Eskubaloia

Bera Berak eta Beti Onak-ek Iberiar Superkopa jokatuko dute gaur eta bihar, Iruñean

Donostiako taldeak Madeiraren aurka jokatuko du lehen finalerdia, eta, ondoren, Atarrabiakoa Benficaren kontra ariko da. Biek ala biek bikain ekin diote denboraldiari.

Bera Bera-Beti Onak. JUAN ANTONIO GOIKOETXEA
Bera Berak eta Beti Onak-ek denboraldiaurrean Lekunberrin jokatutako lagunarteko partida. JUAN ANTONIO GOIKOETXEA
Julen Etxeberria.
2025eko irailaren 5a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldiko lehen titulua irabazteko lehiatuko dira Bera Bera eta Beti Onak gaur eta bihar, Iruñean, Anaitasuna pabiloian. Espainiako maila nagusian ari diren bi euskal taldeek Iberiar Superkoparen hirugarren ekitaldia jokatuko dute Portugalgo bi talderekin batera: Benficarekin eta Madeirarekin.

Donostiako taldea Madeiraren aurka ariko da gaur, lehen finalerdian, 18:15ean. Ondoren, 20:30ean, Atarrabiakoak (Nafarroa) Benficaren aurka jokatuko du. Bi finalerdietako irabazleek finala jokatuko dute bihar, 20:00etan. Aurretik, 17:45ean, galtzaileak hirugarren eta laugarren posturako lehian ariko dira. Teledeportek zuzenean emango ditu partida guztiak.

Espainiako eta Portugalgo ligako eta kopako txapeldunak aritzen dira Iberiar Superkopan, baina talde berak bi txapelketa horiek irabazten baditu, Kopako txapeldunordeak badu aukera jokatzeko. Horregatik ariko da Beti Onak lehen aldiz Superkopan, baita Europan ere, EHFren Europako Kopan. Bera Berak Liga eta Kopa irabazi zituen aurreko denboraldian, eta Atarrabiako taldea (Nafarroa) Kopako txapeldunorde izan zen. Lehen aldiz aritu zen lehiaketa horren azken fasean, eta estreinako ederra izan zuen. Superkopan etxean ariko da. Ez du jokatuko Atarrabian, baina oso gertu ariko da, Iruñean.

Beti Onak iritsi berria da. Bera Berak, ordea, sekulako eskarmentua du: hirugarrenez ariko da Iberiar Superkopan, hau da, jokatu diren ekitaldi guztietan hartu du parte. Baina donostiarren esperientzia askoz handiago da, makina bat aldiz aritutakoa baita Espainiako Superkopan; hain zuzen, lehiaketa horren ordez jokatzen da Iberiar Superkopa. Bi lehiaketa horiek kontuan hartuta, hamar aldiz izan da txapeldun: zortzi bider Espainiakoan eta bi bider Iberiakoan. Oroitzapen ederra du lehiaketa berri horretaz, jokatu diren bi ekitaldietan izan baita txapeldun: etxean irabazi zuen lehena, finalean Malagari penalti jaurtiketetan nagusituta, eta, Maian (Portugal) lortu zuen bigarren titulua, finalean Elx mendean hartuta.

Hirugarrenez egin nahi du gauza bera. Faboritoa da. Ondo bidean, ez luke arazorik izan behar gaur Madeira mendean hartzeko. Hura baino koska bat gorago dago. Iaz, adibidez, hamar golen aldeaz irabazi zion finalerdietan (22-32). Bera Berak indartsu ekin dio denboraldiari, nagusitasun handiz irabazi baitzion Porriñori ligako lehen partidan, Gaskan: 35-20. Aldiz, Madeirak galdu egin ditu sasoi honetan jokatu dituen bi neurketak, biak ala biak Benficaren aurka: 26-18 Portugalgo Superkopan, eta 22-26 ligan.

«Taldea ondo dago, eta beste titulu bat irabazteko gogoz gaude», esan du Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzaileak. Jokamoldeari dagokionez, azaldu du defentsa egokitu beharko dutela, Madeirak urrutitik min ez egiteko, eta kontraerasoan bizi aritzeko.

Sasoi betean

Beti Onak-ek ere bikain ekin dio sasoiari: ligako lehen partidan, 23na berdindu zuen Malaga ahaltsuarekin etxean; herenegun, berriz, nagusitasunez irabazi zuen Aularen pistan (20-33). Lau sasoi baino ez daramatza Espainiako maila nagusian, baina aurrerapausoak eman eta eman dabil. Gazte lotsagabea da. Gaur, beste urrats bat egin nahi du, baina ez du lan samurra izango, Benfica aurkari zaila baita. Portugalen nagusi da, eta horren erakusle da Ligako, Kopako eta Superkopako jarduneko txapelduna dela.

Miguel Etxeberria taldeko entrenatzaileak berak onartu du Benfica dela faboritoa, «jokalari indartsuak, garaiak eta eskarmentudunak» baititu. Hala ere, azpimarratu du «gogor» saiatuko direla ezustekoa emateko. «Guretzat sari handia da Superkopa jokatzea. Honetaz gozatu behar dugu, eta ausart jokatu. Ea indarrari eusten diogun. Etxeko zaleen animoek lagundu egingo digute horretan. Gogotsu gaude, eta konfiantzaz, min hartutako jokalari asko izan arren oso ondo ari baikara; gu geu harrituta gaude. Ea bolada on honi eusten diogun». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.