Beginok zerbait ezkutatzen zuen

Auzakoak kolpea baino gehiago baduela erakutsi du, eta nagusitasunez irabazi dio Pascuali

Imanol Magro Eizmendi.
2008ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Aritz Beginok aho bete hortz utzi zituen atzo Tolosako Beotibarren baturiko zaleak. Ikusleak harritu zituen, apustulariak, harmailetan zeuden pilotariak, Koka, bere hurrengo aurkaria; Pascual, atzoko kontrarioa eta baita bere burua ere. Hala onartu zuen behintzat partida bukatu berritan. Lehen Mailako buruz burukoan jokaturiko aurreneko partidan nahierara aritu zen. Asko sakatu zuen, bizi, eta ondo bukatu zuen tantoa, dejadaz batez ere. Defentsan ere ezker airea konfiantzaz askatu zuen. Erakustaldia eman zuen, hemendik aurrera egun bateko kontua baino ez den izan ikusi beharko da.

Juantxo Koka izango du aurkari larunbatean, eta Altzakoa urduri irten zen atzo Beotibarretik. Beginok ez du beti atzo bezala jokatuko, baina badu buruz buru ustekaberen bat emateko gairik. Gaia, eta abilezia. Onartu zuenez zazpi pilotaleku saio egin ditu manomanista prestatzeko, asko, eta atzo fruitua eman zuten. Saketik agindu zuen, norabide askorik eman gabe baina oso bizi. Hamar tanto lortu zituen zuzenean; asko atzean, baina beste asko Pascualek airez jotzeko aurreratu zenean. Lizarrakoa kontrarioa nahasten saiatu zen, pauso ozenak eman eta aurrera zihoan keinu eginez. Dena, baina, alferrikakoa izan zen.

Pascualek ezin izan zion aurre egin Beginori. Kantxa erdian piloteatzen saiatu zirenean Auzakoak hiru pilotakada nahikoak izan zituen bizkarra erakusteko. Defentsan ezker airez fin ibili zen eta meritu handiko bolea eta sotamanoak jo zituen. Gehiago mugiaraziko duen kontrario batek gorriak ikusaraziko dizkio, baina atzo ia geldirik jokatu zuen, eroso.

Eroso eta aginduz, eskuinez pilotakada itzelak jo baitzituen. Hala lortu zuen lehen tartea (3-7). Pascualek gora egin zuen, baina saketik eginiko faltak eten zuen bere ibilia. Zalantzazko erabakia izan zen, harmailen erdi aldean eseritako ikusleek erabakia ozen txistukatu zuten. Faltak Pascual partidatik atera zuen, eta Beginok aldea zabaldu zuen (5-12). Tarte horretan konfiantza hartu, eta aurrerakoetan Beginok tanto politak lortu zituen; gehienak, dejadaz.

Pascual, artean, ezinean zebilen. 5-12koan tantoa egin zuen, baina epaileak buelta eman zuen Beginori enbarazu egin ziolakoan. Ikusleek ere ez zuten epailearen erabaki hori ontzat eman. Epailearen lanak ez zion mesederik egin Pascuali, atzo, baina, Lizarrakoak ez zuen epailearengatik galdu.

Azken txanpan Beginok erakustaldiarekin jarraitu zuen. Beotibarrek hamabi koadro ditu, baina errebotea ez zuen urrun izan. Bi huts egin zituen, eta biak gora botarikoak. Tanto politena ere berak lortu zuen, 5-17koa, zazpigarren koadrotik botariko dejada. Beginok egun bakarrean erakutsi zuen ezkutatzen zuen talentu guztia.

Jaialdiko aurreneko partidan Ruben Beloki bueltatu zen. Hiru hilabete zeramatzan jokatu gabe eta eskuin eskua sendatu zaiola erakutsi zuen. Ehun eta berrogeita hamar alditik gora jo zuen eskuinez. Bukatu berritan pozik zen, eta eskuko minik gabe. Bi aste barru ekingo dio buruz burukoari eta hasia da entrenamenduekin.

Azkenik, Enpresen Ligak atzo eman zuen heldu den asteburuko partiden berri. Larunbatean, Labriten, Asegarceko bi partidak jokatuko dira, Olaizola I.a-Xala eta Koka-Begino, astelehenean Aspek erreserbatu baitu Tolosakoa. Eulatek eta Leizak, aldiz, ostiral gauean jokatuko dute, Ortuellan; eta Agirrek eta Peñagarikanok, igandean, Eibarren.



Pascual 7

Begino 22

Iraupena. 37.44.

Pilotakadak. 118

Saketik. Pascualek 2 eta falta bat; Beginok 10.

Markagailua. 0-5, 3-5, 3-7, 4-7, 4-12, 5-12, 5-19, 7-19 eta 7-22.

Besteak. Sarrera txukuna Tolosako Beotibarren, harmailen erdiak baino gehiago bete ziren. Apustuak Pascualen alde irten ziren: 100-80ri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.