Futbola

"Bederatzi urte generamatzan titulu honen zain"

Bartzelonak Atletico Madrilen aurka 0-1 galdu ondoren, jardunaldi baten faltan Athleticek bosgarrenez irabazi du ligako titulua. Bihar egingo dituzte ospakizunak, gabarrarik gabe.

unai zubeldia
2016ko ekainaren 6a
07:19
Entzun

Meritu ikaragarria dauka multzo honek". Joseba Agirre Athleticeko entrenatzaileak lasaitu ederra hartu zuen atzo, Bartzelonak etxean Atletico Madrilen aurka 0-1 galdu eta Athleticek liga irabazi zuenean. "Oso harro nago multzo hau entrenatzeko aukera izan dudalako. Oso profesionalak dira". Jokalariek Lezaman bertan ikusi zuten kataluniarren eta madrildarren arteko partida, elkarrekin, eta Bartzelonako partida amaitzearekin batera lehertu zen festa, Lezaman lehenengo, eta Bilbon gero. Zuri-gorriek 2002-2003ko denboraldian irabazi zuten lehenengoz liga, 2003-2004an eta 2004-2005ean ere bai gero, eta 2006-2007koa zen azken garaikurra. "Bederatzi urte generamatzan titulu honen zain, eta ikaragarria da", goratu zuen atzo Iraia Iturregi Athleticeko kapitainak.

"Negar asko egin dugu urteotan galdu ditugun tituluengatik, eta gozatzea tokatzen da orain". Ainhoa Tirapu Athleticeko atezainak laburpen zehatza egin zuen prentsaurrekoan. "Multzoaren garaipena izan da", zehaztu zuen Agirrek. "Denboraldi hasierako hitzalditxoan esan nien kalitatearekin partida bat irabaz daitekeela, baina multzoak irabazten dituela ligak. Eta hala izan da. Asko sufritu dugu, gogotik borroka egin behar izan dugu, eta jokalariak dira protagonistak".

Bazkide talde batek eskaera egin du gabarra ateratzeko, eta 22.000 sinadura bildu dituzte. Klubera bidaliko dituzte sinadura horiek guztiak, baina ligako titulua ez dute ospatuko gabarrarekin. Bihar izango dira ospakizunak. Begoñako basilikan lore eskaintza egingo dute 18:00etan, Bilboko Udalean harrera egingo diete 18:30ean, eta Bizkaiko Foru Aldundian 19:30ean. Athleticek asteburuan jokatuko du ligako azken partida, Tenerifen, Granadillaren aurka, baina dagoeneko ez dauka ezer jokoan. Hilaren 18an hasiko da, berriz, Espainiako Kopa, eta tartean izango da Reala ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.