Orio taldeko arraunlaria

Itziar Olasagasti: «Beldur asko izan ditut: adibidez, ea maila emango nuen...»

Ibilbide oparoa osatuta, 2020an arrauna utzi zuen Olasagastik, atseden hartu behar zuela eta. Baina ez betiko: berriz gogoa piztu, eta itzuli egin da. Gustura ari da.

Itziar Olasagasti, Orioko arraunlaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Itziar Olasagasti, Orioko arraunlaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Orio
2026ko uztailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herri arraunzalea da Orio, lehen begiratuan antzematen da: bandera horiak daude balkoi ugaritan zintzilik. Eta, herrikoa izanik, arraunari estu lotuta egon da beti Itziar Olasagasti (Orio, Gipuzkoa, 1989). Aitzindaria eta erreferentziazkoa izan da arraunean. 2020an utzi zuen jardun hori, liga eta Kontxa bigarrenez irabazi ostean, eta, bost denboraldi geroago, itzuli da trainerura. Sinplea bezain argia da motiboa: gustuko du.

Zer moduz itzulera?

Utzi nuenean, argi nuen atseden hartu behar nuela, baina ez nekien betirako izango zen edo bueltatuko nintzen. Iaz gogoa sartu zitzaidan, eta, ikusita urrian zer mugimendu izan ziren, zera esan nuen: pausoa emateko garaia da, benetan nahi baitut arraun egin. Baina beldur asko ere izan ditut. Adibidez, ea maila emango nuen... Estropadak aurrera joan ahala, konfiantza hartuz noa. Taldeak ere asko laguntzen du horretan.

Kostatu zaizu martxa hartzea?

Gainontzeko taldekideak baino sei aste lehenago hasi ginen lau lagun. Pixkanaka aritu gara, baina abenduan giharretako min dezente izan nuen. Eta ez abdominaletan, jende guztiak uste duen bezala, baizik izterrean, gluteoan... Hala ere, neguan gozatu egin dut. Aukera izan dut lasai entrenatzeko, eta geroz eta sasoi hobean nago. 2020an nengoen bezala ez, baina asko gerturatu naiz. Sentipenak desberdinak dira. Dena aldatu da, taldea berria da... Orduan, egokitu egin behar. Nik eta talde osoak. Iaztik zortzik bakarrik segitzen dute, eta hamabi berri gaude. Horietatik zortzi ez dira inoiz Euskotren ligan aritu, eta beste laukote horretako hiruk ez dugu arraun egin azken denboraldietan... Egokitze horretan, taldeko beste bat izan naiz. 

Aipatu bezala, aldaketa asko izan dira. Taldeari laguntzeko asmoz ere erabaki duzu bueltatzea?

Bai eta ez. Nahi nuelako bueltatu naiz, eta ikusi dut nire erabakiaren harira askok eman dutela baiezkoa. Baina neure buruari presio hori kendu nahi izan diot. Bost urte daramatzat lehiatu gabe, liga asko aldatu da, asko eboluzionatu du... Inguruan sumatu dut batzuek zera pentsatzen zutela: «zer behar du 37 urterekin berriro arraunean hasteko?». Buelta asko eman dizkiot, eta erantzuna da gustatu egiten zaidala. Bost urte geldirik egon eta gero, hamalaukoan sartzeko gaitasuna dut, aukerak ditut, eta hor nago.

Utzi zenuenean Xanti Zabaleta zegoen entrenatzaile, baita orain ere. Izan du eraginik horrek?

Bai. Bizipen oso onak izan nituen harekin, eta gustatzen zait bere nola entrenatzen duen. Iruditzen zait hark eragin zezakeela talde honek behar zituen aldaketetako bat. Talde dinamikan oso gustura gaude.

Hain zuzen, liga eta Kontxako Bandera irabazita utzi zenuen arrauna. Egoera oso bestelakoa da orain. 

Utzi nuenetik hona, liga asko aldatu da. Lehen lau ontzi aritzen ginen, eta orain zortzi. Egia da Arraun Lagunak gainontzeko guztiak baino koska bat edo bi gorago dagoela. Gero, agian, Tolosaldea dago. Baina beste guztiak hortxe gaude. Hirugarrenetik zortzigarrenera bost-hamar segundo daude, eta edozein huts txikigatik galtzen dira puntuak. Gertatu zaigu: asteburu batean bigarren egin, eta hurrengoan zortzigarren izatea. Orain dela sei urte, estropada txar bat egiten bazenuen, puntu bat galtzen zenuen, eta oso txarra egiten bazenuen, bi. Postuak oso finkatuta zeuden. Azken urteotan gauzak aldatzen ari dira, eta uste dut aurten oraindik ere nabarmenagoa izan dela. Horrek jokoa ematen dio ligari. 

Oriok gorabeheratsu hasi du denboraldia. Nola ikusten duzu taldea?

Neguan ez dugu asko espekulatu. Badakigu huts txikiena eginez gero atzera joango garela, eta dena ondo ateratzen bada aurrera begira egongo garela. Egonkortasuna lortzea da gure helburua. Multzoa sendotzen ari gara. Azaroan nola geunden ikusita, oso-oso ona da oraintxe ohorezko txandagatik borrokan egotea. 

Zabaletak aipatu zuen gauza askotan hutsetik hasi beharko zenutela, eta aurrera begirako proiektu bat garatu nahi zuela. Zuk ere bizi izan zenuen aurrez taldearen bilakaera eta garapena. Hori da asmoa?

Bai. Aurreko aldian urtez urte aritu ginen goranzko pausoak ematen. Orain, aldaketak izan dira, eta, hortaz, hasiera bat da, baina aurrera begiratu nahi dugu. Bi bide daude. Jendea asko estutuz gero, agian lortuko dituzu emaitzak, baina hurrengo urtean igual ez duzu jenderik edukiko. Eta gazte mailetatik igotakoek segitzea nahi baduzu, ikasketa prozesu horretan ere lan egin behar duzu. Puzzlea egin behar izan dugu, inor kanpoan ez geratzeko. Jendea gustura dagoela dirudi.

«Orioko estropadan, emakumezkoen estropada bukatu eta gero, barrura gentozela, herriko ontzi pilo bat zihoazen kamiseta horiarekin itsasorantz. Horrek min ematen du»

Iaz hainbat arraunlarik salatu zuten klubeko zuzendaritzak «mespretxatu eta gutxietsi» egin zituela. Zuzendaritzan zaude zu. Nola hartu zenuen?

Urte gogorra izan zen, egia esan. Pasatu zena pasatu eta gero, gauza batzuk aldatu dira, eta aldatzen ari dira. Klubak konpromiso handia hartu du. Berdintasun plana egiteko eskatzen ari ziren, eta harago jotzea erabaki dugu. Udalaren laguntzaz, ongizate plan bat garatu dugu. Gizonezkoen eta emakumezkoen taldeekin, entrenatzaile guztiekin eta zuzendaritzakoekin elkartuta diseinatu da plana. Gauza batzuk martxan jarri dira, baina planak denbora eskatzen du. Atera dudan ondorioa da aldaketa eragin egin behar dela, eta prozesu horretan guztiak sartzen dira. Zaleak ere inportanteak dira. Adibide txiki bat: igandeko Orioko estropadan, emakumezkoen estropada bukatu eta gero, barrura gentozela, herriko ontzi pilo bat zihoazen kamiseta horiarekin itsasorantz. Horiek denak ez ziren joan emakumezkoen estropada ikustera, eta horrek min ematen du. Gizonezkoen taldea edo elkartea animatzen duzu? Elkartekook mezu hori helarazi nahi dugu.

Oraindik ere kostatzen da emakumeen traineruen alde egitea? Bigarren mailan ezartzen dira?

Tolosaldean, Zumaian eta Orion hamabi alta eta baja inguru izan dira. Zortzi traineruko liga batean hiruk behintzat urte batetik bestera tripulazio erdia aldatzea... Gizonezkoen talde bat osatzea kostatzen bada, emakumezkoena are gehiago kostatzen da. Gizonezkoetan lau-bost aldaketa izaten dira, baina hamabi... Ontzi osoa da ia.

Bidea dago egiteko.

Bai. Telebista hor dago, ikusgaitasuna dugu, prentsak ere bien aldeko apustua egiten du batzuetan... Baina beste batzuetan ez. Sare sozialetan, adibidez, iruditzen zait gizonezkoena askoz gehiago mugitzen dela.

Urte asko egin dituzu arraunean, eta aitzindaria izan zara. Orioren aurreneko batela  haur eta kadeteen mailan, Orioren aurreneko trainerua emakumezkoetan, Orioren lehen zortziko ontzia aulki mugikorrean... Gauza asko bizi izan dituzu. Zer nabarmenduko zenuke egindako ibilbidetik?

Kuadrillan hasi ginen arraunean, jolasean, eta trainerurako jauzia 18-19 urte genituela tokatu zitzaigun. Oriok 2010ean atera zuen trainerua aurrenekoz, eta hortik aurreraka joan gara. Orain gazte mailetan ere badago jendea, nahiz eta beti nahi dugun gehiago. Aurten bi jubenil batu zaizkigu, baina infantiletan hamar neska edukitzeak ez du esan nahi guztiak iritsiko direnik. Hor lanketa egin behar dugu.

Badago bete nahiko zenukeen ametsik?

Erretiratutakoan esan nuen Espainiako Txapelketarik ez nuela irabazi, eta aurten irabazi dut, trainerilletan. Arantza hori kenduta dago. Gustatuko litzaidake Euskotren ligako beste banderaren bat irabaztea, baina zaila izango da oraingoz.

Denboraldi bat baino gehiago egiteko asmoa duzu?

Ez dakit. Gustura nagoen bitartean segituko dut. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA