Nola biluztu aurkaria

Amorebieta futbol taldeko analista da Nerea Zusberro. Datuz, bideoz eta apuntez josia du ordenagailua, eta haren jarduna nolakoa den kontatu du. Argi du: urratsak egiten segitu eta noizbait goi mailan lan egitea du helburu.

Nerea Zusberro futbol analista. ARITZ LOIOLA / FOKU
Nerea Zusberro futbol analista. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Zornotza
2025eko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bisitarien aldagelan du bulegoa muntatua Amorebietako teknikari taldeak. Hantxe daude, mahai bueltan, entrenatzailea, prestatzaile fisikoa, analista... Bakoitzak behar duen materiala du parean, eta goizean goizetik ari dira lanean. Ordenagailuak, apunteak, arbela... eta, alboan, kafe makina, nola ez. Hamabostean behin desmuntatu behar izaten dute guztia, orain bulego dena aurkarien aldagela izaten delako etxean jokatzen dutenetan.

Entrenamendu egun batean egin die bisita BERRIAk, asteazkenean, eta, beraz, aldagela izanik ere, lantoki gisa dute prestatua. Nerea Zusberro analistak egin dio harrera kazetariari, eta pasioz azaldu dio haren jarduna zertan oinarritzen den. Teknikariaren lanak izaten du ikusgarritasun gehien, baina taldean egiten du lan hark, eta banatuta dauzkate ardurak. Horien artean, inportantea da analistaren egitekoa.

Testuinguruan jartzeko, ohiko aste bat nolakoa den kontatu du Zusberrok. Partida igandean balitz, hauxe da haren asteko plana: astelehenean, bezperako partidaren bideoa erakutsi jokalariei; asteartean, atseden eguna; asteazkenean, aurkariaren azken partida aztertu eta banakako bideoak landu; ostegunean, kontrarioaren bideoa erakutsi eta hurrengo asteko aurkaria aztertzen hasi; ostiralean, hurrengo asteko aurkariarekin jarraitu eta geldikako jokaldien bideoa egin; larunbatean, hurrengo aurkariaren txostena eta bideoa bukatu; eta igandean, partida eguna.

Hau da, futbol egutegiak markatutakoa baino astebete lehenago izaten du dena pronto. «Larunbatean jokatzen badugu, saiatzen naiz aurreko asteko larunbaterako edo ostiralerako aurkariaren txostena prest izaten». Horretarako, lauzpabost partida ikusi eta aztertzen ditu. Ez edozein, hainbat irizpide hartzen ditu kontuan: zer jardunalditakoa den, etxean edo kanpoan jokatutakoa den, kontrarioaren jokatzeko modua... Eta, azkenik, partida jokatzekoa den astean bertan, aurkariaren azken lehia aztertzen du, badaezpada ere.

«Garrantzitsuak iruditzen zaizkidan jokaldiak hautatzen ditut, eta apunte batzuk hartu: hamaikakoa, egitura, nola kokatzen diren... Hainbat aldiz errepikatzen diren gauzak hautematen ditut, aurkaria aldatu arren partida guztietan gertatzen direnak: portaerak, automatismoak, hutsuneak non dauden... Aztertzen dut, halaber, ateko sakean zer egiten duten eta beste. Eta, hori guztia kontuan hartuta, bideoa sortzen dut», azaldu du. Jokalarien informazioa ere biltzen du: zer postutan jokatzen duen bakoitzak, altuera, hankaz eskuina edo ezkerra den... «Baliagarria da aldaketak egiten direnean informazioa izateko».

Badago aintzat hartu beharreko beste kontu bat ere: entrenatzaile bakoitzaren obsesioak. «Adibidez, Aitor —Zulaika, entrenatzailea— obsesionatuta dago alboko sakearekin. Zer nahi duzun jakin behar duzu zertan sakondu jakiteko».

«Larunbatean jokatzen badugu, saiatzen naiz aurreko asteko larunbaterako edo ostiralerako aurkariaren txostena prest izaten»

NEREA ZUSBERRO Futbol analista

Lehen sasoia du Amorebietan Zusberrok; Espainiako Federazioaren Bigarren Mailan dago taldea —aurreko denboraldian Gernikan aritu zen—. Lan egiteko dituen baldintzak eta tresnak, beraz, ez dira elitekoak. Are, kaskartu egin dira: «Gernikan Wyscout programa erabiltzen nuen partidak ikusteko, datuak ateratzeko... Oso baliagarria zen, eta orain ez dugu. Badirudi federazioak ez duela klubekin akordiorik lortu. Lehen ia talde guztiek zuten sarbidea. Ordaindu egin behar zen, baina akordio bat zuten horrelakoak sustatzeko. Orain, gure mailan, ez du inork sarbiderik; bakoitzak bere programa erabiltzen du».

Sumatu du aldea. Hala ere, analistak saretuta daudela kontatu du. «Whatsapp talde bat dugu, eta bakoitzak ardura hartzen du bere taldeak etxean jokatzen dituen partidak grabatu, YT sarera igo eta Whatsapp bidez besteei bidaltzeko. Horrela, behintzat, partidak ikusteko aukera dugu».

Nacsport programa erabiltzen du orain Amorebietako analistak. Bai taldearen analisi propioa egiteko, bai aurkariarena egiteko. Blokeka du sailkatua: baloi irteerak motzean, luzean, baloi galerak, presioa aurkariaren zelaian, kornerrak alde, kornerrak kontra, hegaleko faltak alde, hegaleko faltak kontra, jaurtiketak...

Analisi propioa partidaren hurrengo egunerako egiten du. «Aitorrekin hitz egiten dut ea zer atera nahi dugun. Batzuetan partidaren analisi orokorra izaten da, zer gertatu den ikusteko, eta beste batzuetan gauza espezifikoagoak, konkretuagoak dira: presioa edo baloiaren irteera nola egin ditugun, egitura jakin bat izandakoan zer gertatzen den, eremu batean nola egon garen... Atezainaren bideoa ere beti egiten dugu, eta astero banakako bi bideo egiten ditugu».

Profesional izatea helburu

Maite du futbola Zusberrok, eta sumatzen zaio hitz egiterakoan. Horregatik, argi du zein den bere helburua: profesional izatea, elitean egotea. «Oso burugogorra naiz, eta lanean jarraituko dut. Ez dakit lortuko dudan, baina, behintzat, nire esku dagoen guztia egingo dut».

Familia realzalea du, eta betidanik izan da futbolaren jarraitzailea. Hala ere, 14-15 urterekin «maitemindu» zen kirol horretaz. «Leo Messi jokatzen ikusi, eta inoiz ikusitako gauzarik ederrena iruditu zitzaidan. Hor hasi nintzen futbola pila bat ikusten: Premier Liga, Espainiako Liga… Asteburuetan hiru-lau partida jarraian ikusten nituen».

Hasiera batean zientzia arloko ikasketak egin bazituen ere, unibertsitatean futbolera gerturatu zezakeen zerbait ikastea erabaki zuen, eta kazetaritza hautatu. «Bukatu nuen, baina... Jendeak bokazioa zuen, eta nik ez. Nik futbola ikusi nahi nuen. Bitxia da, ez baitut inoiz futbolean jokatu». Hala ere, badu harremana orain hedabideekin. Futbol analisiak egiten ditu BERRIAn, eta zuzeneko kronikak Euskadi Irratian. Baliagarri zaio, gainera: «Etengabe ari naiz futbola ikusten, eta lehen mailako taldeek joeren inguruko informazioa ematen didate».

Behin unibertsitatea amaituta, UEFA C eta UEFA B entrenatzaile ikastaroak egin zituen, eta analista master bat gero, Madrilen. Analista bideari ekin aurretik, baina, teknikari lanetan ere aritu zen Zusberro. Ohorezko Erregional Mailan Touringeko entrenatzaile izan zen. Teknikari lana ez du hain gustuko: «Entrenatzaile izateko, batez ere taldea gidatzeko gaitasuna izan behar duzu. Azken finean, entrenatzaile batean %50-60 kudeaketa da».

Beste talaia batetik bizi du hark: «Niri jokoa gustatzen zait, nire ikuspuntua ematea, baina beste era batera... Argi nuen, baina hasieran ez nion izenik jartzen». Haren hitzetan, inork ez du erakusten futbola interpretatzen: «Hori zure esperientziaren, zure bisioaren, zure lanaren eta zure ikasteko gogoaren araberakoa da. Futbolean ez da existitzen ‘hau eginez gero hau gertatuko da’; ezinezkoa da. Oso kirol konplexua da».

«Niri jokoa gustatzen zait, nire ikuspuntua ematea baina beste era batera... Argi nuen, baina hasieran ez nion izenik jartzen»

NEREA ZUSBERRO Futbol analista

Futbolak egitura maskulinizatua du, eta entrenatzaile taldeak, oro har, gizonezkoek osatutakoak izaten dira. Aurreiritzi asko ere barneratuta daude. Halaxe kontatu du: «Gertatu izan zait zelai batera joan eta esatea: ‘Aizu, hor duzu ohatila’. Askotan fisioa naizela pentsatzen dute. Oso ondo dago fisioa izatea, baina ez naiz. Bizkerren aritu nintzenean ere, emakumezkoen taldea izanda, neska bakarra nintzen. Oraindik ere gizonezkoek gobernatzen dute mundu hau, hori argi dago».

Ereduak eta erreferenteak izatea garrantzitsua dela azpimarratu du Zusberrok, eta aitortu du gustatuko litzaiokeela bide bat irekitzea. «Futbola futbola da, eta helburua da berdintasuna lortzea: aukera izatea leku batean egoteko gizonezkoa edo emakumezkoa izan. Aitorrek hiru analista izatea aukeran eta generoa aintzat hartu gabe erabakitzea, hori da ideala». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.