Imanol Alvarezek Bera Beran jarraituko du gutxienez datozen bi denboraldietan. Donostiako klubak kontratua berritu dio 2022ra arte, eta, hala, sasoi honetan egiten ari den lan ona saritu du. Lider utzi zuen taldea ligan, koronabirusak eragindako etenaren aurretik, partidarik galdu gabe eta bigarrenarekiko lau punturen aldearekin. Puntuetan klubak inoiz lortu gabekoa zeukan lortua, gainera: hamasei jardunalditan 30 puntu eskuratzea.
Alvarez hirugarren sasoia ari zen osatzen Bera Beran, bi alditan banatuta, eta 99 partida zuzendu dizkio taldeari. Hura aulkian dela, bost titulu irabazi ditu taldeak: liga behin, eta Espainiako Kopa eta Superkopa bi bider.
Erabaki honekin, klubak jakinarazi du datorren denboraldia prestatzen hasi dela, eta helburuak ere zehaztu dizkio entrenatzaileari etorkizunerako: Espainiako lehiaketa guztietan aukerak izatea eta Europan aurrera egitea.