Herri Norte (Athletic), Indar Gorri (Osasuna), Mujika taldea (Reala) eta Iraultza 1921 (Alaves) zaleen taldeek ez dute ondo hartu abenduaren 29an Euskal Selekzioa-Bolivia lagunarteko futbol partidan jarraitzaile batzuek Anoeta estadioko harmailetatik bengalak bota izana. "Jakitun gara bengalak jaurti izanak ez diola batere laguntzen gure helburuari —hau da, ofizialtasunari—. Horregatik ez gaude ados horiei eman zitzaien erabilerarekin", esan dute ohar batean. Hurrengo baterako halakorik ez dutela nahi azaldu dute.
Donostiako partidan eta haren ondoren Ertzaintzak izandako jokabidea ere txarretsi dute. "Ertzaintzaren probokazioak salatu nahi ditugu, hala nola partida aurretik bake giroan egin ziren ekintzetan erakutsi zuen jarrera, zentzurik gabeko identifikazioak eta probokazioak barne. Argi utzi nahi dugu gertakarien jatorria ez zela bengaletan egon, hainbat zalek Ertzaintzaren eskutik jasan zuten bortizkerian baizik".
Herri Norteren, Indar Gorriren, Mujika taldearen eta Iraultza 1921en arabera, Ertzaintzak "neurrigabe" oldartu ziren, eta, haien ustez, horren froga da hainbat lagun zauritu izana —dozena bat ertzain ere zauritu ziren—. "Harmaila betetzen zuten milaka pertsonen bizia arriskuan jarri zuten [ertzainek]. Tamalez, badirudi Iñigo Cabacas gaztearen hilketatik batzuen jarrera ez dela ezertan aldatu".
Abenduaren 29an ESAITen ekitaldiek izandako "arrakasta" azpimarratu dute. Haiek, "euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko konpromiso tinkoa" adierazi dute berriro.