Diruak agintzen du. Edo ez? Horretan zeuden aditu asko. Bartzelonak eta Real Madrilek beste talde guztien aurrekontua bikoiztu zuten joan den sasoian, gutxienez, eta hori argudio nahikoa izan zen beste talde guztiei tituluen jokoan sartzeko aukera kentzeko. Aditu asko, ordea, sasi aditu bilakatu ziren, ez zutelako asmatu. Bi buruko lehiaketa zena buru bakarrekoa izan zen hilabete luzeetan. Bartzelona oso ondo aritu zen, eta jokoan zeuden titulu guztiak irabazi. Ekaina arte.
Orduan Baskoniak kolpea eman zuen mahai gainean. Inposatutako boterearen aurka, eta liga irabazi zuen Bartzelona hankapean ibilita. Bi burukoa bihurtu zen orduan liga, baina buru bat inork espero ez zuena izan zen. Izan behar zuena, Real Madril, oporretan zen ordurako. Azken hiruzpalau sasoietan bezala, espainiarrak herren baino herrenago aritu ziren, eta titulurik gabe, esku-hutsik hartu zituzten oporrak.
Zer gertatuko da denboraldi honetan? Zenbat buru izango ditu saskibaloiak? Bat, bi, hiru? Beste norbait ausartuko al da aberatsenen talde itxian sartzen? Bat egongo dela ziurra da. Bartzelonak iragan denboraldiko talde bera mantendu eta indartu du, eta goi-goian segituko du. Baskoniak asmo bera du, baina pazientzia eduki behar da. Taldeak bere ikurra galdu du, Tiago Splitter, eta Stanko Baracek hilabeteak edo urteak beharko ditu haren mailara iristeko, iristen bada. Real Madrilek talde ikusgarria osatu du jokalari zerrendari begiratuta, baina iaz ere talde ikusgarria zuen. Botereari aurre egin diezaioketenen aurrean daude Valentzia edo Unicaja. Valentzia izango da, hain zuzen ere, Baskoniaren aurkaria gaur Buesa Arenan, Espainiako Superkopako lehen finalerdian.
Javtokas eta Augustine gabe
Valentziak talde polita osatu du. Uda aurretik taldea utzi zuen Neven Spahijak, zuzendaritzak aurrekontua gutxituko zuelako, baina murrizketa horrek ez du taldea kaltetu, itxuraz. Manolo Husseinek hartu du lemazain lana, eta Baskonia mendean hartzeko gai dira. Nando De Colo, Jose Simeon, Rafa Martinez, Victor Claver eta Serhi Listxuk mantendu dituzte taldean, baina jokalari onak fitxatu dituzte. Omar Cook joko antolatzailearekin hasi, eta saskipeko hirukote indartsuarekin bukatu: Dusko Savanovic, James Augustine eta Robertas Javtokas. Azken biak ez dira ariko Superkopan, arazo fisikoak baitituzte; baina erne Valentziarekin.
Baskoniari dagokionez, taldea berde dago. Josean Kerejeta klubeko presidenteak horrela aitortu zion herenegun BERRIAri, eta Dusko Ivanovicek berak ere aste pare bat eskatu ditu taldea martxan jartzeko. Jokalari guztiek astebete eskas egin dute elkarrekin, eta apenas egin dituzte hiruzpalau lan saio. Iritsi berri direnek denbora beharko dute taldera moldatzeko, eta joan den sasoitik taldean daudenek hartu beharko dute erantzukizuna. Marcelinho Huertas, Pau Ribas, Brad Oleson, Fernando San Emeterio, Mirza Teletovic eta Baracen esku dago taldearen etorkizun hurbila. Lehiaketa luzea da, eta Nemanja Bjelicak, David Loganek eta Marcus Haislipek izango dute euren onena emateko aukera.
Bigarren finalerdia Bartzelonak eta Real Madrilek jokatuko dute. Kataluniarrak dira faborito, aurreko sasoiko taldeari eutsi ez ezik, indartu egin dutelako, Kosta Perovic pibotarekin. Aldaketa gehiago eta garrantzitsuagoak egin ditu Real Madrilek, joan den denboraldiko porrota lehenbailehen ahazteko. Florentino Perez Real Madrileko presidenteak diru gutxiago bideratu du saskibaloi taldearentzat, baina 30 milioi eurotik gora, nolanahi ere. Sergio Rodriguez joko antolatzailea, Clay Tucker eta Carlos Suarez hegalekoak eta D'Or Fischer pibota fitxatu ditu.
BASKONIA-VALENTZIA
Txapelketa. Espainiako Superkopako lehen finalerdia.
Caja Laboral Baskonia. Huertas, Logan, Ribas, Oleson, San Emeterio, Teletovic, Bjelica, Florent Pietrus, Haislip, Barac eta Musli.
Power Electronics Valentzia. De Colo, Simeon, Cook, Rafa Martinez, Marc Fernandez, Richardson, Claver, Listxuk, Savanovic eta Sundov.
Lekua. Buesa Arena (9.753 ikusle).
Ordua. 19:00 (ETB1).
Beste finalerdia. Bartzelona-Real Madril, gaur, 21:30ean (Teledeporte).
SASKIBALOIA. ESPAINIAKO SUPERKOPA
Bat, bi, hiru..
Gaur hasiko da sasoia, Gasteizen, Superkopako bi finalerdiekin: Baskonia-Valentzia eta Bartzelona-Real Madril
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu