Aparretan dabil Bera Bera eskubaloi taldea: irabazi eta irabazi. Egitasmo sendoa da. Nekez topa dakioke arrakalarik. Badu, ordea, pitzadura txiki bat: harrobiko jokalariak inoiz baino gutxiago dira lehen taldean. Egun, bakarra ari da: Maitane Etxeberria. Lezoko (Gipuzkoa) jokalariak duela hamabi urte egin zuen estreinakoa Bera Berarekin, eta, ordutik, hura da lehen taldean egonkortu den harrobiko jokalari bakarra. Gipuzkoako 23 jokalarik egin dute debuta tarte horretan, gehienak harrobikoak, baina bakar bat ere ez da luzaroan aritu.
Esther Arrojeriak eta Alba Menendezek erretiroa hartu zuten joan den denboraldiaren amaieran, eta horrek nabarmenago egin du gabezia hori. Biek ala biek harrobitik egin zuten jauzi lehen taldera, eta, gero, kirol ibilbide oso luzea egin. Erretiroa hartu berritan, biek ere kezka azaldu zuten harrobiko jokalarien eskasia zela eta. «Gipuzkoar bakarra geratzen zaigu taldean, Maitane, eta pena da. Urteak dira harrobiko jokalari bat bera ere ez dela egonkortzen lehen taldean. Gainera, gorenera iritsi diren beste jokalari batzuek nahiago izan dute kanpoan jokatu. Gogoeta egin behar da horren inguruan», esan zuen Arrojeriak.
Egin dute gogoeta klubean, eta argi dute lehen taldean zergatik dauden harrobiko horren jokalari gutxi. Tati Garmendia (Donostia, 1974) Bera Bera eskubaloi taldeko kirol arduradunak banan-banan aletu ditu zergatiak. «Lehenik, gero eta haur gutxiago jaiotzen dira. Bigarrenik, lehen baino aukera askoz gehiago dago kirola egiteko; lehen, adibidez, neska oso gutxik jokatzen zuten futbolean. Hirugarrenik, eskubaloian hasten diren haur guztietatik oso gutxi iristen dira gorenera. Laugarrenik, Bera Beran exijentzia handia dago, eta gure helburuak ez dira sailkapeneko azken-aurrenekoak dituenaren parekoak. Eta, azkenik, Gipuzkoako jokalari askori eskaini diegu gure taldean aritzea, eta ezetz esan digute. Oxala gipuzkoar gehiagorekin jokatu ahalko bagenu, baina beti ez da posible».
Garmendia 25 urtez aritu zen Bera Beran. 10 urterekin hasi zen harrobian jokatzen, eta 36 urterekin erretiratu zen, lehen taldean ari zela. Tartean, urtebetez aritu zen Valentziako Osito L’Eliana taldean (Herrialde Katalanak). Haren ustez, «aldea» dago haien eta egungo gazteen pentsamoldearen artean. «Gure garaian, denok geratu nahi genuen hemen. Guk balio izugarria ematen genion etxean egoteari. Kanpora joateko, sekulako eskaintza jaso behar genuen. Orain, ordea, nahiago dute kanpora joan eta etxetik kanpo bizi. Esperientzia hori bizitzea lehenesten dute».
«Gipuzkoako jokalari askori egin diegu eskaintza, eta ezetz esan digute. Oxala gipuzkoar gehiagorekin jokatu ahalko bagenu, baina beti ez da posible»
TATI GARMENDIA Bera Bera eskubaloi taldeko kirol arduraduna
Kirol arloan ere «aldaketa» igarri du. «Guk oso gutxi jokatzen genuen hasieran. Egungo gazteek, ordea, asko jokatu nahi dute iritsi orduko. Baina, gorenean aritzeko, oso-oso gogor egin behar da lan, eta ezinezkoa da beti hirurogei minutu jokatzea. Horregatik, nahiago dute etxetik kanpo joan eta hamargarren postuan dagoen talde batean asko jokatu, hemen hogei minutuz aritu baino. Erabat errespetagarria da hori nahi izatea, baina guk ez genuen horrela pentsatzen. Argi genuen oso gogor egin behar genuela lan jokatzeko». Uste hori indartzeko, hizpidera ekarri du Menendezek hastapenetan zer bizi izan zuen, hau da, zenbat kostatu zitzaion sarri jokatzea. «Albak hasiera beldurgarria izan zuen. Egungo gazte batek hark bizi izandakoa bizi beharko balu, taldetik joango litzateke, ziur».
Azaldu duenez, jokalariak fitxatzeko orduan hurrenkera jakin bati jarraitzen diote: «Lehenik, saiatzen gara Gipuzkoakoak edo ingurukoak fitxatzen; gero, nazionalak [Espainiako Estatukoak], eta, azkenik, atzerritarrak. Kanpokoa Gipuzkoakoa baino pixka bat hobea baldin bada, Gipuzkoakoaren alde egiten dugu. Baina aldea handia baldin bada, bestearen alde egiten dugu».
Hain zuzen, Gipuzkoako jokalariak fitxatzea «lehentasuntzat» daukatenez, urtero saiatu dira baten bat ekartzen. Azkenaldian, baina, dezentek esan diete ezetz. Hiru aipatu ditu: Estitxu Berasategi usurbildarra, Malagako jokalaria; Maddi Bengoetxea errenteriarra, Eldako jokalaria; eta Maria Zaldua oriotarra, Ro’Casako jokalaria. «Estitxuk hiru urtez jokatu zuen gurekin, baina nahiago izan zuen koska bat jaitsi eta Zuazora joan. Han oso ondo aritu zen, eta hura fitxatzen saiatu ginen, baina lortu ez. Maddi eta Maria fitxatzen ere saiatu gara behin baino gehiagotan, baina ez dugu lortu konbentzitzea. Maddi jokalari aproposa litzateke guretzat, baina nahiago izan du Eldara joan, arrazoi pertsonalengatik».
«Guk oso gutxi jokatzen genuen hasieran. Egungo gazteek, ordea, asko jokatu nahi dute iritsi orduko. Ezinezkoa da beti hirurogei minutu jokatzea»
TATI GARMENDIABera Bera eskubaloi taldeko kirol zuzendaria
Oso argi dute ez direla koska bat beherago arituko eta helburu apalagoak lortzeko lehiatuko Gipuzkoako jokalari gehiago izateko. «Nola egingo dugu hori emakumezkoen kirolari ikusgaitasuna emateko egin dugun guztia egin ondoren? Kontua ez da irabaztea soilik, baizik eta emakumezkoak profesionalak izatea eta soldata duinak edukitzea. Zenbat eta gorago aritu, zenbat eta helburu handiagoak izan, orduan eta ikusgaitasun handiagoa izango dugu. Zer esango diet nik Estherri, Albari eta Maitaneri? Etor zaitezte hamargarren izateko? Non egongo lirateke hori esan izan banie? Eta Anne Erauskin non egongo litzateke? Hamargarren izateko proiektu bat egingo bagenu, Gipuzkoako jokalaririk onenak joan egingo lirateke. Beste batzuek jokatuko lukete, baina taldea amateurragoa izango litzateke. Hori nahi dugu, jakinda gorenean ari garela?».
Ez dute asmorik atzera egiteko, baina lanean ari dira pitzadura konpontzeko. Hala, Garmendiak azpimarratu du duela bi urte diru inbertsioa egin zutela, eta bigarren taldea sortu. Espainiako Zilarrezko Mailan ari da talde hori, hots, hirugarren koskan. «Talde hori sortu genuen inguruko jendea etor dadin, lehen taldearekin entrenatzeko aukera izan dezan, eta baita jokalari horiek inoiz deialdiren batean egon daitezen ere. Jon Begiristain da lehen entrenatzailea, eta Imanol Alvarez haren laguntzailea. Hau da, trukatu egiten dituzte lehen taldearen ardurak. Horrek agerian uzten du arreta jarria dugula horretan».
Garmendiak «pazientzia» eskatu du. «Talde horrek bi urte baino ez ditu. Gainera, nahiz eta berrehun haur izan harrobian, agian bi baino ez dira iristen. Elene Fresco, Oihana Murgiondo, Eider Tapia, Naroa Zabala... Badaude kontuan hartzeko jokalariak. Baina prozesu bat behar da».