Juantxo Kokak pilota ikasgai txikia eman zion atzo Asier Berasaluzeri. Historia gutxiko partidan, Berrizkoak gauza asko ikasteko aukera izan zuen. Ikasi eta pairatu, ezinean aritu baitzen Altzako artistaren aurrean. Kokak erraz eta eroso jokatu zuen, erresto osteko pilotakada baliatu eta marrak ondo bilatuz. Berasaluze, berriz, tantoak oso bizkor bukatzearekin itsutu zen, eta presak Berrizkoa irentsi zuen. Piloteoan nagusi, Kokak tantoa bukatzeko abilezia erakustea aski izan zuen txapelketan aurrera egiteko. Heldu den astelehenean, Beotibarrera itzuliko da, ikusle modura, Bengoetxea VI.ak eta Olazabalek jokatuko duten partidatik irtengo baita hurrengo aurkaria.
Kokak bizi jokatu zuen atzo, pilota ondo eta zehatz mugituz. Berasaluzek, berriz, presaka. Ez zuen sakea beste batzuetan bezain ondo baliatu, eta aukerarik txikiena zuenean errematea bilatu zuen. Ez zuen tantoa mamitzeko asmorik, eta kontrarioa mugitu ezean asko arriskatu behar da, gehiegi. Hori gutxi ez, eta sakea hartu zuen aldi urrietan berak galdu zuen. Binakako berdinketaren ondoren, adibidez, -2-0 galtzen joan ostean- aukerako pilota lau t'erditik haratago bidali zuenean.
Kokak ondo baliatu zuen huts hori, sakearekin 10-2kora joan baitzen. Altzakoak oso ondo jokatu zuen, eta erresto osteko pilotakada paretan luze jotzeko erabili zuen. Berasaluzek ezker motela du, eta ezinean aritu zen. Behin kontrarioa nahikoa urrunduta Kokak hormabikoz zein dejadaz bukatu zuen tantoa. Launa tanto egin zituen hala, eta hamabost guztira.
Altzakoaren huts batek sakea eman zion Berasaluzeri, baina kareletik bota zuen abantaila bigarrenez. Sakea, errestoa, eta bolea kanpora. Sakea hobeto aprobetxatu ezean ezinezkoa zen irabaztea, eta hor jo zuen hondo gazteak. Kokak zuloa handitu zuen (14-3), Berasaluzeren une onenak iritsi aurretik. Arriskatuz hiru tanto egin zituen jarraian, huts batek bolada eten zion arte (15-7).
Kokaren patxada eta zentzuak Berasaluze ernegatu zuten, iparra galduarazi arte. Berrizkoa ez atzera ez aurrera gelditu zen, pilotaren bila joan beharrean zain geldituz. Kokak hiru pilotakadako hiru tantorekin eta saketik egindako beste batekin partida erabaki zuen. Aurkariak bi gehiago egin zituen, bukaerako emaitzan bi zifra jartzeko baino ez. Azkenekoa Berasaluzek oparitu zion Kokari, eta Altzakoa zintzo mintzatu zen bukaeran: «Beldurra nion Berasaluzeri, baina uste baino partida errazagoa izan da».
Bestalde, Aspetik atzo ziurtatu zutenez, Xalak ez du arazorik izango ostiralean jokatzeko. Herenegun ez jokatu izana badaezpadako erabaki bat izan zen. Lekuinekoak Agirre izango du aurkari Zeanurin, eta bihar egingo dute pilota aukeraketa. Berasaluzek eta Larraldek ere egun berean aukeratuko dituzte pilotak. Beste bi aukeraketak, Eibarkoa eta Tolosakoa ostegunean izango dira; bata goizez, eta bestea arratsaldez.
Koka 22
Berasaluze IX.a 10
Iraupena. 36.36.
Pilotakadak. 156.
Saketik. Kokak 2; Berasaluzek 2.
Markagailua. 2-0, 2-2, 10-2, 10-3, 14-3, 14-6, 15-6, 15-7, 15-8, 21-8, 21-10 eta 22-10.
Bestelakoak. Sarrera eskasa Tolosako Beotibarren. Apustuak 100-70i rten ziren Kokaren alde.
Batek bizi, besteak presaka
Kokak eroso jokatu du Berasaluze IX.aren urduritasunari esker, eta nagusitasun handiz irabazi du Beotibarren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu