Bazkideen abonua %2,5 igotzea proposatuko du gaur Realak

Donostiako klubak gaur egingo du akziodunen ohiko batzarra. Azken denboraldiko balantzea positiboa da: 16,9 milioi euroren irabaziak izan ditu.

Realeko akziodunek 2023ko abenduan egindako ohiko batzarra. JUAN HERRERO / EFE
Realeko akziodunek 2023ko abenduan egindako ohiko batzarra. JUAN HERRERO / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2025eko abenduaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak gaur egingo du akziodunen ohiko batzarra, Kursaal jauregian, 19:00etan. Hainbat alor jorratuko dituzte bertan, tartean, arlo ekonomikoa: ekainaren 30era arteko kontuak aurkeztu eta, hala erabakiz gero, onartuko dituzte, eta baita denboraldi honetarako aurrekontuak aurkeztu eta onartu ere. Hain zuzen, Realak bazkideen abonua %2,5 igotzea proposatuko du. Hortaz, zaleei 3,8 eta 17,5 euro artean igoko zaie kuota.

Klubak emandako informazioaren arabera, azken sasoiko balantze ekonomikoa positiboa da: 16,9 milioi euroren irabaziak izan ditu, eta 45,2 milioi euroko EBITDA —interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurreko irabazia—. Horiek horrela, oraintxe, funts propioak 79,7 milioi eurorenak dira, eta ondare garbia, 92,7 milioi eurokoa. Ekonomikoki nabarmen egin du hobera azken urteetan.

Era berean, 2025-2026ko sasoirako aurrekontuari dagokionez, 17,8 miloi euroren irabaziak izatea espero dute: 178,1 milioi euroren diru sarrerak —inoizko altuenak— eta 160,2 milioi euroren gastuak. 

Klubak azken sasoian 15,1 milioi eskuratu zituen abonuekin, baina, oraingoan, kuota igo arren, 12 milioi izango dira. Arrazoia: taldea ez dela Europan jokatzen ari. Hortaz, zaleek ez dute azken urteetan ohikoa izan den Europako bonua ordaindu behar izan.

Diru kontuak ez ezik, beste hainbat gai ere jorratuko dituzte batzarrean. Halaxe dio klubak: «Hala nola Realak ingurumen jasangarritasunarekin duen konpromisoa, ustelkeriaren eta eroskeriaren aurkako borroka, giza eskubideen errespetua, gai sozialak eta langileei buruzkoak». Gai horietan Realak duen ikuspuntua eta jokamoldea biltzen dituen txostena aurkeztuko dute, eta, ontzat joz gero, onartu ere bai.

Litekeena da gai horri lotuta edo galdera-erantzunetan Amaya Zabarteren auziaz ere aritzea, baita segurtasunaz ere, oro har. Iazko martxoaren 5ean, Realak eta PSGk jokatutako partidaren atarian, Ertzaintzaren foam jaurtigai batek larri zauritu zuen Zabarte buruan, Anoeta inguruetan; gero, lurrean zela, ertzain batek ostikoa eman zion. Eraso horrekin loturik dauden zazpi ertzainek deklarazioak egin berri dituzte: bostek, ikertu gisa, eta beste biek, lekuko gisa.

Horrez gain, kirol arloa ere xehe aztertuko dute. Gizonezkoen lehen taldea gorabeheratsu ari da. Azken urteetan, taldea indartu nahian, klubak diru asko gastatu du fitxaketetan: iazko udan, ia 50 milioi euro, eta aurten, 22 milioi inguru. Horiek, baina, ez dira esperotako maila ematen ari. Zalantzak sortu dituzte Sergio Francisco entrenatzailearen lanak eta Erik Bretos kirol zuzendariaren kudeaketak ere. Bestelakoa da emakumezkoen lehen taldearen egoera. Bikain hasi dute denboraldia, eta oraintxe hirugarren daude sailkapenean.

Bestalde, akziodunek 2025-2026ko aldirako Agem enpresa kontu auditore izendatzeko proposamena ere bozkatu beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.