Kim Clijstersek zur eta lur utzi zuen tenisaren mundua 2009ko irailean. AEBetako Irekia irabazi zuen bigarren aldiz, ama izanda eta bi urtez pistetatik kanpo egon ondoren. Inork ez zuen horrelakorik lortu. Ia urte eta erdi joan da ordutik, eta tenislari belgikarraren jardunak jada ez du inor ustekabean harrapatzen. Ez da harritzekoa. Bi urtez pistetatik at egon ostean lehiara itzuli, eta lehen torneo garrantzitsua irabazi bazuen, zer egiteko gai izango litzateke tenisean buru-belarri arituta? Erantzuna, agerikoa: bada, garaipen zerrenda gizendu eta gizendu. Horixe egin baitu ordutik. Bost torneo irabazi ditu: Brisbane, Miami, Cincinnati, AEBetako Irekia, Maistren Kopa eta Australiako Irekia, azken hori, atzo, Melbournen, finalean Na Li txinatarra mendean hartuta (3-6, 6-3 eta 6-3). Laugarren Grand Slama du, AEBetako Irekia ez den lehena.
Pozik, Clijsters; triste, Li. Txinatarrak ezin izan du beste mugarri bat ezarri ez bere kirol ibilbidean, eta ez Txinako tenisaren historian ere. Izan ere, atzo arte inoiz ez zen jokalari txinatarrik aritu Grand Slam torneo bateko banakako final batean. Lik lehen aukera aprobetxatu nahi zuen, behin atera iritsita barruraino sartzeko. Baina ezin. Atarian geratu da. Clijstersek itxi dio atea.
Bi ordu iraun zuen neurketak, emozioz betetako bi ordu. Gutxik espero zuten horrelakorik, partida nola hasi zen ikusita. Izan ere, belgikarra hasi eta berehala jarri zen aurretik: 2-0. Bazirudien Clijstersek ez ziola aukerarik emango Liri. Usteak ustel. Bi aste lehenago Sydneyko torneoan gertatu zen bezala, txinatarrak gora egin zuen, eta buelta eman markagailuari. Konturatu orduko, harena zen lehen seta: 6-3.
Harrokeriarik gabe
Baina ez. Hortxe amaitu ziren antzekotasunak Sydneyn gertatutakoarekin. Oraingoan Clijsters izan zen behetik gora eginez partida irabazi zuena. Ez zen aurkaria baino askoz gehiago izan. Ez zuen joko ikusgarririk egin. Bere sakeari eutsi, eta Lirena hausteko izandako aukerak baliatu zituen. Sendotasuna eta eraginkortasuna; bi dohain horiek izan zituen makulu. 6-3 eta 6-3 irabazi zituen hurrengo bi setak. Akabo. Harrokeriarik ez, ezta ospakizunetan ere. «Lik inoiz baino hobeto jokatu du nire aurka, baina jokoa aldatu diot, eta horrek min egin dio. Horrela irabazteak, behetik gora eginez, politago egiten du dena. Lasaitua hartu dut irabazita», aitortu zuen Clijstersek. Jarraian etorri zen etorkizunerako asmoen azalpena. « Espero dut hurrengo urtean titulu hau defendatzeko aukera izatea. Ziurrenik hau izango da sasoi osoa egingo dudan azken aldia. Londresko Olinpiar Jokoetan ere jokatu nahiko nuke, baina ikusiko dugu».
Li, berriz, harro azaldu zen Australian egindako lanarekin. «Maila bikainean aritu naiz, eta horrek segurtasuna emango dit etorkizunerako. Gustatuko litzaidake berriro horrelako aukera bat izatea, ordurako erretiroa hartu ez badut, behintzat».
Behetik gora, Clijsters
Belgikarrak Australiako Irekia irabazi du lehen aldiz, finalean Na Li txinatarra mendean hartuta (3-6, 6-3 eta 6-3)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu