Gasteizko taldeak bide zuzena topatu ezinik jarraitzen du. Atzo aukera ona zuen ACB ligako azken jardunaldian Bartzelonaren aurka lortutako garaipen bikainari jarraipena ematea, baina huts egin zuen, eta merezita galdu. Lehen laurdena parekatua izan zen (24-24), baina hortik aurrera Cedevita Zagreb izan zen nagusi, eta erraz lortu zuen garaipena. Multzoko sailkapenean Caja Laboral azken-aurrena da. Suspertu egin behar du bigarren itzulian, bigarren urtez jarraian Top 16tik kanpo geratu nahi ez badu. Gaur zortzi jokatuko du hurrengo partida, etxean, Olympiakosen aurka. Greziako taldea hirugarren da sailkapenean: hiru partida irabazi ditu eta bi galdu. Lehen itzuliko partidan Olympiakosek 85-81 hartu zuen mendean Gasteizko taldea.
Saskibaloia