Sailkapenak, puntu premiak eta jokoak eragindako zalantzek irabazteko beharra sortu diote Realari gaurko partidari begira. 16. postuan dira donostiarrak, bigarren mailara jaisteko postuetan diren taldeek dituzten puntu kopuru berdinarekin. 21 puntu izan dira jokoan, eta bost bildu ditu Realak zazpi jardunalditan.
Garaipenik ez dute lortu txuri-urdinek Real Madrili 4-2 irabazi zionetik. Berdinketa urratu zuen Vigon, eta beste horrenbeste Valentziarekin, itxura ona eman arren. Ordea, galdu egin du Eibar, Almeria, Sevilla eta Espanyolen aurka; Bartzelonan jokatu zuen duela bi aste, eta 2-0eko porrotak zalantzak piztu zituen berriro ere taldearen jokoaren inguruan.
Gaur, Yuri Berchiche izango da berritasun nagusia hamaikakoan. Zarauztarrak Alberto de la Bella ordezkatuko du ezker hegalean, min hartuta baitago kataluniarra.