TXIRRINDULARITZA

Benjamin Thomasek irabazi du Giroan

Lau txirrindularik osatutako ihesaldiak ezustean hartu du tropela bosgarren etapan, eta frantziarra nagusitu da esprintean. Ez dago aldaketarik sailkapen nagusian.

Benjamin Thomas, garaipena ospatzen. LUCA ZENNARO / EFE
Benjamin Thomas, garaipena ospatzen. LUCA ZENNARO / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko maiatzaren 8a
17:56
Entzun

Ustelak izan ziren Italiako Giroan ihesean irabazteko ahalegin guztiak. Esprinterren taldeek ondo egin zuten euren lana aurreko bi etapetan. 

Baina inoiz egin behar zuten huts. Eta gaur egin dute huts, bosgarren etapan. Gehiegizko konfiantzaz aritu dira, eta, horren ondorioz, berandu hasi dira bete-betean. Konturatu direnerako, harrapaezinak ziren iheslariak. Benjamin Thomas frantziarra (Cofidis) nagusitu da horien artean, Luccako helmugan (Italia). Thomasek Michael Valgrenekin (Education), Andrea Pietrobonekin (Polti) eta Enzo Palenirekin (Groupama) egin du aurrera helmugarako 70 kilometro falta zirela, eta hirurei hartu die aurrea gero esprintean. Lehenbiziko garaipena du itzuli handi batean.

Irabazlearengandik 11 segundora iritsi da tropel nagusia. Horretan zeuden esprinter onenak. Amorratuta ailegatu dira, badakitelako egun batzuetan ez dutela izango beste etapa aproposik. Haiekin batera helmugaratu dira Giroko oilar guztiak, Tadej Pogacar (UAE) maglia arrosaduna buru.    

Esprinterrentzat aproposak ziren asteko lehen hiru etapak. Biharkoa, ordea, oso bestelakoa izango da. Txirrindulariek 180 kilometro egingo dituzte Viareggio eta Rapolano Terme artean (Italia); tartean, 11,6 kilometro egingo dituzte lurbideetan, azkeneko 40 kilometroetan. Strade Bianche klasikoak ezagun egin dituen sterrato zatiak dira. Pogacar bikain moldatzen da horietan, eta horren erakusle da bitan irabazi duela klasikoa azken hiru urteetan.

Ludwig nagusi Iruñean

Cofidisek egun ederra izan du gaur, talde horretako Hannah Ludwig alemaniarrak urrutitik erasoa jota irabazi baitu Nafarroako Klasikoa, Iruñean. Arnelis Sierra (Movistar) izan da bigarren, eta Shirin van Anrooij (Lidl-Trek), hirugarren.

Italiako Giroko 6. etapa. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.