BASKONIA 91-81 TENERIFE

Baskoniak Tenerife kanporatu du Espainiako Kopan, eta finalerdietarako sailkatu da

Lehen zatian nagusi izan dira gasteiztarrak, baina bigarrenean gehiago sufritu dute. Azken laurdenean partida berdintzea lortu du Tenerifek, baina garaiz suspertu da Baskonia, eta 91-81 gailendu.

Trent Forrest baloia saskiratzen, gaur, Teneriferen aurka. MANUEL BRUQUE / EFE
Trent Forrest baloia saskiratzen, gaur, Teneriferen aurka. MANUEL BRUQUE / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko otsailaren 20a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baskonia bolada onean iritsi da Espainiako Kopara, eta final-laurdenetan ez du huts egin. Bi denboraldiz Koparako sailkatu gabe geratu ostean, itzulera gozoa izan du: 91-81 irabazi du Teneriferen aurka. Hala ere, uste baino gehiago sufritu du bigarren zatian. Lehenengoan nagusi izan dira gasteiztarrak, baina azken laurdenean partida berdintzea lortu du Tenerifek. Zorionez, garaiz suspertu da Baskonia, eta helburua lortu: finalerdietarako sailkatzea. Bihar jokatuko dituzte.

Zale ugari joan dira Valentziara (Herrialde Katalanak) Baskoniari babesa ematera, eta taldeak lehia irabazita eskertu die laguntza. Partidako gakoetako bat hiruko marra izan zitekeela uste zuten zenbaitek, eta, hain zuzen, Diakitek hiruko bat saskiratu du neurketaren hasieran. Pareko hasi dute lehia bi taldeek. Elkarri neurria hartu nahian aritu dira, baina askotan argitasuna falta izan zaie erasoan.

Hala ere, zertxobait hobeto aritu da Baskonia, eta aldartez ondo bukatu du lehen laurdena, Luwawu-Cabarrotek hirukoa saskiratu baitu azken orduan. Hegalekoa fin aritu da jaurtiketetan —zortzi puntu lortu ditu lehen laurdenean—, eta taldeak eskertu du. 25-18 amaitu da laurden hori. Luwawu-Cabarrotenaren jardunarekin batera, Diakiterena ere funtsezkoa izan da. 

Hortik aurrera, kantxan geroz eta erosoago aritu da Baskonia, eta hark izan du jokoaren ekimena. Gainera, aldea handituz joan da: 34-20 aurretik ere jarri da markagailuan. Nagusitzen ari ziren gasteiztarrak, eta hutsartea eskatu behar izan du Txus Bidorreta Tenerifeko entrenatzaileak. Ez du askorik balio izan, ordea, bere horretan segitu baitu Baskoniak. Erritmo bizia ezarri du, eta Tenerifek sufritu egin du. Izan ere, geldoago jokatu ohi du Bidorretaren taldeak.

Azken jokaldietan, Gasteizko taldeak hainbat jaurtiketatan huts egin du, baina, beste behin, hiruko batekin amaitu du laurdena. Horiek horrela, 45-33 joan dira atsedenaldira.

Hirugarren laurdenean, ez da hain fin aritu Baskonia, eta aldea murriztea lortu du Tenerifek: 49-44 eta 52-49. Konturatzerako, bete-betean sartu da berriro lehian, 3-16ko partziala eginda. Hutsartea eskatu du orduan Paolo Galbiatik, halabeharrez. 

Urduritzen hasiak ziren gasteiztarrak, baina, atakarik zailenean, asmatu egin dute, eta aurkariari partida iraultzen utzi ez. Hala ere, alde txikiarekin ekin diote laugarren laurdenari: 64-60.

Ez zegoen ezer erabakita, eta tentsio handikoak izan dira hurrengo minutuak. Tenerifek partida berdintzea lortu du, 66na, baina ez aurrea hartzea. Kanporaketa korapilatu bazaio ere, Baskoniak eutsi egin dio aldeari. Eta berriro ihes egitea lortu ere bai: 80-71. Saskiratze eta aldeko falta guztiak gogoz ospatu dituzte Baskoniako jokalariek.

Azken minutuetan Howard joko antolatzaileak gidatu du taldea, eta Forrest trebe aritu da. Guztira, 21 puntu lortu ditu. Gainera, Tenerifek huts egin du erasoko hainbat jokalditan. Azkenerako, 91-81 bukatu da lehia. 

Horiek horrela, Baskoniak finalerdiak jokatuko ditu bihar. Gainera, Joksimovicek debuta egin du Kopan, eta marka bat hautsi: hura da txapelketa horretan debuta egin duten Gasteizko taldeko jokalari guztien artean gazteena; 17 urte ditu. 

Baskoniak pattal hasi zuen denboraldia. Euroligan beherala geratu zen atzean, eta ligan ere kostatu zitzaion garaipenak pilatzen astea. Baina suspertu da: buelta eman dio hasiera kaskarrari, eta talde arriskutsua da orain. Hala, gasteiztarrek berriro dastatu nahi dute loria, zazpigarren aldiz Kopa irabazita. Azkena duela hamazazpi urte lortu zuen, 2009an. 

IDK-k suspertu egin nahi du BIHAr la seun irabazita

Bolada oso txarrean dago IDK: jokatu dituen azkeneko hamahiru partidetatik bakarra irabazi du, eta beste hamabiak galdu. Hala ere, ez dago jaitsiera postuetan; garaipen bakarrera ditu. Lehenbailehen suspertu behar du, zuloan erori nahi ez badu. Bihar du aukera gora egiteko, Cadi La Seuren kantxan irabazita (18:10). Herrialde Katalanetako taldea berdinduta dago IDK-rekin: zortzi garaipen dituzte biek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.