Oporretarako toki egokia da Sardinia, baina bainujantziaren ordez maillota eta kulota sartu ditu maletan Diego Uriartek (Barañain, Nafarroa, 2001). Bertako itzulia lehiatzera joan da, Kern Pharmako sei taldekiderekin batera. Etaparen bat irabazteko borrokan izan nahiko luke Uriartek, iaz Andaluziako Itzulian sentitu zuen zoriona berritzeko esperantzaz. Begiak zabaldu zizkion bere ibilbide profesionaleko lehen garaipenak. «Ikusi nuen ziklista gehienentzat daudela aukerak, ez bakarrik Pogacarrentzat eta halakoentzat».
Mallorcan abiatu zenuen denboraldia, eta Valentzian lehiatu zinen hurrena. Nolakoak izan dira lehen inpresioak?
Nahiko onak. Mallorcako egunek zer sasoi dudan ikusteko balio izan zidaten. Neguko lana egin eta gero, sekula ez dakizu lehen lasterketetara nola iritsiko zaren. Egia esan, nahiko ongi ikusi nuen neure burua. Eta gero, Valentzian, pedal kolpe ona dudala baieztatu nuen.
Ihesaldi ona harrapatu zenuen Valentziako itzuliko azken etapan, baina ezin izan zenuen errematatu. Zerbait gehiago egin zenezakeen?
Alde batetik, arantza geratu zait, urtean aukera gutxi izaten delako ihesean garaipena lortzeko. Pena izan zen etapa hura ez irabaztea, baina uste dut egin behar nuena egin nuela, eta, alde horretatik, pozik geratu nintzen. Gainera, iheskideak oso indartsuak ziren, eta tropela gainean genuen. Ez zen jolas egiteko aukera handirik izan.
Iaz, garai honetan lortu zenuen zure ibilbideko lehen garaipena, zehazki, Andaluziako Itzuliko 4. etapan. Berriz ere irabazteko asmotan zabiltza?
Zaila da, garaipenak oso garesti baitaude. Maila handia dago lasterketa guztietan. Horregatik, balio handia ematen diot iaz irabazi nuen etapari. Oso oroitzapen berezia eta polita da. Beti esan ahalko dut garaipen bat lortu dudala ziklista profesional gisa.
Garaipen hura lortu izanak zer eragin izan du zugan?
Gehienbat, ikusi nuen posible dela. Hau da, ziklista gehienentzat daudela aukerak, eta ez bakarrik Pogacarrentzat eta halakoentzat. Gauzak ongi egiten badira, beti badago zirrikitu hori. Eta behin irabazita, konfiantza hartzen duzu aurrera begira. Behin irabazi badut, zergatik ez dut berriro irabaziko?
Kern Pharma pozik dago zure bilakaerarekin, eta iazko urte amaieran 2027ra arte berritu zizun kontratua. Erreferente sentitzen zara taldean?
Nigan geroz eta gehiago sinesten dutela sentitzen dut. Hasieran, taldekideentzat egiten nuen lan; orain, ordea, aukera gehiago izaten dut neroni lehian ibiltzeko. Ardura handiagoa dut tarteka, eta horrek erakusten dit taldeak konfiantza duela nigan. Uste dut urtero urrats bat egin dudala aurrera, eta aurtengo asmoa beste pauso bat eman eta are eta lehiakorragoa izatea da.
Iaz 1.600 kilometro baino gehiago egin zenituen tropeletik ihes eginda. Datu horrek ondo erakusten du nolakoa zaren txirrindulari bezala?
Baliteke, bai. Beti ibili izan naiz ihesaldietan borrokan. Gustuko dut modu horretan lehiatzea, eta horretarako askatasuna ematen dit taldeak. Nire kasuan, hori da garaipenetara hurbiltzeko modurik onena. Azkenean, buruz buruko lehian oso zaila da, tropelean dagoen maila kontuan izanda. Beraz, ihesaldiz ihesaldi ibiliko naiz berriro. Orain arte hori izan da nire lehiatzeko modua, eta ez dut uste bat-batean aldatuko dudanik.
Talde mailan, zeintzuk izango dira aurten Kern Pharmaren helburu nagusiak?
Helburuetako bat Espainiako Vueltara itzultzea zen, iaz gonbidapenik gabe geratu baikinen. Oraingoan deitu egin digute, eta oso lasaigarria da. World Tourretik kanpo zaudenean, inoiz ez dakizu gonbidatuko zaituzten edo ez. Ez dago zure esku. Behin baieztapena jasota, gauzak beste modu batera ikusten dira. Orain, aukera behar bezala baliatzea dagokigu.
Puntu bila aritzea ere funtsezko zeregina izango da, ezta?
Itzuli handietan egon nahi badugu, lehen 30en artean egon behar dugu nahitaez. Beraz, bai, puntuak lortzea ezinbestekoa izango da aurten ere. Iaz gogotik egin behar izan genuen lan behar adina puntu eskuratzeko, eta ziklista bakoitzak gauzak bere modura bizi dituen arren, orokorrean kezka eta presioa sentitu genituen. Azken finean, aurten Vueltan aritu ahal izatea zegoen jokoan.
Ikusmina piztuko du zuen parte hartzeak Vueltan, 2024an hiru etapa irabazi eta gero.
Langa altuegi jarri genuen [barrezka]. Jendeak, agian, aurten berdin aritzea esperoko du. Egia esan, sinestezina izan zen hiru etapa ia jarraian irabaztea. Ia ezinezkoa zen, baina lortu zen. Beraz, saiatu, saiatuko gara emaitza haiek berriz lortzen, zergatik ez. Baina, era berean, gogoan izango dugu hiru asteko itzuliak direla zailenak. Ni 2024an hasiberria nintzen profesional mailan, eta ez nuen Vuelta lehiatzeko aukerarik eduki. Aurten, ordea, Monakoko irteeran egotea da nire asmoa.
Ziklista garrantzitsuak galdu dituzue, hala nola Haimar Etxeberria eta Pau Miquel. Zer esango zenuke aurtengo denboraldirako osatu duzuen taldeaz?
Puntu asko lortzen zituzten ziklistak atera dira, baina urtero ikusi dugu hutsuneek ez diotela kalte handiegirik egiten talde honi, taldean geratu garen txirrindulariok ondo betetzen baititugu hutsune horiek. Egoera ezberdina izango zen argi eta garbi liderra den norbait izango bagenu: hura joatean, ezer gabe geratuko ginateke. Talde hau, ordea, txirrindulari guztien lanak egiten du indartsu.
Taldeko txirrindulari gehienak harrobiko taldean arituak zarete. Zer abantaila dakar horrek gaur egungo ziklismoan?
Lehenik eta behin, goraipatu beharreko zerbait da. Salbuespena gara gaur egungo txirrindularitzan, talde gehienek munduko toki guztietan bilatzen baitituzte ziklista gazteak. Hemen, ordea, harrobia da ardatza. Hori asko nabaritzen da taldeko giroan, taldekide gehienok aspalditik ezagutzen baitugu elkar. Lagun talde bat gara, eta hori abantaila handia da.