Behar denean, behar den tokian

Arraun elkarteetan, ezinbesteko lana egiten dute boluntarioek estropadetako azpiegitura kudeatzeari dagokionez. Horren adibide dira asteburuetan traineruak atoietan garraiatzen dituztenak.

Joxe Iarza eta Luis Mari Larretxea kamioiarekin, traineruak atzean dituztela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Joxe Iarza eta Luis Mari Larretxea kamioiarekin, traineruak atzean dituztela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
nerea intxausti
Hondarribia
2025eko abuztuaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uretako epaileek bandera zuria jaisten dutenean hasten da estropadetako lehia. Halere, elkarteak askoz lehenago hasten dira traineruak lehian aritu ahal izateko azpiegitura prestatzen. Eta elkarte bakoitzean pertsona jakin batzuei esker ateratzen dira aurrera lan horiek.

Material asko eta oso jakina behar da estropada bat jokatzeko, baina, beharbada, traineruak dira beharrezkoenak eta ezagunenak. Berrehun kilotik gorako ontzi horiek atoian garraiatu behar izaten dira estropada izango den herriko portu edo itsasertzeraino.

Bada, horrelako hiru garraiatzen dituzte asteburuero Hondarribia arraun elkartekoek: bi atoi eramaten dituzte TKEko estropadak diren lekura, eta beste bat KAE2 ligako estropada den lekura. Horiek garraiatzeaz arduratzen dira Joxe Iarza eta Luis Mari Larretxea, besteak beste.

Galiziatik iritsi eta biharamunean hitz egin dute BERRIArekin. «Oso ondo» egin zuten Galiziatik etxerako bidea: «Erraz, ohituta baikaude. Horrelako bi bidaia egiten ditugu urtero», adierazi du Iarzak. Erantsi du gustatzen zaizkiola horrelako asteburuak: «Bizpahiru egun pasatzen baititugu han: lana egiten dugu, baina otordu bereziren bat ere egiten dugu».

«Arraunlariek asko eskertzen dute gure lana, eta esan egiten digute»

JOXE IARZA Kamioi atoidunen gidaria

Kamioi atoidunean denbora gehiago behar izaten dute bidea egiteko autoan baino, eta lanean ostirala jai hartu zuen bidaia egiteko. Galiziaraino eraman zuen kamioi atoiduna, eta buelta: zortzi ordu eta berrogei minutuan heldu ziren Hondarribira (Gipuzkoa): «Baina 40 minutu geldituta, e», zehaztu du txoferrak. Normalean, launa pertsona joaten dira kamioietan, eta txandakatu egiten dira.

Normalean, Iarzak gizonezkoen Euskolabel ligako trainerua eramaten du; Larretxeak, berriz, emakumezkoen trainerua duen kamioia hartzen du normalean. Galiziarako bidaian, Larretxeak eraman zuen kamioia; bueltan, beste batek. Kontatu du «entretenituta» joaten dela gidatu bitartean.

Ostiralean, entrenamendua bukatu, trainerua garbitu, eta atoira igotzen dute arraunlariek: «Guk laguntzen dugu, baina haien ardura da. Gainera, jende asko behar izaten da gauza horiek mugitzeko». Atoian eraman ohi dituzte zodiaka, haren orga, arraunak, aulkiak eta palkak. Gainerako materiala kamioian eramaten dute: karpak, ura, belakiak, gomak, ergometroak... «Beti prestatzen da dena bezperan, egunean bertan atera besterik ez egiteko».

Lasai atera ohi dira estropada eremurantz; ateratzeko ordua helmugaren arabera jartzen dute: «Gustatzen zaigu denborarekin ateratzea, bi ordu eta erdi edo hiru ordu lehenago bertan egoteko moduan». Posible denean, toki onena hartzen ahalegintzen dira, arraunlariek ahalik eta denbora gutxien eramateko trainerua bizkarrean.

Gero, estropadak iraun bitartean, atoiaren inguruan geratu ohi dira. Ezagutzen dituzte beste taldeetan ere atoi inguruan geratzen direnak. «Normalean jende bera ibiltzen gara beti atoia garraiatzen».

25 urte bueltaka

Hondarribiko taldearen jarraitzaile amorratua da Iarza. Lagun kuadrilla bat animatu zelako hasi zen klubean: «Lagun batzuek arrauna utzi zutenean, zuzendaritzan sartu ziren, eta ni ere animatu nintzen, laguntzeagatik». 25 urte daramatza atoiak alde batetik bestera eramaten, izan traineruak garraiatzeko edo izan aulki mugikorreko ontziak garraiatzeko.

Izan ere, atoia ez dute udan soilik garraiatzen: aulki mugikorreko denboraldia abenduan abiatzen da, eta modalitate horretarako ontziak ere eramaten dituzte alde batetik bestera: Oriora (Gipuzkoa), Legutiora (Araba)... Aulki mugikorreko Espainiako Txapelketa jokatzean, Sevillara (Espainia) eta Bañolasera (Herrialde Katalanak) ere joaten dira.

Txofer lanak egiten dituzten guztiak boluntarioak dira: «Laguntzen ari garenetako batzuek lan egiten dugu, eta beste batzuk erretiratuak dira». Haiek egindako lanik gabe, elkarte askok zail izango lukete aurrera ateratzea. Halere, Iarzari ez zaio hain garrantzitsua iruditzen: «Beti izango da lan hori egingo duen inor; gu honetan hasi baino lehen, baziren traineruak uretan».

Ziur da haiek boluntario lana uztean beste batzuk izango direla erreleboa hartzeko: «Beti egoten da laguntzeko prest dagoen jendea». Halere, badaki lagungarri direla: «Arraunlariek asko eskertzen dute gure lana, eta esan egiten digute». Aspertzean edo nekatzean utziko duela esan du Iarzak, baina oraingoz gustura dabilela: «Gustuko tokian, aldaparik ez». Arraunlariek ere horixe esaten dute arraunaz.

Bihar prestatuko dute atoia beste behin, astebururako. Larunbatean eta igandean Zarautzera eramango dute kamioia, atzean estropada jokatzeko ezinbesteko materiala dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.