German Gabriel. Bilbo Basketeko jokalaria

«Batzuetan ez genekien hurrengo astean Bilbon jarraituko genuen»

Diru arazoek kantxan eragina izan dutela uste du German Gabrielek, baina lasai dago, «ondo bidean», aurki zuzenduko baita dena.

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2014ko martxoaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Argal dago German Gabriel (Caracas, 1980), eta azkar azaldu du zergatia. «Jende askok esaten dit, baina duela hamar urte hemen egon nintzenean adina pisatzen dut: 108 kilo. Gorpuzkera aldatu zait; adinarekin, elikadura ere egokitu egin behar duzu». Pertsona argia da; ondo azaltzen ditu gauzak, eta ez du galderarik saihestu goizeko lan saio osteko solasaldian.

Arazo ekonomikoak konpondu direla dirudi. Lasaiago zaudete?

Bai. Zuzendaritza berria dago, eta, ondo bidean, aurki dena konpontzen hasiko da.

Nola hartu izan dituzu Bilbo Basketen arazoak? Beteranoek garrantzi berezia izaten duzue halakoetan.

Bai, hala da, batez ere atzerritarrekin. Hona zatoz, itxaropenarekin, talde serioa dela entzunda, eta hau aurkitzen duzu. Baina nabarmendu behar da haiek oso ondo aritu direla, eta ez dutela inoiz aurpegi txarrik jarri. Ez duzu nahi halako egoerarik, baina, zorigaitzez, inguruan dagoen ekonomia egoera ikusita, jende askori egokitu zaio halakoetatik pasatzea. Askoz egoera okerragoan dago jende asko, eta eguneroko erritmoari eusten dio. Guk egunero etortzea erabaki genuen.Badakigu zergatik gauden hemen: batez ere, zaleengatik, eta, hortik aurrera, dena konponduko dela dirudien honetan, bada, ilusio gehiagorekin.

Ez zen izango egoera erraza.

Badakigu askoz okerrago pasatzen ari den jendea dagoela. Elkartasun kontua da. Ezin diozu lehiatzeari utzi. Zorionez, dena konponduko dela dirudi.

Taldearen mailari eragin diola uste duzu?

Bai, ziur. Ezegonkortasun ekonomikoa iragan sasoitik zetorren, beteranoek berritu zuten egoerak okerrera egingo ez zuen promesarekin... Eta ezegonkortasun horrek jarraitu egin du. Egoera zaila da, eta, kontrakoa esan arren, eragin dio kirol mailari, ziur.

Zuzendaritza berriarekin hitz egin al duzue?

Iragan astean, aurkezpen gisa, eta orain egoera erregularizatzea falta da, eta guk arreta jokoan bakarrik jartzea.

Ez da seinale txarra izango halako galdera gehiago ez erantzun behar izatea.

Noski, baina halako arazoak beti egongo dira saskibaloian. Ez guk izan ditugun bezain larriak, baina beti egongo da zerbait.

11 partida falta dira liga erregularra bukatzeko. Norantz begiratu behar du Bilbo Basketek?

Partidaz partida joan behar dugu. Egoera jakin batean baldin bazaude, zeure burua estu hartzen hasten zara, eta irabazten ez baduzu, behera begira has zaitezke. Guk lanean jarraitu behar dugu, eta sasoi honetan egokitu zaigun guztiaren ondoren, geure buruari eska diezaiokegun gauza bakarra da lan egitea eta lehiatzea. Gero ikusiko dugu non egon gaitezkeen, baina ez dugu helburu zehatzik.

Teorian, kanporaketek beharko lukete helburu, baina hiru garaipenetara daude, eta oraindik Real Madril, Bartzelona, Laboral Kutxa eta Valentziaren aurka jokatu behar duzue.

Goikoen aurka etxetik kanpo jokatu behar dugu, baina beheko eta gure ligako aurkarien kontra, etxean. Zail dago. Desegonkortasun eta informazio faltarekin, ez da erraza izan gora begiratzea.

Kanporaketetan ez sartzea kolpea litzateke?

Ez dut uste. Jendeak sasoi guztia azter dezake, aurreikuspenak zeintzuk ziren jakinda. Baina argi dago Bilbo Basketek izan dituen egoera zailenetakoa egokitu zaigula. Pare bat alditan, taldea ia-ia desagertu egin da, eta, batez ere, bolada batzuetan ez genekien hurrengo astean hemen egongo ginen. Horrek nabarmen aztora zaitzake, eta, hala ere, Eurokopan aurrera egiteko zorian egon gara, ligan borrokatu gara... Baina, batzuetan, gauzak ez dira irteten, eta ez duzu dena epaitu behar sasoi hasierako aurreikuspenen arabera, baizik sasoiak izan duen bilakaeraren arabera.

Igandean, Real Madril dator. Nola irabazi ahal zaio?

Lasai joanda, partidarekin gozatzen saiatuz. Gu indartsuak gara etxean; haiek bolada bikaina dute... Ezin dugu estutu geure burua; gozatzeko partida da.

Eta arlo taktikoan?

Eroso joka dezaten eragotziz. Eraso ahal handia dute. Ez badute eroso jokatzen, gure aukerak izango ditugu. Guk, normalean, ez diegu korrika egiten uzten aurkariei, eta esan behar nuen Real Madril joko geldoan ez dela hain ona, baina partida guztiak irabazi dituenerako... Talde oso ona da, eta partida trabatuetan ere gauzak ondo atera dituzte.

Zer moduz itzulera? Hamar urte geroago itzuli zara Bilbora, denbora asko da. Jendea zurekin oroitzen al zen?

Ez bereziki. Ez naiz oso ospetsu sentitzen. Ez dut izan kalean ezagutua izateko moduko kirol ibilbiderik. Baina beti agurtzen zaitu norbaitek, eta ni, alde horretatik, irekia naiz; gustura hitz egiten dut agurtzen nauen jendearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.