PILOTA

Belokiren azken Buruz Buruko Txapelketa

Larunbatean hasiko da Eskuz Banakako Txapelketa, eta aurtengoa bere azken txapelketa izango dela baieztatu du Ruben Belokik aurkezpenean. Irujo txapeldunak, aldiz, fibrosia dauka ezker eskuan eta ez daki garaiz osatuko den —maiatzaren 15ean sartuko litzateke lehian—.

2011ko apirilaren 19a
16:38
Entzun

Bilbon aurkeztu dute gaur EPELen Eskuz Banakako Txapelketa. Kanporaketak eta adarrak zehaztuta gelditu dira bertan, baina Ruben Belokik eta Juan Martinez de Irujo egungo txapeldunak eman dute zeresana. Belokik, aurtengoa bere azken Manomanista izango dela baieztatu du —hamazazpigarrena izango da—, eta Irujok, aldiz, ezkerreko eskuan fibrosia daukala jakinarazi du eta ez dakiela garaiz osatuko den. Irujok 2008an ere izan zuen fibrosia eskuineko eskuan eta ebakuntza egin behar izan zioten orduan. Aurtengo lehiaketan maiatzaren 15ean sartuko litzateke —ia lau aste ditu erabat osatzeko—.

Txapelketa larunbatean hasiko da. Bi partida jokatuko dira egun horretan: Urrutikoetxea eta Beroiz ariko dira Haron (Errioxa, Espainia) eta Beloki eta Idoate Iruñean. A adarreko partida da lehenengoa, eta Retegi Bi eta Xala dira adar bereko beste pilotariak. B adarrekoa da Iruñeko partida, eta Gonzalez eta Olaizola I.a dira multzo bereko beste pilotariak.

Igandean D adarreko partida jokatuko dute Ezkarain (Errioxa, Espainia): Merino II.a-Albisu. Adar bereko beste pilotariak Olaizola II.a eta Irujo dira.

Astelehenean C adarreko partida izango da Eibarren: Lasa-Arretxe II.a. Talde bereko beste pilotariak Bengoetxea VI.a eta Ruiz dira.

A eta B adarrak finalerdietan gurutzatuko dira, eta C eta D adarrak ere bai. Eskailera sistemara bueltatu da aurten txapelketa, eta sakeak lau koadro t'erditik aterako dituzte. Horiek dira berritasun nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.