Benfica, Milango Inter eta Salzburgo Realaren aurkari Txapeldunen Ligan

D multzoan arituko da Imanol Alguacilen taldea. Multzo «zaila» izan arren, lehiatzeko moduan direla esan dute Aperribaik eta Oiartzabalek

Ainara Arratibel Gascon.
2023ko irailaren 01a
00:00
Entzun
Laugarren ontzian egonda, multzo gogorra egokituko zitzaiola jakina zen. Baina zortea nahiko alde izan zuen atzo Realak, Txapeldunen Ligako multzoen faseko zozketan, Monakon. Imanol Alguacilen taldea D multzoan arituko da, Benficarekin, Milango Interrekin eta Salzburgorekin batera. Mikel Oiartzabal Realeko kapitainak honela aztertu zuen zozketa: «Bagenekien azkenengo ontzian egonda, zozketa ez zela ºguztiz erraza izango. Talde indartsuak egokitu zaizkigu, eta ez da erraza izango. Baina, gutxienez, zalentzat bidaiak nahiko gertu dira, eta alde horretatik pozik gaude».Jokin Aperribai presidente Monakon izan zen, zozketa bertatik bertara jarraitzen, eta hura ere baikor zen: «Multzo parekatua izango dela uste dut, lehiatzeko moduan gaude».

Jakina da multzoen fasea irailaren 19an edo 20an hasiko dela talde txuri-urdinarentzat. Baina gaur zehaztuko da egutegia. Horrenbestez, zale txuri-urdinek gaur arte itxaron beharko dute hegaldiak hartzen hasteko.

Zorte apur bat izan zuela esan daiteke, gertu egon baitzen Bayern Munichen, PSGren edo Manchester Cityren multzoan egoteko. Bereziki gogorra F multzoa, PSGrekin batera Borussia Dortmund, Milan eta Newcastle arituko bitira.

Benfica Roger Schmidtek zuzentzen du, eta jokalarien artean Di Maria, Nicolas Otamendi, Gonçalo Guedes eta Rafa Silva nabarmendu behar dira. Egungo Portugalgo ligako txapelduna da, eta aurreko sasoian Txapeldunen Liga txukuna egin zuen.Hain zuzen ere, Milango Interrek kanporatu zuen final-laurdenetan.Joanekoan 0-2 galdu zuten etxean, baina itzulikoan 3-3 berdindu zuten Milanen. Oso multzoen fase ona egin zuen. Izan ere, lehen postuan sailkatu zen, PSGren eta Juventusen aurretik.

Milango Inter klasikoetako bat da Txapeldunen Ligan. Aurreko sasoian finalera iritsi zen, eta Manchester Cityren aurka galdu zuen: 1-0. Hiru aldiz irabazi du Txapeldunen Liga: 1964ean, 1965ean eta 2010ean. Lehen bietan Europako Kopa deitzen zitzaion txapelketari. Simone Inzaghiren taldea izarrez beteta dago: Lautaro Martinez, Alexis Sanchez, Benjamin Pavard, Joao Mario, Mkhitaryan...

Salzburgo jokalari gaztez osatuta dago. Aurreko sasoian multzoen fasean geratu zen Txapeldunen Ligatik kanpo. Milan eta Chelsea sailkatu ziren aurretik. Europa Ligan final-hamaseirenetan esan zuen agur. Erromak irabazi zion. Matthias Jaisle entrenatzailea Saudi Arabiako ligara joan da, eta haren lekua Gerhard Struberrek hartu du. Jokalari garrantzitsuak galdu ditu: Sesko, Seiwald etaOkafor. Lehen biak Leipzigek fitxatu ditu. Jabe bera dute Salzburgek eta Leipzigek, Red Bull, eta hainbatetan erosten dizkio talde batek besteari jokalariak. Okafor, berriz, Milanera joan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.