketek Alex Reyes

Bi taldeen aurreneko fitxaketak dira datorren sasoirako. Biek jokatzen dute hegaleko postuan. Lituaniarra Alba Berlinetik dator, eta espainiarra Oviedotik.

Giedraitis saskiratzea egiten, Baskoniaren aurka Euroligan jokaturiko partidan, Berlinen, iazko abenduan. EFE
Berria
2020ko uztailaren 4a
16:56
Entzun

Kirolbet Baskoniak Rokas Giedraitis hegaleko lituniarra fitxatu du hiru denboralditarako. 28 urte beteko ditu abuztuan, eta Alba Berlinen aritu da azken bi sasoietan. Denboraldi honetan, Euroligan, 13,8 puntu sartu ditu batez beste, 4 errebote hartu, eta 14,7ko balorazioa lortu du. AlbaBerlineko saskiratzailerik onena izan da lehiaketa horretan. Alemaniako ligan, hauek dira sasoi honetan hari dagozkio estatistika: 10,9 puntu, 3,5 errebote eta 11,7ko balorazioa.

Retabet Bilbo Basketek ere fitxatu du lehen jokalaria, Baskoniak bezala: Alex Reyes hegaleko espainiarra. 26 urte ditu, eta Oviedotik dator, Urrezko LEB ligako taldetik. Denboraldi honetan, batez beste, 12,6 puntu sartu ditu, 7,4 errebote hartu, eta 14,8ko balorazioa egin du. ACB ligan debuta egindakoa da, 17 urte zituela, Valladolidekin, eta bi partida jokatu zituen 2010-2011ko denboraldian.

Rafa Pueyo kirol zuzendariak honela definitu du Reyesen jokoa: «Bilakaera ona ari da izaten, eta sasoi honetan egin du lanik onena. Saskiratzeko erraztasuna dauka, kanpotik batez ere, eta abila da erreboteak hartzen, defentsan eta erasoan. Energia handia emango digu, ACBn lekua egiteko gose handiarekin datorrelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.