Berriro goi mailako proben zerrendan egon nahi du Emakumeen Birak. UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak 2015ean sortu zuen World Tourra, eta Munduko Kopa ordezkatu. Ordutik maila horretatik at dago Bira. Jada datorren urteari begira eginda dauka izendapena berreskuratzeko eskaera, eta uda ostean jakingo da erabakia. Baina hori lortzeko benetako azterketa gaur hasiko da antolatzaileentzat. Izan ere, gaurtik igandera bitarte jokatuko da Biraren 30. aldia. Hala, UCIren oniritzia jaso, zaleei gozarazi, eta 30. urteurrena behar bezala ospatzeko, ibilbide erakargarria prestatu dute. Parte hartzea ere ez da nolanahikoa izango. Hamasei talde ariko dira nor baino nor gehiago, horietatik sei World Tour mailakoak. «Badakigu zaila izango dela izendapena lortzea, beste lasterketa garrantzitsu askok ere eskatu dutelako: adibidez, Poloniako Itzuliak. Baina gogotik lan egiten ari gara horretarako», azaldu du Agustin Ruizek, Biraren antolatzaileak.
Ikuskizunaren alde egin dute antolatzaileek, eta, ibilbidea gogortu ordez, hori bizitasun handiagoa emanda etor daitekeela pentsatu dute. Hala, etapa laburragoen alde egin dute, txirrindularien artean mugimendu eta eraso gehiago egon daitezen. «Emakumeen lasterketak berez dira biziak. Baina Durango-Durango klasikoa gogorra da, eta bezperan korrituta erabaki dugu etapa motzagoak prestatzea. Suabeagoa dela pentsa daiteke, baina hori txirrindularien esku dago. Lehia bizia espero dugu, eta gutxienez azken bi etapetara arte lehen postuetan aldaketak egotea», azaldu du Ruizek.
Guztira, 371,6 kilometro izango ditu, bost etapatan banatuta. Duela bi urte 379,7 izan zituen, eta iaz, 375.5, baina horietan, lehen egunean, oso aitzin-etapa motzak izan ziren: 1,90 eta 3,3 kilometrokoak. Aurten, ordea, ez da aitzin-etaparik jokatuko. Gaur, 50 kilometroko etapari heldu beharko diote, Iurretan hasi eta Iurretan amaituta (Bizkaia). Horrenbestez, oro har aldi honetan etapa motzagoak dira. Guztiek ehun kilometro baino gutxiago dituzte.
Motzak izan arren, egunero izango dute profilak zorroztera joko duen zatiren bat. Gaur, adibidez, Urunin auzora igoko dira, helmugatik hamabi kilometrora. 800 metroko igoera da, hirugarren mailakoa, baina %16ko batez besteko pendizarekin. Bidea, gainera, oso estua da. Beste mendateak ezagunagoak dira txirrindularitza zaleentzat: bigarren etapan, Urkaregi (376 metro) igoko dute; hirugarrenean, Deskarga (492 metro); laugarrenean, Done Mikel Aralarkoa (1.222 metro) eta bosgarrenean, Jaizkibel (455 metro).
Guztira, hamasei talde lehiatuko dira. UCI World Tourren dauden hogei taldeetatik sei erakartzea lortu dute antolatzaileek. Gaur, irteerako marran hauek egongo dira: Orica, Servetto Giusta, Velo-Concept, Cervelo Biglia, Ale Cipollini eta FDJ Futuroscope. «Gehiago ekartzea nahiko genuke, baina World Tour izendapena ez edukita, pozik gaude datozenekin». Horiekin batera, zaleen ikusmina Euskal Herriko bi taldeetan egongo da: Bizkaia Durangon eta Lointeken. «Ibilbidea samurragoa dela kontuan hartuta, aukera ederra dute zerbait polita egiteko».
Parte hartzea kontuan hartuta, lasterketa irabazteko hautagai nagusien hirukoa ondorengoa da: Annemiek van Vleuten herbeheretarra (Orica), Ashleigh Moolman-Pasio hegoafrikarra (Cervelo) eta Shara Gillow australiarra (FDJ). Van Vleuten larri egon zen iaz, Rioko Olinpiar Jokoetan erori ostean. Aurpegian zauri ugari egin zituen, eta bizkarrezurreko hiru orno apurtu. Baina uste baino lehenago osatu zen, eta sasoi honetan puntan dabil. Horren adierazle dira azken asteetan jokatu diren klasikoetan lortu dituen emaitzak: hirugarren sailkatu zen Amstel Gold Racen, laugarren Fleche Wallonen eta bosgarren Lieja-Bastogne-Liejan. Gainera, Cadel Evans Great Ocean Race lasterketa irabazi zuen. Hori gutxi balitz bezala, Durango-Durango klasikoa irabazi zuen atzo. Moolman-Pasiok, berriz, garaipen bat du: Esly Jacobseko probako etapa bat. Gainera, Hegoafrikako txapeldunorde izan da erlojupekoan, eta hirugarren errepidean. Gillow, bestalde, bigarren izan da Australiako erlojupeko txapelketan, eta atzo Durango-Durango klasikoan. Orica eta Cerveloren arteko lehia bat espero daiteke, hortaz. Horiek izango dira lasterketa kontrolatzeko ardura bere gain hartuko dutenak.
Bizkaia Durango eta Lointekentzat berezia da Biran lehiatzea, eta talde lehiakorrak prestatu dituzte. Agurtzane Elorriagak zuzendutako taldean Mavi Garcia izango da taldeburu; Dori Ruanorenean, berriz, Eider Merino —hirugarren izan zen atzo Durango-Durango klasikoan—. Merinorekin batera, beste bost euskal txirrindulari arituko dira. Ane Santesteban (Ale Cipollini), Lierni Lekuona eta Lourdes Oiarbide (Bizkaia Durango), eta Ane Iriarte eta Miriam Gardachal (Espainiako selekzioa).
Egin duten ahaleginarekin, World Tour izendapena berreskuratu nahi dute. Bide horretan diru sariak hobetu dituzte. Gainera, azpiegitura berriak jarri dituzte. Aurreko urteetan bezala, halaber, lasterketa Bizkaitik ere atera dute. «Guretzat oso inportantea izan da hori. Nafarroako eta Gipuzkoako herriek oso jarrera ona dute, eta Iparraldera ere joan nahiko genuke, baina zaila da segurtasun aldetik». Aurten ere ETBk laburpena emango du egunero, eta azken etapa, zuzenean.
Begiz jota dauka World Tourra
Gaur hasiko da Emakumeen 30. Bira, Iurretan. Ibilbide motzagoa izango du, eta, azkenean, hamasei talde arituko dira lehian, horietatik sei maila gorenekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu