Beharrik ez dagoenean...

Athleticek galdu egin du Mestallan Valentziaren aurka, denboraldiko azken norgehiagokan

Julen Etxeberria.
2009ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Athleticeko jokalariak jada oporretan daude ofizialki. Ez ofizialki, ordea, egun dezente daramatzate, hemezortzi, hain zuzen ere, hilaren 13an Bartzelonaren aurka Espainiako Kopako finala jokatu eta galdu zutenetik. Ordutik Espainiako Ligako hiru partida jokatu ditu talde zuri-gorriak, eta hirurak galdu ditu, azkenekoa, atzo, Mestallan, Valentziaren aurka (2-0).

Zorionez, porrot horiek ez dute eraginik izan sailkapenean, Athletic etxeko lanak eginda iritsi baitzen Kopako finalera, hots, salbazioa ziurtatuta. Denboraldiko azken hiru partidak, beraz, oharkabean pasatu dira. Oharkabean, Athleticek ez baitzuen ezer jokoan. Helburua, beteta zuen. Hori gutxi balitz, Kopan eginiko lan bikainak merezitako saria izan du, Liga eta Kopaz gain, zuri-gorriek beste bi lehiaketa jokatuko baitituzte datorren sasoian: UEFA kopa eta Espainiako Superkopa. Sari bikaina, baina zentzuz landu beharrekoa. Eta horretan hasi da jada Joaquin Caparros. Hark zehaztuko du egin beharrekoa, eta Fernando Garcia Makua buru duen zuzendaritzak izango du hori aurrera eramateko ardura. Zelaian atsedena. Bulegoetan, aldiz, lana.

Atzo ere lana egin zuen Athleticek Mestallan, baina ez zuen puntu beharrik. Bai, ordea, Valentziak. Ez zen gutxiagorako, datorren denboraldian UEFA kopa jokatzea zuen jokoan etxeko taldeak, Athleticek aspaldi patrikan duena. Horretarako, puntu bat lortu behar zuen, edo Deportivok etxean Bartzelonari ez irabaztea. Badaezpada, eta aurkarien hutsen zain egon behar ez izateko, etxeko lanak ondo egin zituen. Irabazi egin zuen, eta UEFA koparako sailkapena ziurtatu.

Athleticek ondo hasi zuen partida, arriskua sortuz, baina zazpigarren minutuan Valentziak lehen gola sartu zuen, Villak. BehinAthleticen hesia zulatuta, etxeko taldeak bere nagusitasuna areagotu zuen. Aise hasi zen Iraizozen ate ingurura iristen, baita aukera garbiak sortzen ere, baina Valentziako jokalariek ez zuten jokaldiak amaitzen asmatu. Horrela amaitu zen lehen zatia.

Bigarren zatian, ordea, bi taldeek izan zituzten aukera garbiak golen bat sartzeko, baina Cesar eta Iraizoz ederki aritu ziren atepean. Azken minutuan eta emaitza ez zela aldatuko zirudienean Villak bigarren gola sartu zuen, eta neurketa erabakita utzi. Hortxe amaitu zen partida, eta denboraldia.



Valentzia 2

Athletic 0

Valentzia. Cesar; Miguel, Albiol, Alexis, Moretti; Marchena (Curro Torres, 91. min.), Edu; Joaquin (Vicente, 66. min.), Michel (Morientes, 82. min.), Pablo; eta Villa.

Athletic. Iraizoz; Iraola, Gurpegi, Amorebieta, Balentziaga; Orbaiz (Muñoz, 46. min.), Javi Martinez; David Lopez, Yeste (Ion Velez, 46. min.), Susaeta (Etxeberria, 61. min.); eta Llorente.

Golak. 1-0. Villak (7. min.). 2-0. Villak (90. min.).

Epailea. Velasco Carballo. Txartel horia: Valentziako Villari, Marchenari eta Eduri; Athleticeko Gurpegiri, eta Ion Velezi. Txartel gorria: Balentziagari, bi txartel hori ikusi ostean (77. min.)

Bestelakoak. 40.000 ikusle inguru Mestalla estadioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.