Eskubaloia

Bera Berak Iberiar Superkopako finala jokatuko du; Beti Onak-ek, aldiz, ez, gol bakar batengatik galduta

Donostiako taldeak nagusitasunez irabazi dio Madeirari finalerdietan, Iruñeko Anaitasuna pabiloian: 31-21. Atarrabiakoak, ordea, 24-25 galdu du Benficaren kontra. Bera Berak eta Benficak elkarren aurka jokatuko dute finala, bihar.

Lucia Prades. ESPAINIAKO ESKUBALOI FEDERAZIOA
Lucia Prades Bera Berako atezaina, gol bat ospatzen. ESPAINIAKO ESKUBALOI FEDERAZIOA
Julen Etxeberria.
2025eko irailaren 5a
22:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da euskal finalik izango bihar Iberiar Superkopan. Bera Bera denboraldiko lehen titulua irabazteko lehiatuko da. Donostiako taldeak 31-21 irabazi dio gaur Portugalgo Madeira taldeari lehen finalerdian, Iruñeko Anaitasuna pabiloian. Beti Onak-ek, ordea, 24-25 galdu du Portugalgo beste taldearen aurka, Benficaren kontra. Beraz, Bera Berak eta Benficak jokatuko dute finala, 20:00etan (RTVE Play). Aurretik, 17:45ean, hirugarren eta laugarren posturako partida jokatuko dute Beti Onak-ek eta Madeirak.

Bera Berak ez du huts egin. Faborito argia da hirugarrenez jarraian Iberiar Superkopa irabazteko, eta gaur berriro erakutsi du. Jakina zen Madeira baino koska bat gorago dagoela, eta argi utzi du partida hasi eta buka. Hasieratik hasi da garaipena bideratzen, hark sartu baititu lehen lau golak. Gero, Madeira apur bat suspertu da (8-6), baina ez nahikoa Imanol Alvarezek entrenatutako taldea estu hartzeko. Aitzitik, minutuek aurrera egin ahala, aldea handituz joan da, eta atsedenaldian jada ia erabakita utzi du neurketa, bederatzi golen aldea baitzuen: 19-10. Nahieran aritu da: Portugalgo taldeak makina bat baloi galdu ditu, eta donostiarrek ezin hobeto aprobetxatu dituzte, kontraerasoan aurkaria zigortzeko. Hori gutxi ez, eta lehen zatian bikain aritu da Nicole Wiggins Bera Berako atezaina. Bigarren zatian berdintsu izan dira gauzak. Lucia Pradesek lekukoa hartu dio Wigginsi atean. Hura ere ikusgarri aritu da, baita Anne Erauskin eta Elba Alvarez ere. Azkenean, garaipen argia. Urrats bakarra baino ez dute falta beste titulu bat irabazteko.

Beti Onak, ordea, gogotik saiatu da, baina ahaleginak ez du saririk izan, eta nafarrak ez dira ariko finalean. Atarrabiako taldeko jokalari eta entrenatzaileek esana zuten Benfica zela faboritoa irabazteko, eta Portugalgo taldeak usteak baieztatu ditu. Hala ere, gogotik sufritu du, Miguel Etxeberriak entrenatutako taldea nor baino nor gehiago aritu baita neurketa hasi eta buka. Benfica ia partida osoan ibili da aurretik, baina ez da gai izan Beti Onak atzean uzteko: gehienez, hiru golen aldea izan dute portugaldarrek. Horrek meritu handia du, nafarrek duela bi egun eskas jokatu baitzuten ligan, Valladoliden (Espainia). Apenas hartu duten atseden, baina, hala ere, oso lan ona egin dute, eta estu hartu dute aurkaria, nahiz eta ustez koska bat gorago dagoen. Azkenean, gol bakar batengatik galdu dute. Hala ere, argi geratu da Beti Onak luzaroan irauteko etorri dela. 

Bidasoak lana biribildu nahi du

Bidasoak, berriz, bihar jokatuko du. Europako Ligako multzoen fasean sartzeko kanporaketako itzuliko partida jokatuko du, Bragan (Portugal), etxeko taldearen aurka (18:00). Irungo (Gipuzkoa) taldeak eskura dauka lehen ligaxkan aritzea, kanporaketako joaneko neurketan bederatzi golen aldeaz irabazi baitzuen, Artalekun: 35-26. Abantaila handia izan arren, Bidasoa  taldeko jokalari eta entrenatzaileak ez dira fidatzen, eta argi utzi dute helburua berriro irabaztea dela. Aurreko sasoian, Bidasoa Europako Ligako final-laurdenetara iritsi zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.