Pello Bilbao. Bahrain taldeko txirrindularia

«Beldur nintzen aurtengo Tourrean ez ote nuen etaparik irabaziko»

Pello Bilbaok etapa garaipen bat zuen aurten helburutzat. Etxean lortu ez arren, hamargarren etapa irabazi, eta Gino Mader taldekide ohiari eskaini ahal izan zion garaipena. Gernikarra «gustura» dago egindako Tourrarekin.

«Beldur nintzen aurtengo Tourrean ez ote nuen etaparik irabaziko».
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Uztailaren 1ean abiatu zen Frantziako Tourra Euskal Herritik, eta hilaren 23an iritsi zen Parisera. Han dago oraindik Pello Bilbao (Gernika, Bizkaia, 1990), familiarekin Frantziako hiriburuaz gozatzen. Euskal Herria protagonista izan da munduko lasterketarik entzutetsuenean, baita euskal ziklistak ere. Bahraineko gernikarrari ekitaldi honek merezi duen amaiera ematea besterik ez zaio falta.

Dagoeneko Tourrean lortutakoa barneratuta?

Bai, bai. Emozioz beterikoa izan da, oso intentsoa. Orain lasaiago nago, baina etxera bueltatzean igarriko da jendea oraindik hitz egiteko gogoz egongo dela. Gainera, ostegun arratsalderako [bihar] omenaldi moduko bat antolatu dute.

Askok itxaropen handia zeukaten euskal txirrindulariekin aurtengo Tourrean. Zuek ere beste motibazio batekin prestatuko zenuten lasterketa, ezta?

Lehenengo bi etapak bereziki. Nire biziko lasterketarik garrantzitsuena izango balitz bezalaxe prestatu ditut. Zerbait berezia egin nahi nuen etxeko etapetan garaipenaren lehian egoteko, eta inoiz baino gogorrago entrenatu naiz. Sei orduko entrenamendu asko egin ditut, eta motorraren atzetik ere dezente ibili naiz, lasterketako egoerak simulatzen...

Zer balorazio egiten duzu Euskal Herriko hiru etapez?

21 aukera daude Tourrean, eta etxeko baten bat irabaztea oso zaila zen, hori banekien. Pentsa, Wout Van Aert [Jumbo-Visma] bera garaipenik gabe joan zen etxera. Baina, orokorrean, oso ona.

Saiatu gabe ez zinen gelditu. Aurreneko etapan zulatu batek jokoz kanpo utzi zintuen. Baina, bigarrengoan, Jaizkibelen behera ez zenuen birritan pentsatu erasoa jotzeko.

Bai, aurrenekoan lasterketatik jokoz kanpo gelditu izanaren arantza gelditu zitzaidan, eta Donostian kendu ahal izan nuen. Egun horretako plana oso argi geneukan. Jumbo indartsu batekin aurkitu ginen, eta oso zaila zen ezustekoa ematea. Baina, tira, nik haiei eragindako higaduraren ondorioz, Codifisek garaipena lortu zuen Victor Lafayrekin. Bestela, segur aski Van Aertek irabaziko zukeen. Eta polita izan zen niretzat Lafayk irabaztea. Jumbo beti ikusten dugu hasieratik garaipenak lortzen, Tourra kontrolatzen… polita da garaipenak gainontzekoen artean banatzea.

Pirinioetan, Mikel Landa lehiatzeko ez zegoela ikusi zenutenean, zuri behintzat ez zitzaizun asko kostatu txipa aldatzea. Ihesaldietan pentsatzen hasita zeudela esan zenuen etapa amaiera bertan. Zerbaiten susmorik al zenuten ordurako?

Nire asmoa horixe zen hasieratik. Ez gara sailkapen nagusiari begira bakarrik joan, ezaugarri ezberdinetako ziklistak eraman ditugu etapa ehizan ibiltzeko. Taldea konturatu da hori dela korritzeko modurik interesgarriena guretzat, eta emaitza on gehien eman dizkiguna. Baina bai, orduan taldeak esan zidan sailkapenari pixka bat begiratzeko. Ez zuten nahi nik denbora apropos galtzea gero ihesaldi bat harrapatzeko.

Jonas Vingegaard eta Tadej Pogacarrekin oso zaila da sailkapen nagusia lehiatzea..

Bai, bai. Eta eskerrak bi diren maila hori dutenak eta ez bakarra. Bestela, oso Tour aspergarria ikusiko genukeen. Zortez bi dira, eta sekulako ikuskizuna sortu da haiei esker. Aspaldiko Tourrik interesgarriena ikusi dugu.

Azkenean iritsi zen egun handia. Hamargarren etapan bi helburuak bete zenituen: garaipena eta jauzi izugarria sailkapenean. Bi baten prezioan.

Zaila izaten da hori egitea. Aurreneko hamarren artean daudenek, normalean, ez dute erraza izaten ihesaldiak harrapatzea. Baina nik momentu oso kritiko batean jo nuen erasoa, 50 kilometrotan erasoka ibili ostean. Eta argi zegoen Jumbok baten bati ihes egiten utzi beharko ziola. Ezin aukera hori pasatzen utzi.

Ikusgarria da Tourrean helmugan besoak jasotzea, baina lortu zenuen modua ere izugarria izan zen. Ihesaldia sortzeko lanean aritu zinen, gero erreleboak ematen, eta azken kilometroetan ez zinen urduri jarri. Dena une oro kontrolpean zenuela zirudien.

Une batzuetan beldurra ere sartu zitzaidan, «gehiegi gastatzen ari naiz ihesaldian» pentsatu nuen. Besteak baino lan gehiago egiten ari nintzela sentitu nuen. Hala ere, uste dut erritmoa jartzeko erantzukizuna nuela, eta gainerako iheslariei lanerako borondatea nuela erakutsi nahi izan nien. Baina, orokorrean, esango nuke odol hotzez jokatu nuela, egoera guztiak oso ondo aztertzen. Alde horretatik, lasterketa biribila izan zen, eta erremate bikaina eman ahal izan nion.

Gainera, bazenuen ospatzeko nahiko motibo.

Helmuga pasata, barruan gordea nuen amorru guztia atera nuen kanpora. Beldur nintzen aurtengo Tourrean ez ote nuen etaparik irabaziko. Aukera on asko galduta ordurako, sailkapenari bideratuta pixka bat… Helburua bete eta Ginori (Mader) garaipena eskaini ahal izango niola ikusitakoan, sekulako poza eta lasaitua hartu nuen. Izugarria izan zen.

Sailkapeneko lehian bete-betean sartu zinen. Zure gorputzaldi ona ikusita, podiumarekin amestera iritsi al zineten?

Uneren batean bai, amestu genuen podiumarekin. Erlojupekoa egin ostean, esaterako, sekulako sentsazioak eduki nituen, eta taldea hasi zen podiumeko aukerekin amesten. Hurrengo etapan, Col de La Lozekoan, ihesaldian sartu nintzen, alde handia hartu genuen, eta uste genuen ziklista batzuk lehertzeko aukera zegoela. Baina, azkenean, ezin izan zen.

Erlojupekoa aipatuta, sekulako erakustaldia egin zenuen bertan. Laugarren izan zinen. Zure ibilbideko onena izan dela esan al dezakegu?

Bai. Ni presiorik gabe atera nintzen, eta nire ezaugarrietara oso ondo moldatzen zen ibilbidea zen, gainera. Oso-oso aproposa zen niretzat. Gutxitan aurkitzen dira horrelako erlojupekoak. Tourrean dagoen maila kontuan izanda, inoizko nire erlojupekorik onena izan da.

Azken astean, orokorrean, primeran aritu zinen. Hain ekitaldi gogorra izanik hasiera-hasieratik, horrela iristea espero al zenuen azken egunetara?

Egunez egun egin dudan lasterketa bat izan da. Bigarren astean, aste horretako etapak ikusten nituen liburuxkan, sekula ez nuen behar baino orrialde gehiago pasatzen hirugarrenean zer zetorkigun ikusteko. Hasierako etapetarako sasoiko egon nahian gerta zitekeen gero zerbait falta izatea, baina buruak laguntzen duenean, eta beste arazorik ez baldin badago, nire kasuan behintzat, ondo aritu izan naiz azken astean.

Etapa garaipena, seigarren sailkapen nagusian… horrelako beste pare bat Tour eginda, Urdaibai osoa erosteko moduan izango zara…

Oso gustura nago Basos elkartearekin elkarlanean Urdaibain lursailak erosi eta bertako zuhaitzez betetzeko proiektuak izan duen harrerarekin. Erraza zen Urdaibai inguruko jendearengana heltzea, baina mundu osoko jendeak jarri du bere aletxoa. Crowdfounding-eko %100 lortuta dago, orain nire ekarpena egitea bakarrik falta da. Baina nik dirua beste proiektu batera bideratuko dut; beste batzuk ditut buruan eta ez dut nahi hau proiektu batean bakarrik gelditzea.

Hori guztia esanda, zer nota emango zenioke Tourrari?

Bederatzi bat. Oso ona izan da, baina, zaila izan arren, beti dago hobetzeko zerbait.

Zer falta izan zaio hamarra izateko?

Etxean irabazi izana, edo Parisko podiumean egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.