Bati leunduko zaio kolpea

Eusko Label ligak gaur du azken-aurreko estropada, Bermeon, eta liga zeinentzat izango den ez dago erabakita: Urdaibaik hiru puntu ateratzen dizkio Hondarribiari.

Urdaibai eta Hondarribiako traineruak, bata bestearen alboan, ziaboga emateko prestatzen, Ondarroako banderan. MIGUEL TOÑA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2017ko irailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hartu zuten galanta Urdaibaik eta Hondarribiak Kontxako bigarren igandean: bandera irabaztera joan, eta Orio ikusi behar bandera preziatuenarekin. Kolpea izan zen bi taldeentzat, eta, asteburu honetan, bietako batek bigarren kolpea hartuko du jarraian; besteak, aldiz, gozatu ahal izango du Donostiako mina. Eusko Label liga bukatuko da gaur eta biharko estropadekin, eta bien artean dago garailea: Urdaibaik hiru puntu ateratzen dizkio Hondarribiari.

Bermeon (Bizkaia) da, hain justu, gaurko jardunaldia (18:25, ETB 1), eta parte txarra dago emanda: metro eta erdi pasako olatuak, eta 25eko indarrez Ipar Mendebaldeko haize zakarra. Gehitu horri eremuaren berezitasuna: olatuek albotik jotzen diete traineruei; beraz, arraunerako leku desatsegina da berez.

Zortzi talde ariko dira bakarrik, sailkapenaren arabera, eta bi txandetan banatuta. Bigarrenean egongo da ligaren garailea erabakitzen hasteko edo korapiloa gehiago nahasteko gatza eta piperra. Urdaibaik aurrea hartzen badio Hondarribiari, ia erabakita utziko luke titulua, bihar eguerdian Portugaleteko estropada faltako bada ere. Aldiz, Hondarribiak muturra sartzen badio gaur etxean ariko denari, gehiago estutuko da lehia.

Mikel Calleja (Lekeitio, Bizkaia, 1986) lasai dago, neurri batean: «Astea ondo igaro dugu Kontxako kolpearen ondoren, eta hori pasatuta dago. Estropada handi hori eta liga irabazteko hautagai izan gara, eta ligan geure esku dago garaile izatea». Kontxa ez irabazi izanak ez dio taldeari presio handiagoa ezarri: «Herria, zuzendaritza eta entrenatzailea pozik daude egindako denboraldiaz, oso harro. Kontuan eduki behar da arraunlari asko berriak garela taldean, eta sasoi interesgarria egin dugu». Aitortu du, hala ere, badutela korapiloa barruan Kontxakoagatik, gaurko baliagarri izango zaiena: «Amorruz gaude, eta onerako erabili nahi dugu».

Ez zaio iruditzen udako estropadetatik ezberdina izango denik gaurkoa sailkapen buruan: «Harrituko nintzateke talderen bat sartzea ezustean goikoen artean. Guretzat mesede inork ez ematea ezustea. Hala ere, emanda ere, guk oso atzean geratu beharko genuke Hondarribiak gaur bertan alde osoa ateratzeko, eta kontuan izan ligan egin dugun posturik txarrena hirugarrena izan dela».

Gauzak okertuko balira ere estropadan, baduela zeri heldu azaldu du: «Herrian aritzeak ematen digu aparteko zerbait, eta gure onerako izango da hori». Ez du oraindik TKEko ligarik irabazi Callejak. Kaikun bi urtez, eta Isuntzan aritutakoa da aurretik.

Hiru dauzka irabaziak Gonzalo Carrionek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1977), eta hirugarrena lortzeko ezinbestekotzat jo du ondorengo baldintza hau:«Gaur Urdaibairen aurretik sartu behar dugu, eta hori da gure helburu bakarra. Lortuz gero, bandera ez genuke oso aparte izango, gainera. Aldiz, haiek badira aurretik, liga ia ezinezko jarriko zaigu». Eremuak eta gaurko baldintzek ez dute kezkatzen:«Indarra erakusteko estropada izango da, eta, aurten, ondo ari gara moldatzen halakoetan».

Badaki beraiek irabazteaz gain, Urdaibaik huts egin beharko lukeela liga iraultzeko, eta kirol legez heldu dio gaiari: «Gure buruan ez dago Urdaibairi ezer txarrik opatzea. Gertatu ohi ez den zerbaitegatik oso atzean geratuko balira, eta guk horregatik irabazi liga, ez litzateke pozgarria izango guretzat». Ez zaio iruditzen, Calllejari bezala, aurkariren batek ezustea eman eta goiko lekuetan azalduko denik gaur: «Udan oso zaila izan da, eta Zierbena sartu izan da pare bat aldiz, baina ikusi da ezustea izan dela. Betiko hirurak ibiliko gara gaur ere goian, baita Orio ere, nahiko duelako urtea bikain bukatu, urtea egin bazuen ere Kontxan irabazita».

Beste taldeen inguruan, uste du urteko lanak ia bukatuta aterako direla uretara gehienak: «Kontxan izan direnak bai, behintzat. Burua beste nonbait izango dute horiek, normala den bezala». Hondarribiak badu premia, baina horrek ez du itotzen:«Guk beharra daukagu, baina presiorik ez. Ez, behintzat, udan izan duguna baino handiagoa. Asteburuero ibili gara puntu guztien bila, eta gaur eta bihar ere bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.