Arrauna. Kontxako Bandera

Begiak ireki, eta ametsetan

Garazi Oliden Orioko arraunlariak lehen aldiz irabazi du Kontxako Bandera, eta hunkituta segitzen du oraindik, lorturikoaz jabetu ezinda. Iker Marizkurrenak bigarrena irabazi du jarraian, Hondarribiarekin, eta «herriari halako poza ematea sekulakoa» dela azaldu du.

Garazi Oliden eta Iker Marizkurrena, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
<i>Donostia</i>
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Leku bera izanagatik, igandekoa eta atzokoa bi Kontxako badia direla ematen zuen atzo eguerdian. Bezperan zale zena, atzo hiritar edo turista zen Paseo Berrian, Santa Klara uhartearen parean. Igandean zarata, animo, biba eta oihu zena, astelehen goiz bateko solasaldi xume eta isila zen atzo. Itsasoan, bezperako traineru eta arraunlarien arrastorik ere ez. Urak lasai, lotan baleude bezala, atseden hartzen igandeko lan zamari pisua kendu nahian.

Kontxako Banderaren biharamuna izanagatik, azaldu ziren arraunlariak Donostiara atzo ere. Ekitaldi bat zuten estropadako Gipuzkoako traineru onenek, emakumezko eta gizonezkoek, Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkarteak eman behar zien sariaren harira. Oriokoak bistaratu ziren lehendabizi: Itziar Olasagasti, Nadeth Agirre, Leire Alcala, Garazi Oliden, Ibon Huegun presidentea eta Zigor Gazpio zuzendaritzako kidea. «Gaur ez gara pertsonak», zioten, gaueko ordu txikietaraino luzatu zen Orioko parrandatik esnatu berritan. Eztarriak ere urratu samar zituzten.

Geroago azaldu ziren Hondarribiakoak: Mikel Orbañanos, Ioseba Amunarriz, Jon Lizarralde, Iker Marizkurrena, Gorka Egiazu eta Koldo Diaz zuzendaritzako kidea. Geroxeago azaldu zen Gonzalo Carrion arraunlaria. Horien aurpegietan ere seinale nabarmen askoa: lo gutxi egin izanaren arrastoa.

Begiak irekita ekarri zituzten denek, baina ametsetan segitzen zuten oraindik batzuek; gehienbat oriotarrek, ez baitzuten alferrik aurreneko garaipena izan Kontxako Banderan igandekoa. Garazi Olidenek (Orio, Gipuzkoa, 1993) «ikaragarria» adjektiboa hiru bat aldiz erabili zuen, Iker Marizkurrenarekin batera (Sunbilla, Nafarroa, 1982), BERRIArentzat erantzun zituzten galdera sorta batean. «Ez naiz jabetzen oraindik lortu dugunaz. Hau ikaragarria da», zioen, begietan oraindik malkoen arrastoak zituela. Esan zuenez, harrerarena izan zen une zirraragarrienetako bat, eta Marizkurrenak, nola bigarren aldiz bizi izan duen Kontxako Bandera irabazteak sortzen duen poza herrian, ondorengoa gehitu zion oriotarraren hitzei: «Azkenean, sekulakoa da guk irabazi izanak herritarrengan sortzen duen poza. Atzo [herenegun] ere adineko jendea negarrez ikusi nuen, hunkituta. Herriari halako poza ematea oso gauza handia da».

Hondarribian bezala, Orion ere malkoak isuri zituzten herritarrek emakumezkoen garaipenarekin. Kamioi baten gainean jarri zituzten taldeko kideak, eta «saltoka» ibili ginen han. Udaletxeko balkoira azaldu zirenean, festak goia jo zuen: «Hainbeste jendek gure azpian guk lortutakoa ospatzea ikaragarria izan zen». Benito Lertxundiren Mirotza abestia ereserki bihurtu, eta goikoek eta behekoek elkarrekin abestu zuten, baita giro magikoa sortu ere. Bandera banaka astintzeko ordua ere barru-barrutik bizi izan zuen Olidenek: «Uste nuen ez ginela gai izango bakarka astintzeko, daukan pisu handiarekin. Baina hori ere egin genuen».

«Bi egun barru jabetuko zara»

Hainbesteko sentipen gozoak bizi eta gero, harrigarria ere ez da Oliden oraindik ez jabetzea lorturikoaz. Badaki horretaz zerbait Hondarribiako arraunlari nafarrak, eta lasai egoteko aholkutxoa eman dio, esperientziaren talaiatik: «Pare bat egun pasatzen direnean hasiko zara konturatzen Kontxako Bandera irabazi duzula. Niri, behintzat, hori gertatu zitzaidan. Omenaldi, harrera eta halakoak amaitzean hasi nintzen barneratzen iaz zer irabazi nuen». Iazkoa baitzuen aurreneko bandera Marizkurrenak, eta aurtengoa bigarrena.

Onartu du biak ez dituela berdin bizi izan: «Iazkoa lorpen handi baten moduan hartu nuen. Lasaitasun handia sentitu nuen, halako askapen moduko bat; Kontxakoa bakarrik falta zitzaidan irabazteko, eta nahi nuen hori lortua nuen». Aurten beste zerbait bizi izan duela dio: «Iaz baino urduriago ibili naiz bezperan. Ingurukoei esaten nien kezka edo presioa nuela, iaz sentitzen ez nuena. Nola Orioren aurretik ginen bost segundogatik, irabazteko premia edo presioa neukan herenegun, lehen igandean lorturiko aldeari eutsi beharra edo. Irteeran bertan ere, oso urduri nenbilen». Askatu zitzaizkion korapiloak gero, estropadan zehar.

Olidenek urteetan atzera egin du Kontxako Bandera irabazi izanaren nolabaiteko esanahia aurkitzeko, oraindik ez baitaki benetan zer egin duen: «Duela hamar urte hasi nintzen arraunean, eta, orduan, Getaria-Tolosa zebilen indartsu hemen. Haietako arraunlari bat bezalakoa izan nahi nuela esaten nion neure buruari. Kontxa ez zuten irabazi, baina nik nahi nuen, bada, bandera handi hau irabazi. Eta, begira, lortu dut».

Bezperan, bazuen susmoa lortuko zutela, eta, kontatu duenaren arabera, ez zegoen Marizkurrena bezain urduri: «Nadethi [Agirre, patroia] esan nion hor geneukala, esku-eskura, eta gure lana egiten bagenuen ez zigutela aurkariek lehen igandeko aldea kenduko». Irabazteko irrika eta nahia zituen Olidenek, eta baita beste ziurtasun hau ere: «Aurreko asteko astelehenetik banekien estropada ona egingo genuela, lehen jardunaldian ez baikinen uste bezain ondo ibili».

Irabazteko bi modu

Bete-betean asmatu zuen oriotarrak, nahiz eta uste zuen baino askoz hobeto atera zitzaizkien gauzak hari eta taldekideei herenegun: «Sekulako estropada egin genuen. Ez nuen berehalakoan pentsatuko halako aldearekin irabaziko genuenik, aurkariak ere ibili egiten baitira, eta onak dira».

Denboraldiko estropada garrantzitsuenean urteko estropada onena egin zuen Oriok: «Ez nuen pentsatzen Kontxako Bandera horrela irabaziko genuenik». Burutik pasa bai, ordea, antzeko pentsamendu biribilik: «Aste guztian buruan ibili nuen gogoa izan zen ziabogara sei bat segundoko aldearekin heltzea, eta bigarren luzean gozatzeko aukera izatea. Baina, hasi orduko, hiru eta lau segundora geneukan Arraun Lagunak, eta azkar hasi nintzen pentsatzen bandera gurea zela». Onartu du bigarren eta azkeneko luzean hegan joan zirela Aquarium paretik barrura: «Gozamen hutsa izan zen helmugara arteko tarte hori». Gozatu arren, ordea, ezin sinetsi irabazi egin zutela, eta denbora luzez egon zen horrela: «Oriora heldutakoan hasi nintzen sinesten irabazi genuela».

Bestelako estropada bat bizitzea tokatu zitzaion Marizkurrenari, estuagoa: «Kanporako bidea agonia hutsa izan zen guretzat, eman eta eman, jo eta jo. Orio lau segundo aurretik ere jarri zitzaigun, niri iruditu arren ez zela hainbesteko aldea; uste nuen pare bat segundo zirela aurretik». Ziabogara buruan heltzeari eman dio aparteko garrantzia: «Baliza baino lehen, olatu bat hartu, eta ziabogara lehendabizi heltzea lortu genuen. Hortik aurrerakoa, bigarren luzea osoa, mantentzea izan zen, baina eman eta eman». Uhartea pasatakoan hasi zen jabetzen banderak ez ziela ihes egingo: «Itsasoa lasai antzean zegoen badia barruan, eta bandera ia gurea zela pentsatu nuen, irabazteko aukera handiak genituela». Bigarren igandean ere irabaziz lortu zuen garaipen preziatua Hondarribiak, baina lana beltz eta asko eginda: «Estropada osoa izan zen sufrikarioa, etenik gabeko lan gogor eta mardula».

Handia zara

Gakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.