Beñat Intxaustik prentsaurreko bat egingo du astelehenean, ziurrenik, txirrindularitza uzteko erabakia hartu duela adierazteko. 33 urterekin, hamabi denboraldiko ibilbidearen ostean esango dio agur tropel profesionalari. Garaipen asko izan ez arren, ibilbide oparoa izan du Intxaustik, gaixotasun batek bidea eten zion arte. Saunier Duval, Euskaltel, Movistar, Sky eta Murias taldeetan aritu da profesional gisa.
Pekingo Itzuliko sailkapen orokorra, Italiako Giroko bi etapa —eta sailkapen nagusiko zortzigarren postu bat— eta Asturiasko Itzulia dira Amorebietako txirrindulariak lortutako garaipenetako batzuk. Euskal Herriko Itzuliko sailkapenean bigarren izatea ere lortu zuen, 2010ean. 2016. urtean, ordea, mononukleosiak ibilbide oparoa etenarazi zion. Berriz ere bizikleta gainera igo zen Intxausti, baina ez zuen lehengo maila berreskuratzea lortu. Murias taldearekin egin du bere azken urtea, Sky ahalguztiduna utzi eta gero. Baina 38 lasterketa egun bakarrik izan ditu, eta horietatik hamalautan hanka lurrean jarri behar izan du. Isberguesko Saria izan zen bere azken lehia eguna, irailaren 22an.