Bolada eta garai onean iritsi dira Bera Bera eta Elx ligako finalera. Bada, partida kaskarra egin du Herrialde Katalanetako taldeak, eta txukuna Donostiakoak. Beraz, uste baino errazago irabazi du finaleko aurreneko partida, Gaskan: 28-19. Emozio gutxiko lehia izan da.
Jokalariek partida guztietan izaten dute presioa, baina are gehiago finaletan. Hori kudeatzea funtsezkoa da ondo aritzeko. Bada, eragina izan du partida hasieran. Lehen zatian hamar baloi galdu ditu Bera Berak, eta hamabi Elxek. Halere, hobeto kantxaratu da Donostiako taldea. Pare bat kontraerasotan asmatu du, eta 2-0 aurretik jarri da markagailuan. Defentsan sendo hasi da, gainera.
Elx, berriz, ezinean aritu da erasoan, kamuts. Baloi asko galdu ditu, eta behin eta berriz egin du topo Lucia Prades atezainarekin. Meritu handiko geldiketak egin ditu. Donostiarrek, baina, ez dute hori aprobetxatu, eta ez dute lortu aldea handitzea. Kontrara, aurkariaren ezinaz kutsatu dira minutuak aurrera egin ahala. Jokaldiak amaitzeko presa izan dute bi taldeek. Hamaseigarren minutuan, 5-4 aurretik zirela, partida eten du Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzaileak, ikusten zuenarekin kontent ez: «Defentsan oso ondo ari gara lanean, baina, erasoan, bost gol daramatzagu, eta baloi galtze asko».
Zuzenketek balio izan diete donostiarrei, eta bueltan asmatu dute: bi gol sartu ditu Maitane Etxeberriak, eta bat Marie Louisek, markagailuan aldea zabaltzeko. Hala, pixkanaka erosoago aritu da Bera Bera. Atsedenaldira 13-9 joan dira.
Emaitza ez zen txarra, eta azken minutuetan egindako jokoa ere ez. Bada, bigarren zatian horri eutsi diote. Atean horma sendoa eraiki du Pradesek, eta Elxek ez du jakin nola hautsi. Herrialde Katalanetako taldeak bosgarren minutua betea zela sartu du aurreneko gola, hamargarrena.
Bera Berak, berriz, jokoa bizitu du, eta zaleak gozarazi. Behetik gora eginda, jokalariak finago aritu dira bigarren zatian, eta garaipena bideratuta utzi nahi izan dute ahal bezain laster. Hutsegiteak atzean utzi, eta golak bat bestearen atzetik sartu dituzte. 45. minuturako hautsia zuten partida (21-12), eta, panorama ikusita, lan erdiak eginak.
Espero baino errazago aritu dira Imanol Alvarezek zuzendutakoak. Nicol Morales atezaina izan da Elxeko onena, baina taldekideek ez diote asko lagundu. Ez aurrean, ez atzean. Sasoi honetan sendo aritu dira, baina oso bigun gaur. Bukaerara arte, joera horixe izan du partidak. Azkenean, 28-19 bukatu da. Elkarri lepotik helduta eta saltoka ospatu dute garaipena Bera Berako jokalariek.
Urrats erabakigarria falta
Lehen urratsa egin du Bera Berak, baina bigarrena falta zaio, erabakigarria; eta, beraz, garrantzitsuena. Larunbatean jokatuko du bigarren partida, Elxen (18:00). Eta, beste bat behar izanez gero, Donostian neurtuko dituzte indarrak, ekainaren 5ean. Beste garaipen bat baino ez dute behar gipuzkoarrek titulua irabazteko.
Hori lortuz gero, gainera, denboraldia biribilduko dute: Iberiar Superkopa eta Espainiako Kopa irabazi dituzte dagoeneko, eta Europan ere distiratsu ibili dira —lauko finalerako sailkatzear egon dira—.
Ez dute nahi, inolaz ere, aho zapore gozo hori azken orduan mikaztea. Eta agur goxoa eman nahi diete Alba Menendez eta Esther Arrojeria kapitainei ere. Horretarako, hasitakoa bukatzea baino ez zaie falta. Esku-eskura dute: Elxen edo Donostian irabazi, eta kito. Halere, badakite ziurrenik Gaskakoa baino zailagoa izango dela bigarren garaipena eskuratzea.