Baskoniak Zan Tabak kroaziarra fitxatu du, sasoi honetarako eta beste baterako

Joan Plazarekin ikasi du ofizioa, baina ez du eskarmenturik lehen mailako taldeetan, eta apustu arriskutsua da

Zan Tabak, partida batean. BERRIA.
Andoni Urbistondo.
2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Presa dauka Baskoniak, eta bart iluntzean jakinarazi zuen entrenatzaile berriaren izena. Kinieletan agertzen ez zena: Zan Tabak kroaziarra. Svetislav Pesic, Neven Spahija, Zeljko Obradovic, hiruko horren bueltan zebiltzan zurrumurruak, eta bigarren aukera gisa, Dejan Pavicevic edo Jure Zdovc. Bi horiek, ordea, lanean ari dira, eta zailtzat jotzen zen haien kontratuak etetea. Hautatua Tabak da, 42 urteko kroaziarra. Zdovc eta Pavicevic bezala, entrenatzen ari zen Tabak, Poloniako Trefl Sopot, baina talde hori utzi eta Gasteizera etortzea erabaki du.

Tabakek eskarmentu txikia du lehen mailako talde profesionaletan. Espainiako Urrezko LEB ligako Sant Josep taldea izan zen bere lehen lana, eta handik Poloniara egin du jauzia. Ezagun egin zen Joan Plazaren entrenatzaile laguntzaile izan zelako, Real Madrilen eta Cajasolen, baita jokalari gisa ere, Spliteko Jugoplastika mitiko hartan, eta ondoren NBA ligan. Zortzi urte egin zituen han, eta eraztun bat irabazi, Houston Rocketsekin.

Tabakek sasoi honetarako eta hurrengorako sinatu du. Atzo iluntzean hartu zuen hegazkina Gdansk hirian, eta gaur goizean iritsiko da Gasteizera. Eguna normal baldin badoa, arratsaldean aurkeztuko dute Buesa Arenan bertan. Bizitzaren kasualitateak: Tabakek Joan Plaza bere irakasle izandakoaren aurka zuzenduko du lehen partida Kaunasen, ostiralean, Euroligan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.