Bera Berako jokalariek gaur ekingo diote ligako finalari, Gaskan (20:30, Tdp). Hamargarrenez titulua irabaztea izango dute helburu, eta, aurreko sasoian bezala, donostiarrek Elx izango dute parez pare. Garaikurra kanporaketan bi partida irabazten dituen taldeak altxatuko du. Larunbatean jokatuko dute bigarren partida Elxen (18:00), eta, beste bat behar izanez gero, Donostian neurtuko dituzte indarrak, ekainaren 5ean. Etxean jokatzea mesedegarri zaio Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldeari, aurretik geratu baitzen liga erregularrean.
Donostiarrek denboraldia biribilduko dute liga irabaziz gero, sasoi honetan lortuko duten hirugarren titulua izango baita. Irailean, Iberiar Superkopa irabazi zuten; martxoan, berriz, Espainiako Kopa. Aurreko denboraldian ere hirurak erdietsi zituzten. Baina liga irabaziz gero, aurtengo sasoia biribilagoa izango da, Europan ere distiratsu aritu baitira. Penaltietan galdu zuten Europako Ligako lauko finalean egoteko aukera. Gainera, gailenduz gero, merezitako agurra emango diete Alba Menendezi eta Esther Arrojeriari. Bi kapitainek sasoi amaieran hartuko dute erretiroa, eta iragan asteazkenean, Malagaren aurkako finalerdietako partidan, omenaldi hunkigarria egin zieten Gaskan. Baina garaikur bat jasoz amaitu nahi dute beren kirol ibilbidea.
Bera Bera bolada onean da, bai emaitzei eta bai jokoari erreparatuta. Martxoaren 1ean sei golen aldeaz galdu zuen Eldaren kontra, baina ordutik ligan ez du partidarik galdu. Denak irabazi ditu, bat izan ezik: final-laurdenetako kanporaketako itzuliko partida 33na berdindu zuen Granolleresen aurka Gaskan.
Jokoan ere bete-betean ari da: defentsan sendo, eta erasoan eraginkor, bai kontraerasoan eta bai urrutiko jaurtiketetan. Horri esker, Granollersen eta Malagaren aurkako kanporaketak nagusitasunez gainditu dituzte. Imanol Alvarez teknikariak honela aztertu du gaurko partida: «Lasai jokatu behar dugu, eta aukerak ondo baliatu. Aurreko kanporaketetan ez bezala, oraingo honetan emaitza ez da garrantzitsua izango, baizik eta irabaztea, finala ez baitu golen aldeak erabakiko». Bi taldeak ondo ikusten ditu. «Uste dut Europako multzoen fasean aritu eta gero bi taldeek gora egin dugula. Gure kasuan, sasoi hasieran bikain aritu ginen erasoan; orain, berriz, hobeto ari gara moldatzen defentsan».
Aurkari zaila
Elx harri gogorra da. Aurreko udan jokalari garrantzitsuak galdu zituen, tartean taldeko izarra: Danila So Delgado. Ondorioz estu aritu zen hasieran. Baina Joaquin Rocamora teknikariak talde sendo bat osatzea lortu du beste behin: tekniko-taktikoki oso ondo prestatuta. Hala, finala jokatuko du hirugarren denboraldiz jarraian.
Herrialde Katalanetako taldea sasoiko garairik onenean iritsi da kanporaketetara, eta Porriño eta Guardes utzi ditu bidean. Talde joko indartsua izateaz gain, buruz buruko jokaldietan trebeak diren jokalariak ditu. Kelly de Abreu albokoa eta Nicol Morales atezainak dira taldeko jokalari erabakigarrienak. Hain zuzen ere, duela bi denboraldi, Moralesen geldituek finaletik kanpo utzi zuten Bera Bera. 23 gelditu egin zizkion finalerdietako itzuliko partidan. «Bikain ari dira, baina bihar [gaur] irabazten badiegu, hurrengo bi partidak irabazteko beharra izango dute, eta hori ere baliatu behar dugu, etxean jokatzea gure alde dugulako». Ligan Elxek 33-31 irabazi zuen etxean, eta Bera Berak 19-14 Gaskan.